Euskaldunok irainetan hankamotz?
Euskaldunok hankamotz al gabiltza irain kontuetan? Garai batean euskara biraorik gabeko hizkuntza zela harro esaten zen. Egun, berriz, batzorderen bat beharko ote dugu irainak sortu eta gizarteratzeko?
Andoni Egaña bertsolariak euskaraz iraintzea izan du hizpide Euskadi Irratiko Amarauna saioan.
Argazkia: Pixabay
HIZTEGI LAGUNGARRIA Urgell-ek honakoa. Aditza elipsian: Urgell-ek honakoa esan du. Ideia ona iritzi nion. "Iritzi nion" horrek nori bat eskatzen du, eta elipsian dago: ondo iritzi nion adierazpenari, esandakoari... Murgiltze-eredu. Kasu honetan, ikas-irakaskuntzan euskara ardatz duen hezkuntza-sistema. Esan-indarraren arabera. Ideia edo esan nahi den hori adierazteko indarraren (handi edo txiki) baitan, arabera. Non eta. Kokapena adierazteko indargarria. Non eta ez: baldintza adierazteko erabiltzen da. Berandu iritsiko naiz, non eta ez badut autobusa hartzen. Potrozorri. Alferra, mutilei edo gizasemeei zuzendua. Gibel handi: Gauzak lasaiegi hartzen dituen pertsona. Handiuste. Bere burua oso garrantzitsutzat duenak izaten du handiustea. Lerde. Ahotik jariatzen edo erortzen den listua, baba edo karakolen lirdinga. Zorne. Zauri batzuek jariatzen duten likido zikina. |
Andoni Egaña bertsolaria. Blanca Urgell-ek honakoa. Euskara batua behar bezala hornitzeko noizko Euskaltzaindiaren irain-batzordea? Ideia ona iritzi nion, beharrezkoa.
Hankamotz gabiltza irainei dagokienez, baina Euskaltzaindiak sortu beharreko batzordea litzateke? Akaso lehenagotik eta beste leku batetik heldu beharreko arazoa da. Azken hilabeteotan euskal hezkuntza-sistema askotan ibili izan da ahotan: murgiltze-eredua, euskara ardatz izango duen eredu eleaniztun bat, eta hau eta bestea. Ongi dago.
Baina ekar ditzagun gauzak lurrera. Umeak, nerabeak, gazteak edo helduak ez du hizkuntza bat hobesten eta bestea alboratzen gaiztakeriaz edo gutiziaz. Hobesten du edo alboratzen, bere buruari hizkuntza jakin horretan sumatzen dion esan-indarraren arabera. Bere pentsamenduak eta sentimenduak zein hizkuntzatan hobeto adieraziko, hartara joko du. Naturala da. Eta hor egingo du topo irainekin.
Ongi botatako irain batek izugarri asebetetzen zaitu; baliagarria da oso, lasaigarria den heinean. Baina gure tradizioak asko landu ez duen alor bat da. Harro esaten zen lehen euskaraz ez zela biraorik. Eta oso motz geratzen gara euskaraz inor iraintzeko garaian, eta beste hizkuntzetara jotzen dugu ondorioz.
Eskolak irakatsi behar luke iraintzen? Non eta. Murtzian edo Bordelen, ez. Han gaztetxoek kalean ikasten dute nor nola iraindu. Hemen, ordea, kalean nekez ikasten da hori. Hezkuntzak hartu behar du bere gain zama. Nahiz eta bere semea edo alaba iraintze-eskoletan ari dela jakitean guraso bat baino gehiagok sekulakoak armatuko lituzkeen.
Guk tradizio urria dugunez, sormenetik jo beharko dugu iraintzen trebatzeko. Tradizioak eta senak esaten digute hitz-elkarketarako hizkuntza oso egokia dela euskara. Eta hitz-elkarketatik sortuak dira irain asko: potrozorri, gibel-handi, xanko-mehe (zango-mehe), handiuste, txoriburu, tontolapiko, txitxiburduntzi, pokopazientzi…
Sormenerako ere jo dezakegu hortik. Imajinatzen dut. Eskolan arbelean irakaslea zerrenda batean nazka ematen diguten gauzak idazten: lerde, zorne, kaka, behazun, muki… Eta pareko beste batean multzo adierazten dutenak: pila, mordo, zaku, container… Ikasleek zerrenda bateko eta besteko hitzak gurutzatzea baino ez dituzte egin beharko irain berri eta ulergarri mordoa sortzeko: lerde mordo, zorne-zaku, kaka-container, behazun pila… Edo lerde pila, kaka mordo, muki-zaku, zorne-container…
Ariketa polita da, e? ez didazue ukatuko. Ordu-erdian hogeitaka irain, berriak, sortzeko ahalmena dugula erakusten digu behintzat. Eta hizkuntza batean ongi iraintzen dakienak nekez joko du beste batera.
Off ahotsa. Aurrekoz atzera, Andoni Egaña.