Bikingoak

Kasko adardunekin ibiltzen ziren iparraldeko gerlariekin lotu izan ditugu beti bikingoak; baina horrela al zen benetan?

Entzungai honetan azalpen interesgarria ematen digu Guillermo Roak bikingoei buruz.

 


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Historialariek askotan aipatzen dute: mito asko ditugu bikingoei buruz. Adibidez, haien kaskoetan ez zuten adarrik jartzen. Bisualki (ikusteko) oso polita da, pelikulentzako-eta. Baina ez dator bat ebidentzia historikoarekin. Ez; ez zuten hori egiten. Beste mito bat izena bera da: bikingo. Herri haiek ez ziren deitzen bikingoak. Bikingo hitza erabiltzen zuten, bai, baina ez zen herriaren izena. Bikingo bat izatea esan nahi zuen esploratzaile eta gudaria izatea. Alegia, itsasoa zeharkatuta egiten zituzten espedizioetan parte hartzea: hori zen bikingoa izatea.  Etxean geratzen zirenak, nekazariak edo abeltzainak edo, adibidez, ba ez ziren bikingoak.  

Ikerketa genetiko handi batek orain ba ideia hori indartu du, hain zuzen ere. Aste honetan argitaratu dituzte emaitzak Nature aldizkarian. Ikerketa genetiko erraldoia da, VIII. mendetik XI. mendera bitarteko bikingoen aztarnetatik egindako azterketa bat. Aztarna asko Eskandinavian bertan hartutakoak dira, nola ez, baina ez han bakarrik. Beste toki askotako aztarnak ere aurkitu dituzte. Aurkitu ez, aztertu dituzte. Noski, bikingoen zabalkundea mende haietan, bueno ba, sekulakoa izan zen, ez? Britainia Handia eta Irlandatik hasita, ba Europa osoa, Europa osora zabaldu ziren. Eta instalatu ziren, gainera. Normandia, horregatik deitzen da Normandia. North-men, iparraldeko jendea nolabait, han instalatu zelako. Euskal Herrian ere izan ziren luzaroan, gure Iparraldeko kostan, Baionatik Hondarribirainoko tarte horretan, adibidez. Eta Baltiko osoan Errusiaraino. Atlantikoan, Portugalen eta abar eta abar. Eta Mediterranioan sartu ziren Itsaso Beltzeraino, eta Danubiotik gora. Toki guztietan izan ziren bikingoak. Eta noski, Islandia, Groenlandia, eta Iparramerikako toki batzuetan ere izan ziren.  

Ikerketa honek hezurrak hartu ditu leku horietatik guztietatik, behintzat hezurrak zeuden tokietan. Ukrain(i)a, Italia, Estonia, tarteko lurralde guztiak ere bai… Eta, tira, leku guztietatik hezurrak hartu eta haien DNA aztertu dute. Iparramerikan, esate baterako, ez. Han hezurrik ez da gelditu, edo ez dute aurkitu. Eta beraz, ezin dute, ezin izan dute hori egin. Baina besteetan bai. Eta DNA aztertuta, emaitzak orain ditugu.  

Emaitzak interesgarriak dira. Orokorrean esan daiteke ba historialariek kontatu digutenarekin bat datozela. Ez da ezustekorik izan. Egon direla ez dakit zer?: ez. Baina xehetasunetan, detaile  txikietan, bai. Harrigarriak izan dira emaitzak.  

Batetik, ez dago nahasketa handirik Eskandinavian bertan. Esan nahi dut, adibidez, Suediakoak eta Danimarkakoak ez daude oso nahastuta haien artean. Gertukoak ez ziren asko nahastu dirudienez. Baina beste kontu bitxi bat topatu dute ikerketa honetan, aipatzeko modukoa. Bueno, emaitza, sekulako emaitzak daude. Baina aipatzeko moduko beste bat nabarmendu nahi dut. Kulturalki bikingoenak diren aztarna askok, alegia, bikingoen hilobiratzeak, edo hilobiratze tipikoak, edo horrelako gauzek, ez dute Eskandinaviako jatorririk. Askok; beste askok bai, noski! Baina askok ez. Norvegian bertan hilobiratutako gorputz batzuk, adibidez, saamiak dira, Siberia aldeko etnia bateko jendea. Beste batzuk, bertan, Irlanda edo Eskoziakoak ziren. Edo beste toki batzuetakoak. Alegia, bikingoa izatea ez zen etnia jakin bateko edo etnien multzo bateko kidea izatea; ez. Nature aldizkariko albisteetan, bueno, titular (izenburu) polita eman dute hori adierazteko. Eta honela dio: “Bikingo izatea ogibide bat zen, eta ez herentziako kontu bat, DNAren ikerketa erraldoi baten arabera.”

Esandakoa. Aspalditik esan dute hori historialariek. Eta kasu egin behar diegu, ez? Bikingoa ez da Eskandinavia eta Danimarkan jaio dena, baizik eta itsasoko espedizio erasokorretan parte hartu dutenak.       

B2
06-11-2020
23090720
683