Dokuteka
Itsaso Gorria
Itsaso Gorria Lur planetako gunerik "beroenetakoan" dago, eta ez gara bakarrik eguraldiaz ari. Bertan baitago lur-zartadura handienetako bat, Afrika erdi-ekialdeko lakuetan sortu eta Akabako Golkoraino doana, Jordaniaraino. Itsas Gorriaren kostaldean mendeetan zehar historiak astindutako hainbat lurralde daude, eta gaur egungo egoera aniztasunaren ispilu dira: Egipto, Israel, Jordania, Arabia, Sudan, Eritrea, Jemen eta Djibuti.
Itsaso Gorria luzean 2.350 km. da, eta zabalean 350 km. eta Mediterraneo Itsasoa eta Indiar Ozeanoa lotzen dituen ibaitzarra dirudi. 3.000 metro sakon da, sakonera handikoa beraz, baina itsasertzetik gertu. Hala ere, ez da itsasertzetik larregi aldendu behar itsaspean lurra ukitzeko, 600-800 metrotara, arrezifeen azpian. Arrezifeok koral-hesi alimalekoak osatzen dituzte, itsaso-hondorainokoak, eta ehunka izakiren bizileku dira.
Indiar Ozeanoa eta Itsaso Gorria lotzen ditu "Ad Al Mandaba" (erosta-atea) pasabideak, ur-azpian 100 metrotara, hortik pasatzen da, uraz gain, milaka izaki ere. Paseko ur hori adituentzat "itsaso itxi" gisako bat da, eta horko eremu indiar-barekoaren faunaren %25 endemikoa da (beste inon ez dauden espezieak).
Iparrean bi itsaso-beso doaz, elkarren parean, Mediterraneorantz. Ekialde-mendebaldean Sinaí penintsula dute. Itsaso-besoetako bat Akabako Golkoa da, sakonera dezentekoa (1.600m), eta hegoaldean itsasertz oso hareatsuak eta egitura madreporito apartak ditu, adibidez, Tiran estugunea. Beste itsaso-besoa, Suezko Golkoa, ez da hain sakona eta itsasorako bidea artifizialki aurkitu zioten. Bi besoek bat egiten duten gunean naturak eskaintzen duen bizi-festak ez du ia berdinik. Horrelako besterik ez dago munduan, eta horregatik Ras Mohamed lurralde hori, bizi-iturri hori, babeste aldera Parke Nazional izendatu zuten.
Eta arrantzale herrixka zen Sharm El Sheik orain turismora emana bizi da, denetik dauka, eta handitzen eta handitzen ari da. Egunero urpekari eta turista ugari joaten da hara, bertatik bertara naturaren ederraz gozatzera.
Koral-arrezifea
Eremu bateko biologia garatzeko ezinbestekoak dira mantenu-gaiak, eta jendeak uste baino gutxiago dauzkate ur tropikalek. Horretan askoz gehiago dira koral-arrezifeak, eta horrenbestez, esan liteke eurengana "erakarri" egiten dutela bizitza oro. Baina bizidun guztiek bere koral-arrezife puska nahi dute bizirauteko, eta borroka etengabea da. Bizitza borbor dago koral-arrezifean, esan liteke, oasi bat dela desertuaren erdian.
Eta bizi-festa hori zeri esker gertatzen da? Bada, madrepora koral gogorrei esker. Izaki txiki ñimiñoek sortzen dituzte. Izan ere, izakiok urari kaltzio karbonoa kentzeko gaitasuna dute, eta osagai horrekin sortzen dute korala. Hor polipo koloniak bizi dira, eta bata bestearen gainean jarrita koral-arrezifeak sortzen dituzte, eta horren ondorioz edo ekosistema izugarri aberatsa da. Arrezife hauek milaka urtez hazi ondoren, gerta liteke urgainera irten eta uharte bihurtzea.
Forma eta kolore ugarikoak dira koralak, baina bertan bizi diren polipoak hiltzean zuritu egiten dira koralok. Koralekin sinbiosia duten itsaso-belar zelulabakarrak dira koralari kolorea ezartzen diotenak. Sinbiosi hori nolakoa den ez dakite egundaino, baina badakite alga horiek ezinbestekoak direla kaltzio karbonatoa sortzeko. Eta oxigenoa ere sortzen dute algek. Beraz, on asko egiten diote ekosistemari, naturak behar-beharrezkoa du eta oxigenoa. Arrezifearen onerako diren beste izaki batzuk ere badira: briozooak, kare-algak...
Arrezifea egitura alimalekoa da, eta gainetik eta barrutik han dabiltza bizidun guztiak, direnak eta ez direnak. Batzuk oso xumeak dira, belakiak, baina itsaspeko ugaztunik garatuenak ere hantxe bizi dira, adibidez, piramide trofikoaren erpinean dauden marrazo ikusgarriak. Marrazo horiek ez dira arriskugarriak, baina bestelakoa da duten sona, eta errespetua jartzen dute.
Arrezifean espezie eder ugari dago, adibidez, loro-arraina, harea sortzaile nekaezinak (hauek algak dituzten koral-zatiak jaten dituzte, eta harea bihurtzen dute korala). Eta hor dira pailazo-arrain sinpatikoak ere, anemona erregarriaren azpian lasai-lasai.
Oharra
Bibliaren garaietatik gaur arte izan den jeneroa salerosteko pasabiderik emankorrenetakoa da Itsaso Gorria. 1869an Suezko kanala jarria zen abian, eta hori izugarrizko iraultza izan zen itsaso garraioarentzat. Izan ere, itsaso estu horretan merkantzia ontzi mordoa pasatzen da egunero, autopista dirudi. Beraz, ez da harritzekoa Itsaso Gorria hain luzea izan arren, hondoratutako hainbat eta hainbat ontziren puskak eta hondakinak izatea han-hemenka, itsaspean, eta agerian ere bai. Bide batez esan, Suezko Kanala inauguratu zen egunean "L'Aigle" ontzian Frantziako Enperatriza zihoala, Eugenia de Gautegiz de Arteaga eta bere lehengusua, Baionako Fernando de Lesseps. Abesbatza ere bazen, 600 piamontetarrez osatua, eta ia beste horrenbeste euskaldunez, Ormaiztegikoak eta Beasaingoak. Egun horretan, Suezko Kanalaren ohoretan, "Gazi-Gezak" bainu-etxea jarri zen abian Donostian. (Mendizabal, Antonio, "José Goikoa, Arquitecto, Autor de San Sebastian" Instituto Dr. Camino de Historia Donostiarra, Kutxa, 2003, 51. or.)
