Posizionatzeaz
Onintza Enbeitaren iritzi-artikulua posizionatzeari edo zenbait gairen inguruan lerratzeari buruz. Zu bustitzen zaren horietakoa zara?
Galiziako aktore bat entzun dut telebistan bere ustez justuak diren kausetan lerratzearen inguruan berbetan. Esan omen zioten behinola, hobe zuela iritzirik ez eman: aktorea izateko guztiekin ondo konpondu beharko zuela. Berak dioenez, baina, daukan adinean, asko ez bada ere, apur bat posizionatzea derrigorra zaio. Inguruko askorekin izan dudan eztabaida edo gogoeta gaia da. Bistan dago ni non kokatzen naizen, ze ia beti busti naiz behar baino gehiago. Kontua da ea zergatik ez dugun egin behar. Batez ere, kontuan izanda hemen batzuk garela bakarrik gure iritzia erakusteko beldurra daukagunak. Azken batean, aktore galiziar bat Amancio Ortegak eraiki nahi duen zelulosa fabrikaren kontra agertzea da arazoa. Alde balego, ez luke arazorik izango. Euskal Herrian eta munduko bazterrik gehienetan ere, injustizien kontra agertzen garenean sortzen zaizkigu arazoak. Dagoena defendatzen baduzu, ez da ezer gertatzen.
Ez dezagun geure burua engainatu, ordea: ustez inon posizionatzen ez direnak dira gehien posizionatzen direnak.
Azaleko irudia: Bruno, Pixabay