Dokuteka
Putzuetako bizimodua
Uda gertu dugu, eta gutako askok aisialdia itsasertzean emango du sasoi horretan. Aspalditik du gure herriak harako joera. Eta herritar asko ibili ohi da horko animaliak biltzen. Baina gaur egun, horrenbeste bildu eta jaso denez, bilketak behera egin du izugarri. Etxegintzak, eta ingurua kutsatzeak ere, zerikusia izan dute murrizketa horretan.
Zorionez, jendea ari da egoera honen aurrean kontzientziatzen, ingurugiroa ere hobeto ezagutzen dugu, eta honek guztiak ondorio onak ekarri ditu. Baina ez da nahikoa, egin beharreko bidea luzea da; izan ere itsaso-azpian duguna, gehientsuena ez bada zati handi bat behintzat bai, ez dugu oraindino ezagutzen. Eta ez ditugu ezagutzen ezta hurbileko ekosistemak ere, adibidez, gure hondartzen aldameneko marearteko guneak.
Gune horienganako tira berezia izan du jendeak. Gure hondartzen aldamenean dauden harralde horietara oinezko asko hurbiltzen da, batzuk ikusmiran, baina baita zer animalia bilduko ere, nahiz eta animalia horiek gehientsuenek balio handirik izan ez. Kontua da ekosistema hauskor horri presio handia ezartzen zaiola, eta ekosistema horrek berealdiko garrantzia duela itsasoan gertatzen diren harreman trofikoetan.
Beraz, ekosistema hori ezagut dezakegu, are, ezagutu egin beharko genuke. Hor badira espezie batzuk oso delikatuak, izkirak adibidez, eta beste batzuk harrigarriak, itsas izarrak, edo menderakaitzak, itsas trikuak, edo dotoreak, olagarroak.
Honatx hainbat animalia:
Ermitaua (karramarroa). Krustazeo honek ez duenez babesik sabelaldean, nolabait egin behar dio aurre "akats" horri, eta moluskuren batena izandako maskor hutsean sartzen da. Adibidez, itsas kurkuiluren baten maskorrean.
Olagarroa. Sinpatikoa animalia. Mareabehera dagoenean sortzen diren putzuetan babesten da. Molusku zefalopodo honek zortzi beso ditu, eta bentosa indartsuak erabiltzen ditu jan nahi duenean. Jendeak hala uste du, baina animalia hau ez da batere erasokorra.
Blenidoa. Zein sinpatikoak diren familia honetako animaliak. Kabuxak lehen metroetan egoten dira, taldeka eguzkia hartzen harri zapaletan.
Itsas trikua. Ekinodermatu hauek ale oso ugariko taldeak osatzen dituzte sakonera gutxiko uretan. Gorputzean arantza zorrotzak ditu, eta bere burua besteko darabiltza. Molestatu egiten dute, molestatzekotan, baina arriskutsuak ez dira.
Nekora. Krustazeo sarraskijale hau haitzetan ezkutatzen da. Marearteko putzuetan ibiltzen da jan bila, babes bila.
Lanperna. Itsas ertzeko animaliarik preziatuenetakoa jateko, preziatuena ez bada. Lehen metroetan bizi da, haitzari itsatsita, hantxe, itsasoak bortitzen jotzen duen tokian. Neurriz kanpoko arrantza jasan du.
Izkirak. Aipatzen ari garen ekosistema honetan oso ohikoa. Gizakiari ez dio inongo beldurrik, eta aise hurbiltzen da gure hanka ondora edo esku ingurura. Bere siluetak argia pasatzen uzten du alde batetik bestera, eta horregatik zaila izan daiteke lehen begiratuan ikustea.
Ofiura. Bitxia da ekinodermatu hau. Badu erdian disko moduko bat, eta handik beso fin-luzeak irteten zaizkio. Itsas izarren ahaidea da, baina haiek ez bezala, hau izugarri mugitzen da, eta oso azkar bazka bila dabilenean itsas hondoan. Sarraskijalea da.
Itsaskietara joateko. Horretan jarduteko Eusko Jaurlaritzaren lizentzia edo baimena behar da, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailak emana: www.nasdap.ejgv.euskadi.net/
MAREARTEKO GUNEAN ARITZEKO AHOLKUAK
*Errespeta itzazu itsas ertzean eta itsasoan dabiltzanak.
*Mostra bizirik ez hartu, ez estresatu animaliak.
*Ez utzi zaborrik.
*Ingurugiroa nolabait (usain txarrak direla, hondakin-isuriak direla...) kaltetua izan bada, parte eman.
*Errespetatu bideak, bidexkak, seinaleak.
*Ez jiratu harriak azpikoz gora. Izan ere, badira espezieak harrien azpiari edota gainari esker bizi direnak.
*Gogoratu arrantzarako edo itsaskiak hartzeko, lizentzia behar duzula. *Informa zaitez noiz zer har daitekeen, harrapakinen gutxieneko neurriak zein diren, eta abar. Eusko Jaurlaritzako telefono hauetan duzu informazio hori: 946 885 021 edo 943 022 575.
*Kontuz lingirdarekin.
*Kontuz olatuekin eta itsasgorarekin.
