Dokuteka
Barrea
Sarri askotan, gogorik gabe egiten du jendeak barre. Irribarre komertziala da bestea; denda batera joaten zara, eta automatikoki irribarre egiten dizute, atean sartu orduko.
Barrea da pozezko emozioaren adierazleetako bat. Beste emozio batzuk txaloen bidez adierazten ditugu. Bertso ona entzuten dugunean edo pilota-partidan tanto ona ikusten dugunean txalo egiten dugu. Txaloa, inoiz, malkoarekin ere elkartu ohi da. Baina, batez ere, barrea eta txaloa dira senideak. Elkarrekin bizi dira, eta batera ateratzen dira kanpora. Pertsonari berritu handia ematen diote barru-barrutik irteten direnean, sanoak eta sintzeroak direnean.
Alabaina, beti ez da horrela gertatzen. Sarri askotan, gogorik gabe egiten du jendeak barre, eta motiborik gabe jotzen du txalo, gidoiak hala agintzen duelako. Oso artifizialak dira gogorik gabe egindako barrea edo gidoiak agintzen duenean jotzen diren txaloak. Trauma sortzaileak dira horrelako barreak eta txaloak. Konparazio baterako, gustukoa ez duzunarekin sexuan aritzea bezala da.
Gezurra badirudi ere, uste baino gehiagotan egiten dugu, ordea, barre gogorik gabe. Bere burua oso graziosotzat duen adiskideak txiste bat kontatzen dizunean, derrigorrezkoa da barre egitea, inoiz entzun duzun txisterik txarrena bada ere. Era berean, ingelesen eta amerikarren pelikula askotan barrea programaturik dago, eta jendeak kasu egiten dio, gidoiaren arabera egiten du barre. Nik ezin dut soportatu horrelako film bat. Zentzugabekeria eta nortasun falta izugarria iruditzen zait barre ere inork agindutakoan egin beharra.
Irribarre komertziala da bestea; denda batera joaten zara, eta automatikoki irribarre egiten dizute, atean sartu orduko. Egia esan, badira-eta irribarre naturala duten dendariak ere; baina bestelakoak gehiago. Horregatik, niretzat gozada handia da hipermerkatuetan erostea.
