Ba al duzu kuadrillarik?
Kuadrilla edo lagunartea izateak zer esan nahi duen aipatzen dute irrati-tertulia honetako gonbidatuek. Euskal Herrian, Iparraldean eta Hegoaldean dituzten ohiturei buruz aritu dira.
Batzuentzat oso garrantzitsua da kuadrilla edukitzea. Beste batzuentzat, berriz, kartzela baten modukoa izan daiteke. Iritzi desberdinak dituzte Euskadi Irratiko tertuliakideek.
Askotan, eskola garaiko lagunek osatzen dute kuadrilla. Argazkia: Pxhere
Jon Artano esataria. Josetxo Goia-Aribe saxofoi-jotzaile handiaren musika ekarri dugu, berak jarriko digulako hurrengo puntua gaurko gaian. Entzun ondo belarritik. Hara zer esan zizkion Reyes Ilintxeta kazetariari. Orain dela zazpi urte egindako elkarrizketa da, baina gaurko vermouth-erako ere balio dezake. Aditu Josetxo Goia-Aribe.
Josetxo Goia-Aribe musikaria. Egunero Paris hiriaz akordatzen (oroitzen) naiz, egunero, eta oso frantsesa sentitzen naiz. Frantses-kulturak dituen zenbait arlo, niri ikaragarri gustatzen zaizkidanak, ez? Adibidez, hemengo giza harremanak dira beti artalde-moduan otsoa akaso ageri ote daitekeen, eta ni ez naiz inongo artaldean, edo kuadrilla-antzeko hori… Hori, ETBko Vaya Semanitan ederki-ederki egin dute barre horretaz, ez? Ni ez naiz batere kuadrilla-zentzu peioratibo horretakoa, eta izan naiz, Iruñekoa izan bainaiz: nik ez dut otsoen beldurrik; ez da otsorik, ez? Ni euskalduna naiz, eta euskara eta Euskal Herriaz gain bada bizitza.
Jon Artano. Bueno, hari-mutur asko utzi ditu hor suelto (aske) Goia-Aribek. Baina kuadrilla berdin artaldea, hori zer iruditzen zaizue? Hemen jende asko gaude mikroetan. Ez dakit nork hartu nahi duen hitza? Adibidez zuk, Katti, aspaldian isilik zaude-eta.
Katti Potxelu kolaboratzailea. Bai. Ez dakit, ez dakit artaldea bezala ikusiko nukeen-edo, baina(n) bon, (bueno), lehen erran duguna, niri iruditzen zait pixka bat kartzela izan daitekeela bai batzuentzat-edo. Elgar (elkar) segitu beharreko zentzuan hartzen baldin badugu artaldearen zentzua ukaiten ahal du. Hala ere, nahi zaitut zuzendu, ostean erran duzu euskaldun orok baduela kuadrilla bat, hori da Hego Euskal Herriko…
Jon Artano. …iritzia, euskaldun orok badu iritzia, kuadrilla bistan denez ez, hemen bi bazaudete kuadrillarik ez duzuenak-eta.
Katti Potxelu. A, gaizki entzun dut beraz. Barkatu!
Jon Artano. Goia-Aribek hor, elkarrizketaren beste pasarte batean…
Katti Potxelu. Bai.
Jon Artano. Ezin dugu entzun. Baina irakurri bai, eta gomendatzen dizuet irakurtzea. Esaten du, eta frantsesez ari da, Frantziako harremantzeko manerez, Parisi buruz ari da, frantsesez. Eta esaten du: “Han harremanak zuzenagoak dira, buruz buru, (tête à tête), lasaiagoak, builarik (zaratarik) gabe. Hemen lau, bost edo sei pertsona izan mahai baten inguruan eta bizpahiru elkarrizketa egiten dira aldi berean. Batek [bat] zerbait interesgarria esaten ari denean beste bat sartzen da… Frantsesak horretarako desberdinak dira, harremanak aberatsagoak dira, sakonagoak. Beldurrik ez dute, gehiago ligatzen dute sexu-harremanak ere garrantzitsuak direlako”. Eta logika ere badu, –hauek ja nire hitzak dira– Goia-Aribek dioena. Buruz buru baldin bazaude pertsona batekin sakontzeko arrisku gehiago duzulako, proportzio gehiago duzulako… Zazpi lagun mahai-bueltan baldin bazaudete, iji-aja bai, baina…
Lander Garro kolaboratzailea. Ni, niri iruditzen zait hor kontua dela kuadrillarik ez edukitzeak galarazten dizula kuadrilla zer den jakitea, baina kuadrilla edukitzeak ez dizula galarazten zer den tête à tête bat izatea. Hori da kontua, ez? Alegia nik kuadrilla bat izan dezaket, baina gero, kuadrillan dauzkazu lagunak eta hain lagunak ez direnak… Bueno, gure kuadrilla oso partikularra (berezia) da, denak gara lagunak, ze(ren) oso gutxi gara. Baina, baina hori egia da. Nik ezagutzen ditut hamabost laguneko kuadrillak, eta kuadrilla horietan batzuk lagunak dira, beste batzuk ezagunak dira, kuadrillakoak besterik ez dira. Eta hitz egiteko gogoa daukatenean ba ez dira hamabostak gelditzen. Ez dira… Woody Allen, Woody Allenen pelikulan, gogoratzen duzue kartzelatik ihes egiten duten pelikula hori, denak joaten direla lotuta etengabe, kateekin, korrika batetik bestera? Kuadrilla ez da hori ere. Kuadrillan ere izan zaitezkete hogei, eta gero gelditu lagun batekin edo birekin. Eta, eta hitz egin.
Esango nuke gehiago. Nik frantsesak ezagutzen ditudan neurrian iruditzen zait badirela, badaukatela puntu bat hotzagoa, edo mesfidatiago. Eta hemen “norbait dut lagun” esaten dugunean ez daukagula problemarik kontatzeko miseriak eta poz guziak. Eta beraz, ba harreman oso sakona edukitzeko, ez?
Thierry Biscary kolaboratzailea. Bueno, ez da nire esperientzia azken urte hauetan. Ez da, ez dut esperientzia hori bizitzen. Sakontasuna lortzeko giltzak, pues (bada), giltzak benetan, e, bidali whatsappez, eman niri giltza batzuk, ze(ren) nik kodigo batzuk ez ditut ondo neurtzen, ze(ren) iji-aja hori bai, ez dago arazorik. Beste gai arinak aipatzeko ez dago arazorik. Baina gero sakontasunean sartzeko, intimitate batean sartzeko, pues, ez dakit, nik, nik dauzkat zailtasun batzuk. Eta horiek hemen dauzkat, e!, zailtasun horiek, ze(ren) normalean, orain arte eduki dituztan (ditudan) esperientzietan, Frantzian eta beste nonbait(en) ez dut, ez dut holako arazorik ukan.