detalle dokuteka-generico-fitxa

Motxila handiak ikasle txikientzat

Berriki argitaratutako azterketa batek haurren motxilak pisutsuegiak direla nabarmendu du. Kokaera desegokiek eta hainbat kirol egiteak bizkarreko arazoak sor ditzakete haurrengan

Azken urteotan modan jarri dira gurpildun motxilak, eta gehiegizko kargak haurren bizkarrean sor ditzakeen kalteen inguruko ahotsak ere ugaritu egin dira. Kowakcs Fundazioak berriki argitaratu duen azterketa baten arabera, ikasleen hirutik batek bere pisuaren %30 gainditzen duen motxila eramaten du eskolara, eta ez da komeni karga bera soinean duen pisuaren %10 baino gehiago izatea. Horren arabera, umetan gehiegizko pisua ibiltzeak hazitakoan bizkarreko min kronikoa sor dezake. Aditu guztiak ez dira iritzi berekoak; batzuen ustez, motxilaren kontua ez da garrantzitsua.

Hasiko ziren etxeko lanak pilatzen eta, ondorioz, eskolako motxilak betetzen. Azken urteotan moda-modan jarri dira gurpildun motxila horietakoak, hainbat azterketak esan baitute ikasleek eskolarako erabiltzen dituzten motxilak pisutsuegiak direla. Hala ere, aditu guztiak ez datoz bat baieztapen horrekin, eta badaude motxilaren kontuari garrantzirik ez ematea nahiago dutenak.

Kowakcs Fundazioak berriki egindako azterketa baten arabera, hiru ikasletik batek bere pisuaren %30 gainditzen duen motxila eramaten du eskolara egunero, eta horrek bizkarreko min kronikoa eragin diezaioke hazitakoan.

Lan horrek berak ohartarazi duenez, ez da batere komeni haurrak bere pisuaren %10 gainditzen duen motxilarik eramatea. Kezkatzeko beste datu bat ere eman du elkarte horrek: ikasleen %70 bizkarreko minekin hasten dira 16 urte bete baino lehen.

Askotan, min hori eskolako materiala gaizki erabiltzeagatik gertatzen da, izan motxila pisutsuegiak eramateagatik edo izan eskolako altzariak ez daudelako haurraren garapenera eta hazkuntzara egokituak. Askotan berentzat handiegiak edo txikiegiak diren aulki eta mahaietan jardun behar dute ikasleek, eta horrek kalte handia egin dezake bizkarrean. Horiek hala, adituek oso garrantzitsutzat jotzen dute eskoletako altzariak ikasle bakoitzaren tamainara moldatzeko modukoak izatea. «Beren garapen fisikoaren araberakoak izan behar dute altzariek, eta ez adinaren araberakoak», esan dute horren inguruan.

Arrazoi bat edo bestea dela medio, bizkarreko mina ohiko samar bihurtu da haur eta gaztetxoen artean. Gehienetan, giharrerian arazo txiki bat dagoelako gertatzen da eta ez bizkarrezurrean eritasun bat dagoelako. Hala eta guztiz ere, haur batek bizkarreko mina duela esaten duenean, lehendabizi bizkarrezurreko arazo bati dagokion edo ez ikustea aholkatzen dute adituek, badaezpada ere.

Bizkarrezurreko arazoen aukera hori baztertuta, bizkarreko minaren muina gehienetan karga gehiegi ibili izana dela nabarmentzen dute adituek. Gorputzaren kokaera desegokiak eta hainbat kiroletan modu txarrean aritzea dira bizkarreko minaren beste arrazoi ohikoenak.

Karga gehiegi ibiltzea

Bizkarra mugimendu desegokiekin behartzea bezain txarra da mugimendu eza, azkenaldian hainbat adituk nabarmendu dutenez. Orain artean askotan esan izan dute bizkarrerako atsedena ona dela, bada, orain bestelako joera nagusitu da. Horiek hala, traumatologoek eta erreumatologoek ariketa fisikoa egin behar dela eta bizkarreko giharrak indartu eta sasoi betean mantendu behar direla nabarmendu dute. Igeri egitea ariketa egokia da bizkarrerako, baina egunean gutxienez ordu erdiz egin beharra dago eragina izan dezan. Oinez ibiltzea ere erabat komenigarria da bizkarrerako, egunero ordubetez-edo. Aholku horiek baliagarriak dira guztientzat, izan haur, gazte edo heldu.

Kokaera egokiak

Minak min, bizkarreko arazoak «uste baino ohikoagoak» dira haur eta gaztetxoen artean, Kowakcs Fundazioak nabarmendu duenez. Emandako datuen arabera, 13 eta 15 urte bitarteko gazteen erdia inguruk izaten dute bizkarreko mina. Nesken artean, gainera, ehunekoa handiagoa da; %69tik gorakoa, hain justu.

Mina izan edo ez izan, bizkarra zaindu egin behar dela diote adituek. Hartara, oso garrantzitsua da, beren esanetan, giharrak indartsu mantentzeko ariketa fisikoa egitea.

Kokaera egokian esertzea ere garrantzi handikoa da; batez ere, denbora luzea eserita eman behar dutenen kasuan. Aulkiaren bizkarraldea ahalik eta zuzenena eduki behar da eta bizkarra horri itsatsita. Gainera, kokaera askotan aldatu beharra dago eta gutxienez ordubetean behin aulkitik altxatzea gomendatzen dute.

Ikasleentzako aholkua, berriz, betikoa da: behar dituzten liburuak bakarrik ibil ditzatela motxilan bueltaka.

Gero eta haur gehiagok dituzte helduen lesioak

Sendagileek jakinarazi dutenez, gero eta haur gehiago ikusten dituzte orain arte helduek izaten zituzten lesio larriekin. Izan ere, haurrak eta gazteak gero eta kirol maila altuagoetan aritzen dira, eta horrek orain arte gaztetxoen artean batere ohikoak ez ziren arazoak sortu ditu. Esate baterako, lotailuen edo meniskoaren haustura orain gutxi arte ez zen apenas ikusten haurren artean, eta azken urteotan halako lesio larriak izaten ari dira kirolari txikiak. Adituek garbi dute: haurrak ez dira helduak miniaturan.

detalle2

Docuteca

B2
12-10-2004

x61pRelaContWAR

16530266

x61pViewCountWAR

2335

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR