Dokuteka
Gazteek, gero eta hiztegi murritzagoa
Euskararik txarrena, egiten ez dena. Gazteen euskara traketsa dela esaten dugu askotan, baina, agian, hori baino txarrago litzateke gazteek uko egitea euskarari.

Ohikoa izan da beti gazteen edo belaunaldi berrien hizkerari kritika egitea, “garai batekoa” hobea zelakoan. Gure kasuan, gainera, gazteek ez ezik, pisu handia hartzen dute hizkuntzara heldu berri direnek ere, euskaldunon portzentaia handia baitira. Ondorioz, inoiz baino “euskaldun” gehiago dira beste hizkuntza batean trebeagoak. Horren arriskurik larriena, ordea, ez da euskara “kaskartzea”, euskarari uko egitea baizik.
Hizkuntza ez erabiltzeko arrazoietako bat txarto egiteko beldurra izan daiteke. Gurea bezalako hizkuntza gutxituetako hiztunek eskapada erraza dute, inork gutxik kritikatzen baititu gaztelaniaz, frantsesez edota ingelesez trakets egiteagatik, eta hizkera aberasten eta egokitzen joateko baliabide ugari dituzte eskura. Izan ere, gaitasun komunikatiboa ez da soilik eskoletan eskuratzen, ezta euskaltegietan ere; bizitzaren esparru guztietan ikasten da, eta azken aldian batez ere pantailetan. Hizkuntza hegemonikoek era guztietako egoera komunikatiboak dauzkate grabatuta (benetakoak nahiz fikziozkoak) eta horrek etengabe hizkuntzarekiko kontaktu zuzenean egoteko aukera ematen die hiztunei, eta erregistro guztiak lantzeko ere bai. Erdarazko input kopuru ikaragarria jasotzen dugu guztiok, arnasguneetakoek zein estuguneetakoek eta, ondorioz, hiztun trebatuak gara erdaretan.
Horregatik, ezinbestekoak ditugu ikus-entzunezko materialak, kultur ekoizpen nahiz komunikabideetakoak edo errealak. Ondoren, ahozko eredu egoki eta ugari horiek fokuen aurrean jarri behar ditugu eta ondo sustatu, hizkuntza forma erakargarriak begi-belarrietatik sar daitezen. Hori guztia egin behar dugu, bai, baina batez ere, hizkerak kritikatzeko ohitura hori amaitu egin behar da. Ez da boli gorrien garaia, mese!
Irudia: chatGPT
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Hiztegi murritza. Hiztegi txikia, estua, mugatua. |
