HABE.- Asteburu honetan Bartzelonan izan zara Euskal Herria Sona jaialdian.
ANARI.- Euskal Etxeak antolatuta, antzoki batean. Jende ugari hurbildu da eta pozik gaude. Beldurra banuen, ze udaberrian, udazkenean, neguan ere izanda gaude beste jaialdi batzuetan, eta hala ere, ondo hartu gaituzte. H.- Beraz, zu ere sona hartzen ari zara?
A.- Hemengo jende asko ari da han ikasten, baina bertakoak ere joaten dira. H.- Tolosako Bonberenean ere jo duzu.
A.- Bai. Eta hara beste konpromiso batekin joaten zara, ez da joan eta kobratze hutsa. Oso akustika ona dute. Hori lortu beharko lukete Gaztetxeek ere, soinu aldetik kalitate hori bermatzea. H.- Badira pare bat urte Habiak diskoa egin zela. Bete al dira orduko asmoak?
A.- Bigarren diskoa zen, zerbait ezberdina egin nahi nuen, jauzi handia. Arriskua sentitu nuen neure baitan. Aurrekoak baino oihartzun handiagoa izan du, kanpora gehiagotan irten gara, Espainiara, Frantziara, eta ahal dugun bezain pronto kontzertuak bakean lagako ditugu. Atseden hartu nahi dugu. Gaztelaniaz idazten diote Anariri
H.- Zer egiten duzu zure kontzertuetako entzule erdaldunek letrak ulertzeko?
A.- Ez zait gehiegi gustatzen letrak gaztelaniaz esplikatzea. Adibidez, erabaki badut hiru abesti elkarren segidan jotzea, azalpen horiek kontzertuaren erritmoa hausten dute. Garai batean gehiago hitz egiten nuen. Hobe da letrak ulertzea, baina ez da ezinbestekoa guk egiten duguna komunikatzeko. Bizi guztia daramat frantsesez eta ingelesez kantuak entzuten, eta gustatzen zaizkit nahiz eta ez ulertu zer dioten hitzez hitz. Ez ote da hori hizkuntza minorizatuen konplexu bat? Ze ingelesek eta frantsesek ez dituzte itzulpenak jartzen beren diskoetan. Eta ekialdeko musika ere atsegin dut. Eta nik sinisten dut musikaren bidez hizkuntzaren muga hautsi dezakezula. H.- Beraz, Habiak diskoko hiru orrikoan jarri duzuen eskaintza, itzulpenak bidaliko dizkiozuela nahi dituenari, alferrik izango zen. Eskatu al ditu inork?
A.- Laurogei bat entzule espainiarrek eskatu dizkidate itzulpenak. Eta Pariseko batek, eta Alemaniatik_ Harrituta nago. Eta jendeak eskuz idatzi dit, eta denei bidali dizkiet letren itzulpenak. Eta interneten ere ipini ditut itzulpenok. Onartzen dut diskoa Espainian saltzen bada, gaztelaniara itzuli beharko ditudala letrak. Baina gaztelaniara soilik, eta ingelesera? Eta beste hizkuntzak? Bi diskoetan gerra bera izan dut. Niretzat diskoa musika da, eta letrak euskaraz, batez ere hori. Nik melodiari ematen diot garrantzia. H.- Habiak diskoan diozu: 'eskerrak behar ditugun hitzak idazten dituztenei'. Nor ari da behar dituzun hitzak idazten egun?
A.- Uste dut modan dagoela, marokoar bat, Mohammed Chukri; eta udan Marokon izan nintzen, eta haren ipuinak ari naiz leitzen. Jose Luis Padronek ere bidali zidan liburu bat, eta ideiaren bat edo beste harrapatuko diot. Michel Houellebecq-en Plataforma ere ari naiz irakurtzen... H.- Gutxitan egin dudan zerbait egin dut: kanta bakoitzaren azken esaldia azpimarratu; eta orokorrean nahiko tristeak iruditu zaizkit, gogorrak: 'su zaharraren ke beltzetan biderik aurkitu ezinik, ihesi', 'itsasorik gabeko marinela naiz ni', 'ezabatzen zaizkit niri zuganako bideak'...
