Aberatsek autorik ez
Gaur egun kotxea edukitzea pobreen gauza omen da, garai batean ez bezala... Gizartean maila goreneko izatearen erakusle zena, egun pobreen kontua omen eta, hala, aberatsenen artean kotxerik ez edukitzea joera bihurtu da.
Andoni Egaña aberats eta pobreen arteko tarteaz eta arrakala horren ezaugarriez aritu da bere Atzekoz aurrera zutabean.
Irudia: Wikilmages, Pixabay
HIZTEGI LAGUNGARRIA Aitona zena. Kasu honetan, aitona jada hilik dagoela adierazi nahi da. Zena: garai batean izandakoa. Entzunaren entzunez. Behin eta berriro entzun izanaren ondorioz. Begi bistakoa izan. Zerbait (egoeraren bat, jokaeraren bat...) oso agerikoa, nabarmena izan. Arrastoan jarri. Bidea, joera edo norabidea erakutsi, pistak eman. Premiazkoa izan. Behar beharrezkoa, ezinbestekoa izan. Denik eta sare onena izanda ere. Munduko sarerik onena izanda ere (berdin du zenbaterainokoa den) ez da aski izango. |
Andoni Egaña
Oraingo tren da tranbi
eta automobil
Hitza ere noranahi
alanbrean dabil
Lengo bidez gezurra
besterik ez dabil
Hori da familia transmisioz jaso dugun bertsoetako bat.
Aitona zenak kantatzen zuen, osaba zenak ere bai, eta bilobok entzunaren entzunaz ikasi egin genuen. Polita da telefonoaz egiten den definizioa, ezta? “Hitza ere noranahi alanbrean dabil” eta tranbiak eta autoak aipatzen dira nobedade gisan. Normala.
Azken egunotako berria da; geroz eta kanpotar gehiagok erosten du etxebizitza Donostian. Frantziarrak eta estatubatuarrak dira joera dutenak nagusiki. Baina ez dute edozein etxebizitza erosten. Erosten dute, erdigunean. Seguraski, jubilatu ostean bizitzeko erosi dutelako eta dena gertu izatea garrantzitsua delako adin batetik aurrera.
Erdigunean eta handia, ehun metro karratutik gorakoa: euren lurraldeetan ohituak daudelako hemengoak baino azalera handiagoko etxeetan bizitzen. Erdigunean eta handia; ondorioa begi bistakoa da! Erosten duten etxebizitza garestia izango da: milioi bat euro ingurukoa. Garajerik duen edo ez, ez die hainbeste axola itxura denez, eta detailetxo horrek jartzen gaitu arrastoan…
Autoa izatea aberatsen ezaugarria izan zen, bertso zaharrak jarri zituzten garai hartan. Ez zen aberatsa bera izaten gidatu eta autoa zaintzen zuena, jakina! Horretarako txoferrak, garbitzaileak, mekanikariak izaten zituzten zerbitzuko lanean.
Pobre jendeak ez zuen garai hartan auto-jabe izateko aukera txikienik ere. Gerora, ezagutu dugu autoaren sozializazio-garaia: ia edonork dauka autoa. Baina orain eta gerora, joera bestelakoa da edo izango da: pobreak derrigorrezko izango du autoa eta aberatsak ez du auto-jabe izan nahiko.
Intxaurrondon bizi eta Zizurkilen edo Bidaniako enpresa batean lan egiten duen gazteak autoa premiazkoa izango du, denik eta garraio publiko sare onena jarrita ere. Donostiako erdigunean bizi den aberatsak ez du kotxerik behar izango. Zertarako? Ez du premiarik! Gutiziak soilik ditu eta gutiziatarako merkeago irtengo zaio autoa baino, tarteka taxia. Eta nola orain autoak ez duen maila gorenekoa zarela erakusteko ere balio (eta orain autoak maila gorenekoa zarela erakusteko ere balio ez duenez), utzi autoa, kendu, eta hobe.
Hasierako auto-jabe aberats haien filosofiari eusten dio egungo ez hain aberatsak ere: eraman nazatela!
Donostiako erdigunean, beraz, frantziar, estatubatuar eta kanadar adineko aberatsak biziko dira lasterrera: autorik gabe eta ongi, oso ongi! Metro sarrera bat edukiko dute atarian, beraientzat propio egina bezala. Eta gutiziak urrutixeago mugitzera daramatzanean, abiadura handiko trenari heldu ahal izango diote.
Oraingo tren da tranbi
eta automobil
Pobre ta aberatsen
tartea ez da hil
Mundua ez da aldatu
lehen bezala dabil