A zer parea!

Arantxa Iturbek eta Nekane Peñagarikanok urte mordoa daramate elkarrekin lanean Euskadi Irratian, eta ez omen dute hitz askorik behar elkarrekin komunikatzeko.

Euskal Telebistako Artefaktua programan egindako elkarrizketan, lanean zer-nolako harremana duten kontatu dute.


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Artefaktua programako kazetaria. Zuen artean hainbeste denbora pasatu duzuenez lanean, nolakoa da zuen komunikazioa, hitz gutxikoa izango da? Elkar segituan ulertzen duzue?

Nekane Peñagarikano kazetari gonbidatua. Begiratu hutsarekin. Edo, bueno, elkarri begiratu, batak bestea ikusi eta nahikoa askotan.
Arantxa Iturbe kazetari gonbidatua. Ja badakigu elkarren berri. Hainbeste urte eta gero eta eguneroko hartu-emanean, zer aldartetan gauden jakiteko adina ere bai.
Kazetaria. Adostasunetara erraz iristen zarete.
Nekane Peñagarikano. Bueno, suertez, irizpide bereko gara lana egiteko moduan. Gero, igual tarteka iritzi desberdinak izan daitezke, nola heldu edo hola, baina ez. Hainbeste urte elkarrekin!
Arantxa Iturbe. Nik ez dut gogoan hainbeste urtetan inoiz haserretu garenik.
Nekane Peñagarikano. Ez ba! Ez. Eta hori ahizpa zaharrenaren lana elkarrekin egiten dugunik tarteka, e!
Arantxa Iturbe. Bueno, bera ahizpa zaharra eta ni gaztea. Jakina!
Nekane Peñagarikano. Aldea ez da antzematen, baina bai.
Arantxa Iturbe. Baina bai egia da, bai profesioa ulertzeko eta bai lana ulertzeko modu beretsuak -berak esan du, irizpide beretsuak dauzkagu-. Alde horretatik, lan-kontuetan behintzat ez daukagu inolako talkarik.
Nekane Peñagarikano. Batez ere nik ikasi dudalako berarengandik. Bera izan da maistra, eta orduan ba ni ikasle. Eta oraindik ere egunero ikasten.
Arantxa Iturbe. ... obedientea, diziplinatua. Esaten didana zer egin, nola... Oso, oso ikasle ona.
Nekane Peñagarikano. Baina bera izan da beti gure programetan alma mater-a. Orduan, bera izan da gure maistra eta bueno. Maistra oso langilea baldin bada, oso zorrotza baldin bada bere lanean, ba imitatze hutsarekin, begira zenbait gauza egin ditzakezun. Lana eginda eta ondo egiten ahaleginduta.
Kazetaria. Berak idatzi duen "Honetara ezkero" liburua utzi dizu irakurtzen? Zurekin komentatzen du? Komentatzen ditu pertsonaiak edo zer gertatuko zaion, edo elkarrekin konpartitzen duzue?
Nekane Peñagarikano. Dena ez dugu esango.
Arantxa Iturbe. Ez, baina pixka bat bai. Jakina konpartitzen dudala berarekin. Nik, hi gogoratuko haiz, hasi nintzenean idazten, ez dakit egunero, igual egunero ez, edo igual bai. Egunero, eguerdian elkartutakoan esan: "Justu egin dinat gaur ipuin bat, idatzi dinat hola eta hola", eta berak segituan:  "Eta hau ez huke hobea izango amona honek hau egitea bestea baino?" Eta nik batzuetan esaten diot: "Bai, bai. Bai, Nekane!", ez egiteko justu. Eta gero gauean etxeratutakoan esaten dut: "Bai. Ez zen arrazoia falta. Bai. Arrazoi: hemen amona aldatu". Bai. Beti izaten ditut kontu(t)an bere iritzia, edo aurrera egiteko edo kontra egiteko.
Nekane Peñagarikano. Betiere.
Arantxa Iturbe. Oso inportantea da. Bueno, dena ez da kontatu behar. Baina nik askotan esaten dut ni idazle naizela eguneko 24 orduetan ja gaur egun. Bai, idazle, nik uste bera dela, zeren ez da egunik, ez nuke esango egunik denik urtean esaten ez didanik: "Aran, notizia hau irakurri al dun? Hemen ipuin bat daukan". Bera joaten da ipuinak, bilatzaile-lan horretan, lanaz aparte, kanpoko beste lan honetarako ere beti ari da lehengaia ematen.
Nekane Peñagarikano. Badakizu, gure lanean herri-aldizkari asko, eta egunkari asko begiratzen ditugu egunero, albiste bila, jende bila, gonbidatu bila, gai bila, eta hor denetik topatzen da. Eta batzuetan badakizu honek etekin ona aterako diola. Orduan ba bueno, fotokopiatzeko aprobetxatzen dut beretzako gai batzuk ere emateko. Gero, ja horrekin zer egiten duen, berdin dio, baina kontua da, zuk ematen diozu honi bolbora, pospoloa, eta bueno, batzuek horrekin asmatzen dute etxafuegoak egiten. Ba osagai horiexek berak erabiltzen ditu baina oso artifizialak egiten ditu. Orduan...
Arantxa Iturbe. Zer polita!
Kazetaria. Eta zuk, Nekane, ez duzu sekula pentsatu, ez zara jarri idazten, edo jarriko zara...?
Nekane Peñagarikano. Bueno, egunero idatzi beharra daukagu gure lanean.
Kazetaria. Hori bai, baina esan nahi dut ba ipuin-liburu bat edo liburu bat...
Nekane Peñagarikano. Baldin badago nork idatzia gainerako guztiok irakurri egin beharko dugu.
Arantxa Iturbe. Irakurleak behar ditugu idazleok.
Nekane Peñagarikano. Baita Arantxa bada idazlea, oso irakurle ona delako.
Arantxa Iturbe. Hala ere, hau guztia da pixka bat gure lanaz kanpoko kontua. Lanaz asko hitz egiten dinagu, duda asko dauzkagu, oso kritikoak gaitun gure lanarekin, besteek gure lana egiteko daukaten moduarekin ere oso kritiko gaitun, eta horrek asko erakusten zigun lanbidea nola egin. Eta badaukagu zalantza handi bat komunikabideek, komunikabideok zer paper jokatzen dugun, adibidez, literaturaren kasuan, literaturari on edo kalte egiten ote diogun... Jendeak beti esaten du: "Bai, ez dauka literaturak presentziarik, idazleek ez daukate presentziarik komunikabideetan". Gu ahalegintzen gara gure tartean, hori da gure eginbeharra, tarte bat ematen, tarte bat uzten, tarte bat eskaintzen. Eta hori ahalik eta ondoen prestatzen, esango dugu. Oso kontzientziaz egiten dugu egiten dugu lan hori. Baina duda asko sortzen dizkigu horrek berak. Jo dezagun idazle batek egin duela ikaragarri nobela ona, ona, kalitateaz ari naiz, ez naiz ari gustuz, estiloz... Gauza on eta merezi, merezi duena. Eta zenbat aldiz komentatzen dinagu biok, behin elkarrizketa amaitu eta gero: "Nola lortuko genuke entzuleari ulertaraztea idazle honek hain gaizki saldu duen nobela hau benetan dela merezi duena?". Eta sortzen zaigu justu kontrako egoera askotan. Iristen da idazle bat, idazle bat duena liburu bat nahikoa kalitate eskasekoa. Ez dagokigu guri esatea zer kalitate duen liburu horrek, gu azkenean bozgorailu besterik ez gara, edo bidelagun...
Nekane Peñagarikano. Hori ere berriz, behin eta berriz aipatu behar izaten dinagu askotan. Gu ez garela kritikoak, gu gara tresna huts. Liburu bat kaleratu du argitaletxe batek, idazle batek egin du, eta hori entzuleari jakinarazi nahi diogu. Nola eta gonbidatu bera sortzailea izanda?  Liburua hor...
Arantxa Iturbe. Eta hor sortzen da komunikazioaren tranpa, edo komunikazioaren jolasa.
Kazetaria. Non sentitzen zarete erosoen: kontatzen edo entzuten?
Arantxa Iturbe. Entzuten.
Nekane Peñagarikano. Ez dago dudarik. Kontu-jale amorratuak gara.
Arantxa Iturbe. Zalantzarik gabe, gainera. Entzuten eta galdetzen, eta erantzunak entzuten berriro.
Nekane Peñagarikano. Bai.
Kazetaria. Ba honetara ezkero, bukatu dugu saioa. Eskerrak ematen dizkizut Arantxa, eta zuri, Nekane, ere bai, hemen izateagatik.  

C1
11-05-2020
21979581
00:06:35
783