Euskaldunak Everesteko tontorrean: 45. urteurrena

1980ko maiatzaren 14an, Everest mendiaren tontorrera iritsi zen, lehendabizikoz, euskal espedizio bat. Gailurra Martin Zabaletak eta Pasang Temba xerpak zalpaldu zuten, baina lorpen kolektibo gisa ospatu zuen euskal gizarteak.

Euskadi Irratiko Faktoria saioan, gogoan izan dute Everesten tontorrera iritsi zen lehen euskal espedizioa. Duela 45 urte gertatu zen. Bigarren saiakera zen, 1974an, Tximist espedizioa gailurretik 300 metrora geratu ondoren.

Audio honetan, egun haren kontakizuna berregin du Maitane Subijana kazetariak, eta protagonisten oroitzapenak ere jaso ditu.

 

Argazkia: Martin Zabaleta

 

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Arantza horri helduta. Aurretik lortu ez izanaren minak sortutako motibazioa adierazten du.

Gogor entrenatzeko beta. Lan handia eginez, ondo prestatzeko tartea.

Gailurretik 600 m eskasera. Tontorera iristeko 600 metro bakarrik falta zirenean.

Mugarria ezarrita. Gertaera berezi bat edo helburu bat lortu dela esan nahi du. Mugarriak une garrantzitsu bat adierazten du testuinguru honetan.

Bazen zerbait. Egindakoak garrantzia zuen, ez zen txikikeria bat.

 


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Aurkezlea. 1980ko maiatzaren 12a zen. Hamabi euskal mendigoizaleko taldea abiatu zen, xerpen laguntzarekin, munduko mendirik garaienean ikurrina jartzeko helburuarekin, mendian gora. Bigarren ahalegina zuten, sei urte lehenago, 1974an, Tximist espedizioak egin baitzuen saiakera, baina 300 m-ren faltan geratu ziren, eguraldi zakarrak ez baitzien lagundu. Ordura arte lau herrialdek baino ez zuten gailurrera igotzea lortu: britainiarrak, suitzarrak, indiarrak eta estatubatuarrak izan ziren. Baina arantza horri helduta, abiatu zuten bigarren saiakera. 

Ordurako, prestatuago zeuden euskal espedizioko kideak. Gogor entrenatzeko beta izan zuten, eta materialek ere garapen handia izan zuten. Arinagoak eta teknikoagoak ziren. Maiatzaren 13an, gailurretik 600 m eskasera, indarrik gabe hasi ziren sentitzen hainbat kide, eta kanpalekurako bidea hartu zuten hainbatek. Eta biharamunean, Martin Zabaleta eta Pasantenba xerparen txanda iritsi zen.

Martin Zabaleta. Aber, aber (Ea, Ea). Hemen gaude goian, tripodearen ondoan. Gora Euskadi askatuta! Gora Euskadi antinuklearra! Azkenean ailegatu gara. Cambio (Txanda).

Aurkezlea. Eta orduan bai, duela 45 urteko maiatzaren 14an, arratsaldeko 15:30 aldera iritsi ziren eta jarri zuten, orduan lehendakari zen Karlos Garaikoetxeak eman zien ikurrina, munduko gailur altuenean. 

Martin Zabaleta. Hamabi ordu kosta(tu) zitzaigun gora igotzea, kondizio(ak) oso txarrak zeudelako, elur handia (asko), eta oxigeno guztia bukatuta daukagu (geneukan), biok; ez genuen oxigenorik.

Aurkezlea. Euskal Herrian sekulako oihartzuna izan zuen albisteak. Ordura arte lortu gabeko mugarria ezarrita, pozak hartu zuen Martin bera ere. 

Martin Zabaleta. Poz handia. Ilusio handia. Euskal Herrian izan zen kriston (sekulako) poza, festa. Eta pozten naiz. 

Aurkezlea. Mendizaletasunaren lorpena baino gehiago izan zela adierazi izan du, gerora, espedizioan izan zen Felipe Uriarte mendizaleak ere. 

Felipe Uriarte. Herri txiki bateko ikurrina Everesten gailurrean egotea bazen zerbait. Oraindik Herrialde asko ez ziren bere ikurrina Everesten gailurrean jarri zutela (zutenak). 1985(era) arte, gutxi gorabehera, nazio guztiek nahi izan zuten bere ikurrina Everesteko gailurrean ipini, eta hori nik uste dut herriak horrela sentitu zuela.

Aurkezlea. Gaur bete dira 45 urte euskaldunek lehenbizikoz Everesten ikurrina astindu zutenetik.

B1
15-05-2025
31736768
00:03:17
680