Zerk du eragina argindarraren fakturan?

Goiener energia-kooperatibako kide den Agurtzane Allurrek argindarraren fakturari buruzko hainbat argibide (ordutegi-tarteak, potentzia…) emango dizkigu EITBko Faktoria irratsaioaren bidez, baina alarmismoan erori gabe, alegia irratiko entzuleak beldurtu barik.

Argindar-faktura berriaren zertzeladak jakiteko hurrengo audio-pasartea entzun.  

Audio osoa entzuteko klik egin hemen.

 

 

 

Argazkia: Pixabay

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA 

Fakturak gora baino ez du egin. Fakturak gora egin du; ez besterik.  

Dela elurteak eta ekaitzak izan direlako, dela CO2-ri ezarritako ba prezioarengatik... Dela… dela… Alegia, bai elurteak eta ekaitzak izan direlako, bai CO2-ri ezarritako prezioarengatik… 

Faktura berria indarrean sartu da. Hau da, legearen arabera faktura berria abian edo martxan jarri dela.  

Norbanakoak ez du ezer egin behar aldaketara atxikitzeko. Norberak, kontsumitzaileak alegia, ez du ezer egin behar aldaketa onartzeko, automatikoki ezarriko zaio.  

Eguna alde batetik. Alde batetik, gaua ez den egunaren beste zati guztia.   

Erlojuaren arabera lirateke haraneko orduak. Ordutegi-tarifaren arabera merkeenak diren orduei deitzen zaie haraneko orduak.  

Banatzaileak ematen dizkigun. Energia banatzen edo saltzen duen enpresak alegia.  

Prezioak baretuko direlako. Salneurriak merkatu, gutxitu edo apalduko direlako.   

Non eta faktura garestitzerik ez dugun nahi. Ez baldin badugu faktura garestitzea nahi.      

 


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Esataria. Urtea hasi denetik argindarraren fakturak gora baino ez du egin. Dela elurteak eta ekaitzak izan direlako, dela CO2-ri ezarritako ba prezioarengatik... Bada argindarraren prezioak goia jo duen honetan argindarraren faktura berria indarrean sartu da. Estatu espainiarrean 19 milioi erabiltzaileren faktura % 3,4 merkatu daitekeela diote adituek, 200 eta 300 euro artean urtean gutxiago. Baina horretarako zertan aldatuko den argindarraren faktura ondo antzematen jakin behar da.  

Eta horretan laguntzeko gerturatu zaigu Agurtzane Allur, Goiener energia-kooperatiboko arretarako arduraduna. Agurtzane, egun on. 

Agurtzane Allur (Goiener). Kaixo, egun on Iñaki eta entzule guztioi.  

Esataria. Aldaketa nagusia begiratu behar dugu. Eta aldaketa nagusi horrek garamatza erlojuari begira egotera, ezta? 

Agurtzane Allur. Ba(da) bai! Baina horren aurretik pare bat gauzatxo aipatu nahiko nituzke. Aldaketa hau denoi eragingo digun aldaketa bat dela eta bueno, norbanakoak ez du ezer egin behar aldaketara atxikitzeko. Hau da automatikoa izan dela. Gero, zuk diozun bezala, bueno, ba etxeko tarifei begira jarriko gara. Eta hemen energia kontsumitzeko, hemendik aurrera 3 denbora-tarte izango ditugula esan nahiko nuke, astelehenetik ostiralera eguna 3tan banatuko duena, garestia bat, erdikoa eta merkea. Eta asteburu eta jaiegunetan, berriz, ordutegi merkekoa.  

Esataria. Um! 

Agurtzane Allur. Eta gero beste alderdia, potentziari ere begiratu behar diogu. Hor, berriro ere, etxeko kasuetan orain arte bakarra genuen, eta hemendik aurrera bi potentzia-tarte izateko aukera izango dugu. Eguna alde batetik eta gau eta asteburu eta jaiegunak bestetik banatuko dituena. 

Horretan esango genuke datorrela aldaketarik garrantzitsuena.  

Esataria. Beraz, 3 tarifa horiek erlojuaren arabera lirateke haraneko orduak… 

Agurtzane Allur. Hori da. 

Esataria. Eta horiek dira asteburu guztia, eta gauerditik goizeko 8ak artekoa. 

Agurtzane Allur. Hori da.  

Esataria. Ordu lauak edo tarteko prezioa goizeko 8ak eta 10ak artean… 

Agurtzane Allur. Bai. 

Esataria. Eta arratsaldeko ordu biak eta 6ak artean, eta 10ak eta gauerdira bitartean.  

Agurtzane Allur. Hori da.  

Esataria. Eta ordurik garestienak goizeko 10ak eta ordu biak artean eta arratsaldeko 6ak eta 10ak artean. Hori kontuan hartu beharrekoa. 

Agurtzane Allur. Bai. 

Esataria. Potentziarena aipatu duzu baita ere, bi zati daudela. Horretan zerbait egin behar du erabiltzaileak edo hori ere automatikoki arautuko da?  

Agurtzane Allur. Orain gertatuko dena da lehen potentzia bakarra, eta orain bi potentzietara pasatuko garen hori automatikoa izango da. Bai? Baina, bueno, hor bakoitzak ikusi behar du komeni zaion dagoen bezala uztea edo ez.  

Aholku batzuk ematen ditugu. Gauean karga gehiago behar den kasuetan bai aholkatzen dugu aldaketa egitea, eta besteetan, berriz, ba beti banatzaileak ematen dizkigun, eskura jartzen dizkigun datuen bidez aholkatzea lehenbizi, eta gero aldaketa egitea. Bai? Baina gauean karga egiten baldin badugu orduan bai komeni zaigula potentzia desberdinak edukitzea. 

Esataria. Zer pisu dauka fakturan kontsumoak? Alegia, ordu-tarteen arabera egingo dugun horrek eta gero potentziak?  

Agurtzane Allur. Bueno, esango genuke aldaketarekin orain argindar-fakturako potentziaren terminoak arnas pixka bat emango digula. Bai? Prezioak baretuko direlako potentzia termino horretan. Aldiz, kontsumitzen dugun energia horrek adiago ibiltzera [ibiltzen] lagunduko digula. Orain arte parte fijoa (finkoa) izan den potentziaren prezioa zertxobait arinduko zaigu, baina bestean adiago ibiltzea, esan dudan modura. Orduan, lehen esaten genuena parte fijo (finko) hori zela garestitzen zuena gehienbat, non eta kontsumo-prezioak nondik nora zihoazen. Orain ba bueno, adiago ibiltzera ekarriko gaitu.  

Esataria. Beraz, komeniko da gauez lisatzea edota gauez garbigailua jartzea, ezta?  

Agurtzane Allur. Ez. Ez gara horretara joango. Ez ditugu entzuleak beldurtuko. Bai, adi ibiltzea gomendatu, baina ez ditugu beldurtuko. Orain arte, lehen ere ordutegi-bereizketa aukerak bazeuden eta ordutegi-bereizketa tarifarik ez bagenuen, bai?, hau da, goizeko 4retan edo arratsaldeko 4retan kontsumo-prezio berbera ordaintzen bagenuen zertxobait hobeto aterako zaigula orokorrean. Orduan, alde horretatik lasaitu gaitezen. Aldiz, Goienerko bazkide askoren kasuan, ordutegi-bereizketa genuenok tarifa berrietara ohitzeko [ohitzera] behartuta gaude, non eta faktura garestitzerik ez dugun nahi.      

B2
09-07-2021
28522685
00:04:50
1469