Aitonak haur bihurtu nahi zuen

Laurogeitaka urteko aitonak haur bihurtu nahi du. Horretarako litxarreria-denda batean sartu eta esperimentua egingo du.

Entzun nola lortzen duen hori, Andoni Egañak Euskadi Irratiko Aurrekoz atzera saioan kontatuta.

 

 

 

 

 

Irudia: Pixabai

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Sartu da laurogeitaka urteko gizonezko edadetua. Laurogei baino urte batzuk gehiago zituen gizonezkoa. Gaztelaniazko ochenta y tantos. Horrela, hogeitaka, berrogeitaka, hirurogeitaka, eta abar, baina, berrogeita hamarretik gora: berrogeita hamarretik gora liburu daude, adibidez. 
Gominola eta gainerako litxarkeriez bete ditu poltsak. Gominola eta beste(lako) litxarkeriez bete ditu poltsak. 
Harengandik ikasi zuen ume-aroa ez zela bizitzaren lehen etapa. Norengandik ikasi. Horrela, amarengandik ikasi edota aitarengandik ikasi. Esaterako: irakasle harengandik ikasi zuen ofizioaz zekien guztia. 
Ganbelua. Gamelu hitza egokiagoa da animalia izendatzeko. Hala ere, ganbelu hitzak esanahi bikoitza du, horrela esaten baitzaie lagunartean pertsona kirten edota inozoei. 
Euskaraz heldu hitzak duen polisemiak lagundu zion ulermenean. Polisemia esanahi bat baino gehiago dituen hitzari esaten zaio. Horrela, heldu hitzak, esaterako, esanahi bat baino gehiago ditu: toki batera iritsi edota adin batera ailegatu, nagusi izatera heldu, alegia. 
Haurrak helduarena egiten eta helduak haurraren papera jokatzen. Helduarena egin: helduaren papera jokatu. Horrela, tontoarena egin, ez ikusiarena egin, eroarena egin... 
Baina nola ez zen mozorrotu inor ez zen jabetzen. Baina mozorrotu ez zenez, inor ez zen jabetzen.


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Aitonak haur bihurtu nahi zuen 

Esataria: Aurrekoz atzera. Andoni Egaña. 

Andoni Egaña: Sartu da laurogeitaka urteko gizonezko edadetua litxarreria-denda batera. Nekez, herrenka eta esku dardartiz plastiko fin-fin horiek ezin irekiz, bete ditu poltsatxo garden batzuk mota, kolore eta forma guztietako gominola eta gainerako litxarkeriez. Mostradorean, kobratu zain dagoela, aurrekoak hala esan dio: suerte galanta daukate gaur zure bilobek. Kobratzaileak ere gauza beretsua: zuen etxeko txiki-jendea ez da gaur haserre izango. Ordaindu ondoren, denda-sarreran gurutzatu duen beste batek ere ezin izan du, plastiko-poltsa gardenari begira, isilik egon: a ze festa gaur mukizuren batzuek; maiteko dute berriz ere aitona…! Asebeterik irten da agurea litxarreria-dendatik. Ez dauka bilobarik. Gominolak ez dira umeentzat. Esperimentu bat egin nahi zuen; eta egin egin du, besterik gabe.  

Duela ia hogei  urte, jubilatu zenean, hasi zen filosofia irakurtzen. Kosta egin zitzaion hasieran, baina gustua hartu zion gero. Batez ere doministiku izena eta izaera zuen Nietzsche hari. Harengandik ikasi zuen ume-aroa ez dela bizitzaren lehen etapa, azkenekoa baizik. 

Ganbelua, lehoia eta haurra; hiru etapa bereizten ditu giza bizitzan filosofoak. Pertsonek, ganbeluek bezala, bestek ezarritako legearen zama jasan behar izaten dute bizitzaren lehen aroan. Lehoi bihurtzen dira gero, helduaroan, zama astun hori gainetik kendu eta  menpekotasunetik autonomiarantz eginez. Baina ez da hor bukatzen gizakiaren ibilia. Azken urrats bat eman beharra dauka: ume bihurtu behar du. Ez dauka bere nortasuna autoafirmatu beharrik, ez dio libre dela bere buruari erakutsi behar, izan eta kito. Ongi ulertu zion hori aitonak Nietszcheri. Erdaldunek baino hobeto. Euskaraz heldu hitzak duen polisemiak lagundu zion ulermenean. Heldutasuna da askatasuna. 

Inauteri igandea zen eta mozorroturiko jendez beteta zegoen denda-atariko parkea, haur eta guraso, denetik, baina azal-mozorroak baino ez ziren. Haurrak helduarena egiten eta helduak haurraren papera jokatzen; azaletik baino ez, ordea. Berak hiru etapak bete zituela sentitzen zuen: izan zen ganbelu, izan zen lehoi, eta orain, azken etapan, lortu zuen haur izatea, baina nola ez zen mozorrotu inor ez zen jabetzen, berdin zion.  

Gominola-poltsekin zer egin ez zekiela zebilen, ez zituen berak jango, hortzadurari itsatsiko zitzaizkion eta. Ez zizkion haur bati emango, gaur egungo guraso mozorrotuak serioegiak baitira ezezagun baten eskutik datozen opariak onartzeko. Azkenean, txoko garbi samar batean utzi zituen, lurrean. Eta barrez alde egin zuen handik, bere buruari barrez, txorakeria galanta egin zuen, baina horixe zen egin nahi zuena, ume sentitu zen, zoriontsu.

C1
14-03-2022
29272772
00:04:15
762