A.- Saiatu naiz azken esaldietan argia sartzen, itxaropena edo_ Habiak kantu bera izango da letra iluna duena... H.- Beti esaten da kantuek ez dutela norberaren esperientziarekin zerikusirik, nahitaezkoa esan nahi dut...
A.- Badute, bai, nolabaiteko zerikusia... H.- Baina besteen esperientzia kantatzen hasita, orduan ere ilunetik jo duzu.
A.- Ni ez nago fandangoa jotzeko, ez nuke etorkizunik horretan. Saiatu nintzen Jon Maiarekin Zuganako bideak kantuan zerbait alaiagoa egiten, baina hor ere nire triste puntua eman nion bukaeran. Ez dakit beste era batera idazten. Zerra melodikoa eta txeloa
H.- Zerra melodikoa Delicatessem filmarekin ezagutu genuen batzuek. Eta txeloak, berriz, zure diskoetan zeresan handia du.
A.- Askok zor diote pelikula horri zerra hori ezagutzea, eta jendea txundituta gelditzen da. Eta bai, hala da, hasten naiz melodia batekin, eta txeloa azkar ateratzen da. Kantua egiten dut, eta 'arregloak' txeloa edo gitarrarentzat sortzen ditut. Oraintxe ari naiz pentsatzen, igual txeloa utzi, eta pianoa eta gitarra elektrikoa hartzea. Baina, ez dakit, jendaurrean txeloak indar handia baitu. H.- Zer sentitzen duzu, disko bakoitzean zerbait berria egiteko beharra?
A.- Bai, baina oraindik ez dut hasi nahi, ze badakit Habiak diskoaren oso antzekoa aterako zaidala, oso barruan dudalako oraindik. Tematsua izan behar
H.- Esan ozenki izeneko diskoetxearekin atera zenuen lehen diskoa, bigarrena atera duzunerako, berriz, Metak izena hartu du diskoetxeak. Zer moduz?
A.- Ondo. Beti pentsatu dut nahiz eta euskaldunak izan kanpoari begira egin behar dugula lan, mundura begira. Eta Fermin Muguruzak irekitako bidea hor dago beste guztiontzat ere. Hori ez du Euskal Herrian beste inork ematen, nahiz eta zure propagandarekin Donostiako Alde Zahar guztia josi. Metak-ek lan handia egiten du, eta atea jotzen du jo behar den tokian, tematsu. Tematsu izan gabe ez zara inora heltzen. Eta kontratua disko bakoitzeko egiten dute. Libre zara hurrengoa nahi duzunarekin ateratzeko. Oso zaila da disko bat ekoizteko norberak jartzea diru guztia. Horrela lan egin nahi duten lagun batzuk dauzkat, eta esan eta esan ari naiz, ezetz, ez egiteko hori. Euskal Herrian multinazionalak ere badaude, eta gerra dago. H.- Diskoekin ere bai?
A.- Azkenean enpresak dira, eta gero disko piratak eta_ H.- Horrek erasaten die euskal musikariei?
A.- Bai. Bai. Ruper Ordorikak diskoa atera zuen aste berean, hemengo taberna batean bazebilen tipo bat kopiak saltzen. Alejandro Sanzi ez dio kalte handirik egingo, nahiz eta bera igual kexatu gehien, baina hemen 10.000 ale saltzen dituen bati 3.000 kentzen badizkiozu... Dena den, badira beste alderdi lotsagarri batzuk ere. Liburuetan idazlearentzat %10a da, hori igo liteke, baita kantarientzat ere. Diskoek ordaintzen dituzten zergak jaitsi egin litezke... Eta gero gertatzen da euskal musikaren kasuan, badagoela etxe indartsu bat, eta gero beste bi talde-grabatzaile, bada, arriskatu egin behar dutenak... Disko bat grabatzeko behar dituzu 2-3 milioi, eta Metak-en jarrera oso ona da, hori estali arte bera arduratzen da, eta hortik aurrerakoa, erdizka. Ez dakit. Hitz egiten dut aspaldiko kantariekin eta esaten dizute garai batean lagunarte handiagoa zegoela euren artean, sarri jotzen zutela elkarrekin. Hori gutxitu egin da orain, lehia gehiegi dago. Maila oso ona, bai. Baina nahi dute kolpetik gora igo, eta Euskal Herrian badago status bat rockean ere, eta ez da erraza horra iristea.