Kale ilunak non, arriskua han


Seguruak al dira gure kaleak? Erasoak, lapurretak eta bortizkeria biltzen dituzten gune beltzak daude hiri guztietan. Horiek ezagutzeko, "Emakumeentzako hiri debekatuaren mapak" eratu dituzte.

Genero berdintasunaren aldeko borroka esparru desberdinetara zabaltzen da eta hizkuntza edo familia bezalako arloetan sakondu ondoren, hirigintzaren azterketari ekin zaio azken aldian. Emakumea eta hiriaren arteko harremanetan barneratu dira, hauek emakumeentzako askatasun urraketak badituztela azaleraziz. Bilboko Gite-Ipes Elkarteak nabarmentzen duenez, "hirietako espazioak era kaotikoan antolatuak izan dira eta horrek emakumeen kontrako biolentzia bermatzen duen egoera eragin du". Bizkaiko hiriburuko zein bazter diren arriskutsu eta horiei konponbideak proposatzea izan du azken hilabetetan garatutako lanaren helburua. Era berean, "Bilboren diseinu urbanistikoa eta emakumeen kontrako biolentziaren arteko harremanen gainean sakondu dugu".

Duela ia bi urte, Farapi elkarteak ikerketa bera burutu zuen Gasteizen. Genero eta hirigintzan aditu Anna Bofill arkitektoak, proiektuaren aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, "generoaren ikuspegitik abiatuta hiriko biztanleak ez dira neutroak". Izan ere, "egungo gizarte, bizimodu eta lanean izandako aldaketek egungo hiria estresagarri eta zapaltzaile bihurtzen dute, emakumeentzat bereziki". Abiapuntu honetatik, hirietan bizi diren emakume-taldeekin lan egin ondoren, planifikazio, espazio publiko, mugikortasun eta hiri-segurtasunaren inguruko proposamenak plazaratu zituzten proiektuen sustatzaileek.

Arazo nagusia segurtasunean datza, horren gainean aritu zen María Naredo abokatu eta generoan adituak: "Egungo segurtasun plangintza ez da egokia emakumeen segurtasun alorreko beharrak aztertu eta lantzeko, ondorioz, segurtasunaren definizioa aldatzeko". Horretarako hiriaren definizio berria eskatzen zuen Naredok, "segurtasun ezaren elementu subjektiboak erabateko garrantzia dauka bere prebentziorako eta hiritar tipoaren definizio androzentrikoak emakumeen behar eta bizipenak gutxietsi egin" dituela hartu behar da kontutan. Egitasmoen xede garrantzitsua zen esparru horietan emakumeek izandako bizipenak uztartzea eta espazio publikoaren segurtasun-alorrean barneratzea.

Kale debekatuak

Euskal Herrian aitzindari izandako lan hauek, Donostian eta Tolosan burututakoekin batera, Iruñea eta Basauriko esperientziak izan dituzte eredu, baina kanpora begira Emakumeen Biltzarreko (Bartzelona 1999) Emakumeak eta hiria Europako proiektuan eta hiri-segurtasunari buruzko DAPHNE proiektuan dago aurrekaririk hurbilena. Batzar horien ondorio izan zen zehaztea "lotura argia dagoela hirigintza eta arkitekturaren aldetik hiriak duen diseinuaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren artean". Hirietako espazio beldurgarriak direla eta, emakume askok mugatu egiten dute beren mugimendu askatasuna, eta hiriaren erabilera murriztua egiten dute.

Bilbo hiriaren azterketak emaitza bitxiak izan ditu, hala nola Zazpi Kale ezagunak direla gunerik arriskutsuenetarikoa emakume bilbotarrentzat. Eli Etxaniz proiektuaren gidariak esan zuenez "hirietako zenbait leku debekatzen zaizkio, berez, emakumeari". Bilboko auzo guztietako emakume, talde zein norbanakoekin elkarrizketatzea izan zen lanaren metodologiaren alde garrantzitsu bat. "Hasiera batean galdetuta", azaltzen du Gite-Ipes elkarteko genero adituak, "emakume gutxik aitortzen du leku arriskutsuak daudela bere auzoan". Azken ondorioek ostera, azalpena eman diote horri; "arazoa da norberak bere buruari ezarritako leku debekatuak konturatu gabe ekiditen dituztela, horregatik ez dituzte bat batean identifikatzen".

Aurora Justo Lago, Madrilgo Emakume Urbanisten taldeko kideak, Emakumeentzako Bilboko mapa debekatuaren aurkezpen jardunaldietan parte hartu zuen. Bere esanetan genero desberdintasunak hirigintzan ematen direla "inork ez du presente izan". Arazoei irtenbidea eskatzeak, ordea, "ez da emakumeontzako hiri berezia nahi dugulako", argitu zuen Justo Lagok, "berdintasunean eraikitakoa beharrezkoa delako baizik". Aipatu ekitaldian azaldutako kezken artean "emakume taldeetan jende gazterik ez egotea" izan zen madrildarraren esanetan. Eraso sexualak direla eta, ematen direnean "ohizkoena neska gazteen askatasuna mugatzea" izaten da. Hasiera batean ezarritako helburu gehienak modu egokian bete zirela adierazi zuen proiektuaren gidaria Etxanizek, "hiriaren segurtasun eza nozitzen den leku, gune eta ibilbideak zehaztea" eta "lan bateratu baten inguruan elkarte eta pertsona desberdinak biltzea, ondorio komunak lortzeko".


B2
02-03-2005
16520403
2003