detalle dokuteka-generico-fitxa

Fagor, multinazional bihurtua

Herenegun halako bi da Fagor Etxetresnak gaur: lan taldea, ekoizpena eta salmentak bikoiztu ditu, Frantzian liderra den Brandt enpresa erosita.

Brandt erosita, tamaina bikoiztu du Fagorrek, nazioartera begira

Ia 2.000 milioi euro fakturatuko ditu 2006an, 11.000 langile dauzka orain, eta 100 herrialdetara hedatuko da

Herenegun halako bi da Fagor Etxetresnak gaur: lan taldea, ekoizpena eta salmentak bikoiztu ditu, Frantzian liderra den Brandt enpresa erosita. Sektoreko bost konpainia ahaltsuenen artean dago. Ia 2.000 milioi euro fakturatuko ditu 2006an, 11.000 langile dauzka, eta ehun herrialdetara hedatzera doa, 16 lantegi eta 12 markaren bitartez. «Aro berri bati» ekin dio.

«Nazioartera begira jarri gara behin betiko», azaldu zuen Fagor Etxetresnetako zuzendari nagusi Pablo Mongelosek atzo, iazko emaitzei eta Brandti buruzko prentsaurrekoan. «Mugarri izango da enpresa horretaz jabetu izana». Tamainak «garrantzi handia» dauka nazioarteko merkatuan, eta globalizazioari neurria hartu nahi dio MCCko enpresak.

Fagorrek 162,5 milioi eurotan erosi du Brandten %90 aurretik berea zuen %10. Kapital propioaz gain, MCCren baliabideak (pagatutakoaren %18) eta kanpoko kredituak (%55) erabili ditu erosketarako, eta astearteaz geroztik, lantegiak dauzka Europan, Asian eta Afrikan. «Linea zuriko multinazional bakarra gara Espainian».
Urtero zazpi milioi etxetresna baino gehiago ekoitziko ditu talde jaio berriak, eta lanak hartuko ditu Fagorren eta Brandten arteko elkarlana pizteko. «Erronka zera da, etekinak orain halako hiru izatea laster». Fagorrek 16,8 milioi euro irabazi zituen iaz. Hurrengo hiru urteetan, gainera, 8.300 milioi euroren salmentak lortu gura ditu.

«Ez dugu lantegirik itxiko»

Ikerkuntza eta berrikuntzan inbertitzen segituko du, eta funtsezkoa deritzo kostuak gutxitzeari, baina ez lan baldintzen kontura: «Ez dugu lantegirik itxiko, eta ez gara hemendik joango. Espainian eta Frantzian aberastasuna eta enplegua eragin behar ditugu, aurrerantzean ere liderrak izateko».
Fagorrek «konpromiso argia» dauka gizartearekin eta, besteak beste, berrikuntzaren bitartez lehiatuko da Europa Ekialdean eta Asian merkeago ekoizten duten konpainiekin.

Bestela ere, Fagorrek %3 inguru garestituko ditu etxetresnak aurten, Poloniara eramango du gama apaleko produktu batzuen ekoizpena, eta Txinako plataforma erabiliko du lehengaietan dirutza aurrezteko.
 

Pablo Mongelos Fagor  Etxetresnetako zuzendari nagusia

«Aukera aparta daukagu gure balioak filialetan hedatzeko»
 
«Inoiz baino indartsuago dago» Fagor, enpresako zuzendari nagusi Pablo Mongelosek Berriari kontatu dionez.

Etxetresnen merkatuan tamainak berebiziko garrantzia daukala nabarmendu duzu.
Brandti esker, liderrak izango gara Europa osoko lau merkatu garrantzitsuenetako bitan: Espainian eta Frantzian.

Multinazional bihurtzeak zer edo zertan aldatuko du Fagorren izaera kooperatibista?
Ez, inondik inora ez. Mugimendu kooperatibistak bilakaera handia izan du esperientzia industrialaren joanean, globalizazioak bete-betean eragiten die halako enpresei, baina Fagorrek eutsi egingo dio bere betiko filosofiari. Aukera aparta daukagu gure balioak enpresa filialetan hedatzeko, MCCko kooperatiben kultura ezagutarazteko.

Kudeaketa parte-hartzaileagoa bultzatuko duzue, nolabait.

Nazioartean ez diegu ez ikusiarena egingo gure ezaugarriei. Gure kultura ezarriko dugu eta, aldi berean, tokian tokikoa errespetatuko. Agian, Poloniako langileak ez dira sentituko Fagorreko kide %100ean. Beren gizarteari ekarpenak egiten dizkiogula senti dezakete, ordea.

Brandt erosi izanak zertan egingo die mesede euskal langileei eta, oro har, euskal gizarteari?
Talde sendoagoa bihurtu gaitu, nazioarteko lehia gero eta bortitzagoari aurre egin ahal izango diogu, enplegua sortzen segituko dugu, eta erabakiak, noski, Arrasaten hartuko ditugu. Langileentzat eta gizartearentzat garrantzitsua da Fagorren aginte gunea hemen egotea.

Atzerrian gero eta lantegi gehiago izateak gutxituko al ditu lanpostuak Euskal Herrian?

Irabaziak eta enplegua uztartzea da gure konpromisoa. Dirutza inbertitzen ari gara hemengo lantegietan, eta enplegua sortzen segituko dugu, negozio esparru berrien bitartez, batik bat. Betiko lantegietan baino lanpostu gehiago sortuko ditugu enpresa berritzaileetan. Multinazionalak ohituta daude lantegiak ixtera. Gu ez, ordea.

Fagorrek Espainian saltzen du etxetresna gehien. Zer irudi dauka?

Espainiarrei galdetu beharko genieke. Dena den, guk zera diogu beti: Fagor Espainiako merkatuko marka liderra da.

x61pRelaContWAR

Te interesa



detalle2

Docuteca

B2
14-04-2005

x61pRelaContWAR

16519196

x61pViewCountWAR

3271

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR