Desberdinak gara denok

Autismoaren Kontzientziarako Nazioarteko Eguna da apirilaren 2a. Autismoaren ezaugarriak modu errazean azaltzen ditu ondoko bideoak.

Alex Amelines-ek sortu du animazio bideo hau, autismoari buruz informatzeko eta hezteko. Gizartean, eta bereziki gazteen artean, bizikidetasuna eta ezberdintasunen onarpena sustatzeko helburua du, eta horretarako, autismoaren ezaugarriak modu errazean azaltzen ditu. Eneko Dorronsorok ekarri du euskarara, eta ahotsa jarri dio bideoari.

 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Desberdinak gara denok, eta ederra da hori. Desberdintasun batzuk errazak dira ikusten: altuera, orrazkera, begi-kolorea eta abar. Beste batzuk ez dira hain agerikoak: jakirik gogokoena, beldurrak edota norberaren gaitasun bereziak.  

Bitxia da, baina mundua ere desberdin ikusten dugu bakoitzak. Adibidez, zer ikusten duzu irudi honetan? Gehienok ahate bat ikusiko zenuten, baina izango dira untxi bat ikusi dutenak ere.  Bat ala beste, ez kezkatu: biak dira erantzun zuzenak.  

Truko (trikimailu) bat baino ez zen hau burmuin guztiek ez dutela berdin funtzionatzen erakusteko. Burmuina ordenagailu indartsu bat da. Burmuin bakoitza desberdina da, eta berak kontrolatzen du nola ikasten dugun. Horregatik ditugu gaitasun desberdinak, sentimenduak ere bai; horregatik erantzuten dugu ezberdin estimulu berberen aurrean. Eta berak erabakitzen du nola komunikatzen garen ere.  

Burmuinak, batzuetan, baditu halako konexio-forma batzuk zentzumenetan eragiten dutenak, egoerak hautemateko dugun moduan eta besteekin erlazionatzeko dugun eran: horri deitzen diogu autismoa.  

Jende askok du autismoa. Eta oso posible da ezagutzen duzun norbait autista izatea. Horregatik izango zaizu baliagarri autismoari buruz zerbait gehiago jakitea.

Autismoak sarri lotura bereziak sortzen ditu burmuinean, gehienoi zailak zaizkigun ekintzak errazten dituztenak. Adibidez, matematikak, marrazketa edota musika. Baina lotura horiek aurkako ondorioak eragiten dituzte batzuetan. Eta guri hain erraz zaizkigun ekintzak oso zail bihurtzen zaizkie beraiei: lagunak egitea, adibidez.

Gure zentzumenek inguruan ditugun gauza eta pertsonei buruzko informazioa bidaltzen diote une oro burmuinari. Alabaina, burmuina eta zentzumenak ez direnean elkarrekin ondo komunikatzen, burmuina gainkargatu eta nahastu egiten da, kanpoko munduaren ikuskeran eraginez.  

Kale honetan oinez zoazela imajinatu. Gisa honetan hautemango luke ibilbide berbera autismoa duen norbaitek. Beldurgarria, ezta? Zoritxarrez, askotan ez dira nola sentitzen diren azaltzeko gai, eta kanpotik ondo daudela diruditen arren, barrutik informazio nahas-mahas batek estutzen ditu, laguntza eskatzeko gai ez direla. Oharkabean, denok garatzen ditugu egoera zailetan lasaitzen gaituzten ekintzak: elkar besarkatzen dugu, azazkalei hozka egiten diegu, eskuekin jolasten dugu, ezpainak estutzen, eta abar.

Era berean, autismodun pertsonek ere antsietate-uneei aurre egiteko modu propioak dituzte. Jokaera arraroak irudituko zaizkigu agian, baina ez dira babesteko duten modua besterik. Eta zerbait ongi ez dagoenaren adierazgarri. Egin dezakegun gauzarik onena euren egoera ez okertzea da, haserretuz, ezikusiarena eginez edo iseka eginez. Oroitu: jolas bakar batek ez badu bideo-kontsolan funtzionatzen, ez du esan nahi bideo-kontsola puskatuta dagoenik.  

Autismodun pertsonek eurak ezagutzeko denbora hartuko duten lagunak behar dituzte. Komunikazioaren bidez eta pazientzia handiz, guztiok izan gaitezke onuradun. Autismoa ez da gaitz bat, mundua ikusteko modu paregabe bat baizik. Eta gure laguntzaz, ikuskera hori gurekin partekatzeko gai izan daitezke. Autismoak gauza harrigarriak gertatzea eragiten du.                

B2
02-04-2020
21800706
00:05:31
665