Baiona, etorkinen fruitu

Baionari buruzko aurreiritziak hautsiz, hiriaren ikuspegia freskatzen du Claude Labatek 'Bayonne, raconter la ville autrement' liburuan.

Hiria orokorrean eta teorikoki pentsatzeko ordez, zergatik ez praktikotik abiatu. Eta egunerokoan herritarrek nola begiratzen duten begiratu. Horrela laburbil daiteke nolazpait Claude Labat Lauburuko kidea eta Baionan fisika irakaslea denak idatzi Bayonne, raconter une ville autrement (Baiona, hiri bat beste era batez kontatu), (Elkar). Asisko Urmenetaren marrazkiak eta ezohiko Baionako guneen argazkiak lagun, gaur egungo Baiona osatzen duten gizon eta emazteei interesatzera gonbidatzen du Labat.

Horretarako, Baiona zeharkatzen duen lehen autobus linea jarraitu du. Irakurketa kronologiko bat baino, linea horretatik jautsi, oinez ibili eta bere begietatik ikusi duena oinarri, ez ohiko begi keinuz osatu du liburua. Funtsean, proiektuaren abiapuntua bera ere, ezohikoa da. Lehen linea horretako autobusean bururatu zitzaion. Neska beltz bat zeukan parean. Leihotik begira zegoen neska, Herriko Etxetik hurbil dagoen Lavegerie kardinal baionesaren eskultura alimaleari so. Orduan ohartu zen buruz buru horren berezitasunaz Labat. Baiones beltz bat, bere arbasoen lurra konbertitu nahi zuenaren herrian bizi... Egun horretan ohartu zen Baionako historia esplikatzeko, usaiako bideak ez zirela aski. Iragana ukatu gabe, baina oraina mintzatzen utziz. Hona hemen Baiona hobeki ezagutzeko liburutik hartu zenbait begi keinu:

31 hizkuntza

31 hizkuntza zenbatu dituzte Baiona iparraldean, Baiona festibalaren antolatzaileek eraman inkestak dioenez. Baiona Iparraldeko 12 ikastetxeetako 465 haur galdekatu dituzte horretarako. Guztiak 10 eta 12 urte artekoak dira. Gehienbat frantsesez mintzo bada, horien familietan euskarak ere presentzia nabarmena dauka. Uste baino gehiago. Bi horien ondoan, espainola, arabiarra, portugesa, errusiarra, kreola, wolof, vietnamera, turkiarra, kurdua, bosniera eta beste anitz ere aurki daitezke. Orain, ikerketa hau osatzeko eskas dena da jakitea Baiona hegoaldekoek zer hizkuntza mintzo duten.

Aturriko eskuinaldea eta ezkerraldea

Bi Baiona ote? Hala erraiten da usaian. Parte zaharra, preziatuena, eta iparraldea, ezezaguna, etorkinena eta beldurgarria. Luzaz muga psikologiko bat izan baldin bada bi aldeen artean, aurreiritzi horren aurka joanez, bere liburua iparralde horretatik abiatzen du Labatek. Baiona handia eta Ttipien xarma ukatu gabe baina, iparralde hori dela Baionaren geroa berresten du Labatek. Gaur egun jada Baionako biztanleriaren %14,75 han bizi dira. Jakinez, orotara, 39.844 biztanle dituela Lapurdiko hiriburuak. Geroan, zifra hori emendatuz joanen da. Matematikoki. 2015ari begira 4.000 bizi leku eraikitzekoak dituzte Arrousets eta Seque auzoetan, besteak beste. Eta horrekin batera, agian, muga hautsiz joanen da. Alabaina, etxebizitzaren krisia dela eta, egoitza bat erosteko orduan, honen helbidea ez da gehiago lehentasun bat.

Aturri eta portua

Baiona ur anitzeko gunea da. Erromatarren garaian jada Ibai unea deitzen omen zuten. Aturri mendetan izan da barnealdearen lotura bakarra. Baina, denborarekin ordea, portua hiri barnetik urrundu eta itsasoari hurbildu da. Horiek horrela, luzaz aktore izan ondoan, emeki emeki apainketa soil bat bihurtu da Aturri.

