detalle dokuteka-generico-fitxa

Belkroaren belaunaldia

Hori asmakizuna belkroa! Umetan, zapatilen lokarriak ixteko korapiloa egin behar izatea bera zen korapilo ederra; belkrodunekin, ordea, di-da, azkar. Ona al da, ordea, dena azkar egite hori?

 Gutxiegi hitz egiten da horretaz. Belkroak eragin duen kalteaz, esan nahi dut. Lehen, aita edo ama makurtzen ziren gure ondoan, eta zapatetako lokarriak lotzen zizkigutenean, une hartan sortzen zen ikusizko kontaktua eta gertutasuna aprobetxatzen zuten gurekin hitz egiteko: maite gintuztela gogorarazteko. Keinu horretan nire gurasoak behar baino gehiago luzatzen ziren, eta musu batez, besarkada batez edo flekilloa txukunduz amaitzen zuten eguneroko ataza xume hura. 

Batzuetan ahaztu egiten zaigu: desira hutsa garela. Nora demontre goaz hain arin? Nor engainatu nahi dugu agenda estu horrekin, hain antolatutako bizitza horrekin? Azken finean, bultzada irrazional baten emaitza baino ez gara. Edozein unetan espero ez dugun kolpe batek gure bidea aldarazi dezake. Dino Buzattiren Las noches difíciles liburuko mikroipuin batek bat-bateko maitemin baten istorioa kontatzen digu: gizon bati bere bihotzak ziurtatzen dio metroan alboan daukan neska ezezaguna dela bere bizitzako emakumea; buruak, ordea, ohartarazten dio horrelako pelikula moduko amodio-kontuek arratsaldea zapuztuko lioketela. Joan behar du ezin saihestuzko hitzordu batera, eta gero badu pilates; ez omen du astirik “lelokerietarako”. Emakumeak ere begiratu dio konbentzimendu berberarekin, harridura berberarekin, eta tamalez, nagitasun berberarekin. «Ekiozu oraintxe ligatzeari, eta eguna eginda daukazu», esan dio segur aski bere buruari, eta hurrengo geltokian jaitsi da presaka. 

Honelako gauzetan pentsatzen dut MasterChef programako minutu batzuk ikusten ditudanean. Parte-hartzaileek plater konplexuak prestatzeko berrogeita hamar minutu besterik ez dute, eta denbora amaitzean, besoak altxatu behar dituzte. Lasterketa bat dirudi. Nire birramonaren etxeko bazkaria, aldiz, orduak eta orduak su motelean pasatzen zituen kazola zahar batean prestatzen zen. Amparo birramamaren egosiek zapore paregabea zuten. Abiadura, dirudienez, gero eta telebista-programa gehiagotan sartzen da. Eta ez soilik entretenimendukoetan. Gaur egun, tarta bat egitea edo soineko bat jostea estres-proba bihurtu dute. Baita, ustez, gaurkotasuna patxadaz eta sakontasunez jorratzen duten saioetan ere: “59 segundo” besterik ez duzu zure iritzia emateko. Produktua erakargarriago bihurtzen duen faktoretzat hartzen da, baina, funtsean, geure bizitzari ere modu pertsonalean aplikatzen diogun prezipitazioaren isla da. “Belkroaren belaunaldia” gara: berehalakotasuna dugu balio gorena. 

Egilea: Aster Navas. Zuzeu.eus. 2025/06/15 (moldatua) 

HIZTEGI LAGUNGARRIA 

Zapatetako lokarriak. Sokak, oinetakoak lotzeko zintak. 
Ikusizko kontaktua. Elkarri begietara begiratzea. 
Arratsaldea zapuztu. Hondatu, izorratu. 
Nagitasun berbera. Lanerako edo egin behar diren gauzetarako gogorik eza. 
Balio gorena. Balio nabarmenena, bikainena, garrantzitsuena. 

 

detalle2

Docuteca

C1
12-11-2025

x61pRelaContWAR

38460918

x61pViewCountWAR

1110

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR