Dokuteka
Agerraldia 1 Atala 3
Atean jo dute. Maite arrautzak frijitzen ari da.
MAITE: Pasa, aita, irekita dago!
AITA: Kaixo, laztana, zer moduz? Umm... a zer-nolako itxura daukaten arrautza horiek! Niretzat al dira?
MAITE: Ez, amonarentzat.
AITA: Lastima! Nik neukan gose-punttua eta...
MAITE: Tira! Eseri zaitez hor, oraintxe jarriko dizkizut eta...
AITA: Ai...! Zer egingo ote nuke nik, zu bezalako alabatxo bat ez banu... Umm!
Musu ozen bat eman dio.
MAITE: Musurik gratis ematen, behintzat, ez zenuke lanik izango. Eseri! Hori da gizonaren itxura! Nondik zatoz goizeko ordu hauetan?
AITA: Ai! Lur jota nago, maitea! Gau osoa bulegoan pasatu behar izan dut.
MAITE: Berriro bota al zaituzte pisutik?
AITA: Ez dago beldurrik! Pedro pisutik bota?
MAITE: Pedro, akaso, ez; baina zu...
AITA: Ni naiz Pedro, txo!
MAITE: Seguru al zaude?
AITA: Bai, politta, bai! Nire azukre-koxkor hori!
MAITE: Ez daukazu losintxan hasi beharrik. Arrautzak prest daude, eta, ni preparatzen naizen bitartean, horiekin konpondu! Zer... klasera eramango nauzu, ez?
AITA: Jakina, ba! Zertara etorri naizela uste duzu? Nire alaba maitea unibertsitatera eramatera... harro asko, zera!
MAITE: Ez naiz ni berehala zutaz harrotuko!
AITA: Beldurtu egiten nauzu, Maite! Zure ama dirudizu!
MAITE: Ez da harritzekoa! Biok izen bera dugu; eta hori gutxi ez, haren alaba!
AITA: Portzierto, non sartu da?
MAITE: Ohean...
AITA: Galdetzea gehiago egin dut! Ez du, ba, gaitzen bat edo izango?
MAITE: Gaitz asko, baina erremediorik gabekoak denak!
AITA: Ez..., azaltzen naizen bakoitzean baditu eta sekulako logureak! Baina, beno... betikoa, ezta?
MAITE: Segituan nator, ilea lehortu bezain pronto! On dagizula!
