Basoan etxean bezala

Basoan etxean bezain eroso egoteko edo bizitzeko beharrezko tekniken ezagutza da bushcraft-a. Izan ere, zenbait pertsonek zaletasun hori daukate: basora joan eta han egonaldiak egitea. Hori bai, basoari eta naturari kalterik egin gabe.

Kontzeptu hori zer den eta elkarte gisa zertan diharduten azaldu du Basque Bushcraft Society elkarteko Asier Errastik Euskadi Irratiko Amarauna saioan.

 

Audioa osorik entzun nahi izanez gero, hemen klikatu.

 

 

 

 

Irudia: Uwe Mücke, Pixabay

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Mendi-buelta egiteko. Mendi-itzulia egiteko, mendira joan eta handik etortzeko.  

Elkarte baten eskutik joan. Elkarte baten bidez jakin, ezagutu.

Gaitasuna. Zerbaitetarako trebetasuna.  

Jakitun gehienak. Aditu gehientsuenak, aditurik gehienak.  

Zuenak. Zuena denak, zuena den elkarteak, alegia.   

Tontorretara heltzea. Mendi gailurretara iristea.  

Ahalik eta arinen. Lehenbailehen, ahalik eta azkarren.   

Nola batu sua egiteko. Nola bildu, jaso sua egiteko beharrezko materiala. 

 


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Esataria 1. Mendi-buelta egiteko asmoa dugu orain, baina ezohiko buelta izango dela esango dugu, Maddalen Otermin.  

Maddalen Otermin kazetaria. Bai. Izan ere, Basque Bushcraft izeneko elkarte baten eskutik joango gara. Hasteko, bushcraft zer den zehaztu beharko genuke. Eta aire librean, ingurugiroa kutsatu gabe bizitzeko gaitasun- edo ezagutza-multzoa da. Eta helburu horrekin ibiltzen den euskal elkartea ezagutuko dugu jarraian.  

Esataria 1. Asier Errasti, elkarte horretako kidea da. Egun on, Asier.  

Asier Errasti (Basque Bushcraft). Egun on.  

Maddalen Otermin. Zer egiten duzue, Asier? 

Asier Errasti. Ba begira. Gu berez, guk bilatzen duguna da basoan bizitzea edo egonaldiak egitea. Gehiago ez, ze(ren) bizi, bizi, oraindik ezin gaitezke bertan bizi. Eta gure ezagutzak eta teknikak baliatuz, ahalik eta erosoen eta seguruen egotea basoan.  

Maddalen Otermin. Baina esan dugu, beti ere natura errespetatuz…  

Asier Errasti. Bai. Bai. Bai. Noski!  

Maddalen Otermin. Australiatik datorren kontzeptua da, Asier.  

Asier Errasti. Ba bai, Australiatik etorriko litzateke, nahiz eta gaur egun Estatu Batuetatik eta Ingalaterratik eta Europa Iparraldetik datorkiguzen (datozkigun) bideo eta jakitun gehienak. 

Esataria 1. Asier, norbaitek esan dezake: “Baina hau da azken batean ia herri guztietan dagoen mendi-elkarte bat. Txangoak, irteerak proposatzen ditu“… Zuenak zer dauka diferentetik?        

Asier Errasti. Mendi-elkarte batek bere helburua nik uste daukala, ez?, ba mendi desberdinak ezagutzea, tontorretara heltzea, erakustea jendeari ba nola erabili mendiko material hori, ez?, eta gero etxera bueltatzea. Askotan konfunditzen (nahasten) gaituzte bizi-iraupenarekin. Bizi-iraupenak daukan helburua da ingurune arrotz edo natural batetik ahalik eta arinen ateratzea eta etxera bueltatzea. Gure helburua da basoan geratzea, zerbait esateko. Eta horretarako teknika eta lanabes desberdinak erabiltzen ditugu. Hori erakustea eta zabaltzea eta elkar-banatzea da gure, gure helburua. 

Maddalen Otermin. Asier, modan jarri dela esan daiteke? Ze(ren) kirol-denda handietan supervivencia (bizi-iraupena) edota bushcraft atalak jarri dute [dituzte] euren saltokietan, eta bertan sokak, motxilak, prismatikoak, labanak eta horrelakoak saltzen dituzte.  

Asier Errasti. Bai. Guk bai garbi dugula pandemiaz geroztik mundu hau pixka bat bai zabaldu dela, eta bista gainean jarri zaiola, ez? Eta klaro, ba bai. Denda handi horrek ba bai, ikusi du nola behar badaukan… Ba igual ba… 

Maddalen Otermin. Publikoa baduela.  

Asier Errasti. Publikoa baduela eta harrera baduela eta bueno, atera du linea bat.  

Maddalen Otermin. Bai, ze(ren) produktu horiek ez dira berriak.  

Asier Errasti. Ez. Ez. Ez dira berriak. Dira ba interpretazio berri bat, edo bueno, sinplifikazio bat.  

Esataria 1. Eta Asier. Iparrorratza eta GPSa, adibidez, bai ala?… 

Asier Errasti. Bai. Bai. Noski! Lagunduko dizun edozerk. Azken finean, erosotasuna  lortzeko segurtasuna ezinbestekoa dela (da). 

Maddalen Otermin. Teknikak partekatzea. Hori izango da nolabait zuen helburu nagusienetako bat.  

Asier Errasti. Bai. Bai. Bai. Egin genuen ja(da) tailer bat, tarparen (tarp-aren) eta bere erabilerak azaltzeko uztailean. Orain, justu, irailean daukagu orientazio-tailerra. Eta noski, azaltzen dira nola erabili iparrorratza maparekin, bai GPSa ere bai, eta baita seinaleak, ba eguzkiaren bidez jakitea iparra non dagoen, izarren bitartez ere bai… Horrelako gauzak lagunduko digutenak mendian ez galtzen. Suaren erabilera ere bai, gauza oso garrantzitsu bat daukan arriskuagatik. Nola batu sua egiteko materialak, nola piztu eta mantendu eta nola itzali guztiz ondo.   

B2
15-11-2022
29846967
00:03:44
2668