Musikak batzen gaitu
Musikak sortzen dituen emozioak unibertsalak direla uste izan da; pertsona guztioi berdin eragiten digula musikak. Kulturen artean antzekotasunak daude, bai, baina beste era batekoak dira.
Uhin Ultramoreak Podcastean, musikaren unibertsaltasunaz aritu dira Ana Galarraga Aiestaran eta Alaitz Ochoa de Eribe. Munduko 315 kulturatako abestiak aztertuta, zer partekatzen dugun argitu ahal izan du ikertzaile-talde batek. Adibidez, ikusi dute kultura guztiek oso antzeko helburuetarako erabiltzen dugula musika. Zertarako jakin nahi baduzu, entzun elkarrizketa.
Irudia: Unsplsash
HIZTEGI LAGUNGARRIA Elementu komun. Guztiek dituzten elementuak. Adi!, "komun izan" da forma zuzena, eta ez "komunean izan". Musika bokala. Ahotsarekin bakarrik (koroa), edo ahotsa instrumentuaz lagunduta egindako musika. Nota-segida. Bata bestearen atzean doazen notez osatutako multzoa. Tartean behin. Noizean behin, tartean-tartean. |
Esataria 1: Uhin ultramoreen begirada. Begirada horrekin aztertuko dugu gaurko gaia. Esan dugu dela?
Esataria 2: Musika.
Esataria 1: Musika! Musika alai pixka bat jarriko dugu, Egoitz? Egoitz da hemen musikak sartzen dituena…
Esataria 2: Baina suabe, e? Bestela oso erraz etortzen gara gu gora. Aber (Ea), Egoitz, zer jartzen duzun. Poliki…
Esataria 2: Horrela bai, horrela bai. Aizu, Alaitz. Gu ados gaude doinu hau alaia dela, ezta? Baina kultura guztietan berdin ulertuko al dute? Denei irudituko al zaie alaia? Ze(ren) musikak sortzen dituen emozioak unibertsalak diren ala ez, hori izan da gaietako bat, ezta?
Esataria 1: Asko gustatzen zaigu esatea musika hizkuntza bat dela, eta hizkuntza unibertsal bat, denok ulertzen duguna… Baina egia da denok berdin ulertzen dugun ala ez, igual (agian) izango dela gehien ikertu den gauzetako bat, ezta? Keinuekin ere gertatzen da. Nahiko zabalduta zegoen ustea zen keinu batzuk unibertsalak direla, baietz esateko burua goitik behera mugitzea, adibidez. Eta segun eta nora zoazen… (Baina toki batera ala bestera joan…)
Esataria 2: Ya (Egia)! Auskalo zer esan nahi duen horrek!
Esataria 1: Bai, bai, bai. Bueno, ba(da) keinuak unibertsalak ez diren bezala (ere), ikertu da ea musika… musikak sortzen dituen emozioak edo interpretazio horiek unibertsalak diren ala ez.
Esataria 2: Eta bai. Zer emozio sortzen duen ez da unibertsala, baina badaude elementu komun batzuk, eta kultura guzti-guztietan azaltzen direnak. Ondorio horretara iritsi dira Science-n argitaratu zen ikerketa zabal batean, orain arte egin den handienean. Eta hor musika bokala aztertu dute. Horregatik esan dizut, zu honetan aditua zarenez…
Esataria 1: Bai, nik bezain ondo kantatzen duen jendearen kantak aztertu ziren, ezta?
Esataria 2: Batez ere hori delako musikaren oinarria, ez?
Esataria 1: Bai. Alegia, kultura desberdinetan gauza antzekoetarako erabiltzen dugu musika, ezta?
Esataria 2: Hori da. Hori da ikusi zutena. 315 kulturatako kantuak aztertu zituzten, eta lau testuinguru ziren. Zein ziren?
Esataria 1: Ba(da), beitu (begira), dantzarako musika. Ze(ren) zertarako nahi dugu musika dantzarako ez bada, ezta? Ezin badut dantza egin, ez da nire iraultza, eta ez da nire musika! Beste erabilera bat. Hau nik zalantzan jartzen dut, baina jendeak erabiltzen du sendatzeko. Beharbada musikak sendatuko du norbait.
Esataria 2: Bai.
Esataria 1: Maitasunezko musika, eta sehaska-kantak.
Esataria 2: Bai, sehaska-kantak bai.
Esataria 1: Bai, sehaska-kantak da burura etortzen zaizun lehena. Zuk zertarako kantatzen duzu? Umeak loarazteko.
Esataria 2: Bai, bai. Ba(da) musikarekin badago beste kontu polit bat, eta da musika entzuten ari garenean, gehien gustatzen zaiguna sorpresan (ustekabean) harrapatzea dela. Baina ez maizegi, eta ez gehiegi.
Esataria 1: Sorpresa bai, baina gutxi.
Esataria 2: Hori da, bai. Nota-segida bat entzuten ari garenean, gustatzen zaigu asmatzea ze(in) nota datorren hurrena. Baina aspertu egiten gara beti asmatzen badugu. Eta beti sorpresa hartzen baldin badugu, berriz, eta ez badugu sekula asmatzen ere, ez zaigu gustatzen, ze(ren) ez dugu harrapatzen hau nondik nora doan.
Esataria 1: Hortaz, gustatzen zaiguna musikarekin, eta baita ere hemen ateratzen ditugun ikerketa eta informazio zientifiko hauekin ere, izaten da asmatzea…
Esataria 2: Bai. Eta arrazoia edukitzea, Einsteinek bezala.
Esataria 1: Bai. Eta tartean behin ezusteko bat hartzea, eta esatea: begira! begira, ttak.