Juduak eta Baiona

Juduek Baionarekin ukan duten harremana Baionaren baitako herritarren nahasketaren adierazle izan daiteke. Baionara iritsi diren jende berriak, juduak bezala, beti lortu dute integratzea, nahiz eta zailtasunak ukan. Juduak, beraz, XVI. mendean Baionara beharturik etorri den populazio bat da. San Izpiritu auzoan bizitzera bortxatu zituzten lekuko agintariek. Baina aldi berean, parte zaharrean lan egiten zuten, zuten baldintza bakarra, eguzkia sartu baino lehen San Izpiritura berriz joatea. Zernahi auzi egiten zizkieten ere. Baina azkenean, juduak ardurak hartzen joan ziren. Baionako judu bat baino gehiago auzapez izan zen.

Espainiako gerrako hieslariak

Juduak ez dira Baiona babestu diren bakarrak, ordea. Labatek Espainiako gerla zibileko hieslari baten alargunari hitza eman dio horretaz ohartzeko. Louison izena du eta Polo Beyris auzoan bizi da. Auzo honetan garaian laborantzarako erabiltzen zituzten lurrak zeuden. Erdi horretan polo jokorako espazio bat egokitu zuten turista ingeles eta espainolentzat. Hortik heldu zaio izena. 1936an, berriz, errefuxiatuak lekuko zalditegian jarri zituzten, eta Bigarren Mundu Gerran, Alemanek presoen akanpalekuko bat antolatzen dute. Azkenik, 1960an 391 egoitza eraiki zituzten. Louison han bizi izan da ttipitatik. Ongi oroit da nola ttipitan errefuxiatuei bere jolasak ematen zizkien burdin hesien arteketatik. Garaian ezagutu zuen senarra.

Baionaren bihotza, saltokiz betea

Zentro zaharraren bilakaeraz arranguratua da Labat. Eguneko animazioa bakarra komertziala da. Eta ondorioz, aztirian ez da bizi izpirik. Telebista etxeetan sartu izanaren ondorioa dela dio. Lehen karriketan bizi baitzen jendea. Labatek berak ttipitan egun osoak karrikan iragaiten zituen.

Baiona ttipia, mitotik errealitatera

Baiona ttipiaren irudia bere errealitatea gero eta urrunago dela deritzo Labatek. Besta giroa nagusi daukan auzo baten irudia baldin badu, unibertsitatea han ezarri nahi diote. Eta haren ustez, biak ez doaz bat. Unibertsitatearen asmoa ez baita bururaino eramana haren ustez. Ez baitiote lekurik ematen. Ostatuek unibertsitateak baino leku gehiago dutela dio. Oro har, Baionak bere gazteen baitan ez duela sinisten konbentzitua da.

Zitadela

Betidanik militarren hiria izan da Baiona. Paradoxa bat baldin badirudi ere, portuari esker beti kanpoari begira egon bada Baiona, aldi berean, harresi gotorrek betidanik zerraturik atxiki dute. Gainera, Elizaren larderiaren menpe, frango nor bere baitaratua egon da hiriburua. Halere, funtsean, militar eta eliz gizonek ezin izan dute herritarren dinamismoa oztopatu, Labaten ustez. Froga, nahasketa kulturala. Dena dela, gaur egun ere Zitadela beti bizirik dago. Eta beti militarren egon lekua da. Bertako militarrak munduan zehar bidaliak dira, Frantziak operazio bortitzen betetzera.

Baionako karrika, etxetzat

Zifrak berez mintzo dira: 2005 eta 2006a arteko neguan, gau bakoitz 100 jendeek autoetan lo egin dute Baionan. Eta ehun horien artean, hamar emazteek. Etxerik gabekoez arduratzen den Baionako Atherbea zentroak gizarte munduan ari diren elkarteekin eraman azterketatik atera zifrak dira hauek. Kopuru hori nabarmenduz horiek ere Baiona osatzen dutela erakutsi nahi izan du Labatek. Horiek ere lekuko errealitatea osatzen dutela. Begiak ezin direla hetsirik atxiki, eta horretaz arduratzea ere denen egin beharra dela dio Labatek.

* laburtua: http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=plaza&data=2006-10-11&orria=050&kont=006

 

 


C1
11-10-2006
16511392
2451