Dokuteka
Edurne Pasaban: "Mendiaren eta familiaren arteko oreka aurkitzea ezinbestekoa da"
Edurne Pasabanek, eta berarekin dagoen mendizale taldeak, Shisha Pangma (8.046 m.) mendiaren gailurrera iritsi nahian hogei egun baino gehiago eman ditu. Gaur jakin da, ordea, eguraldi txarraren ondorioz, bertan behera utzi dutela igoera. Lortu izan balu, hauxe zatekeen bere hamargarren zortzi milakoa, aurtengo udan Broad Peak mendia igo ondoren. Bi espedizioen artean gurekin egoteko tarte bat hartu eta solasean jardun genuen.
2004an K2an bizitako esperientzia gogorraren ondoren, urtebete eman zuen Edurne Pasabanek menditik urrun. Tolosarrak aitortzen duenez, "dena pikutara bidaltzeko tentazioa" izan bazuen ere, gustuko duena egiteak aurrera egiten lagundu zion. Hausnarketa horretatik, bada, ondorio bat atera zuen: mendian bezalaxe, etxean ere gustura sentitu beharra dagoela. Mendiaren eta familiaren arteko oreka aurkituta, hamalau zortzi milakoak lortu nahi ditu orain 34 urteko emakumeak.
Bederatzigarren zortzi milakoa lortu berri duzu (Broad Peak, 8.047 m.) eta hamalauak egitea da zure asmoa. Zure ametsa betetzeko bidean al zaude?
Nire ametsetako bat dela esan daiteke, bestela ez nuke egingo. Beti esaten dut beharrezkoa dela proiektu bat izatea eta 14 zortzi milakoetatik gero eta gertuago nagoenean -orain bederatzi ditut-, logikoena da lasterketa horretan sartzea. Lehena izateak edota lortzeak ez nau obsesionatzen. Are gehiago, nire ustez, tamaina horretako erronka bat obsesio bihurtzea oso arriskutsua da. Kontuan izan behar da gauza bat: kirol honetan, gure bizitza jokoan jartzen dugu askotan eta obsesionatzea oso arriskutsua izan liteke, itsutu gaitzakeelako. Hortaz, helburuak betetzea oso ondo dago, baina obsesionatu gabe. Norberaren bizitza helburuen gainetik dago.
Gerlinde Kaltenbrunner austriarrak ere helburu bera dauka eta oso berdinduta zabiltzate. Adiskide ala lehiakide zarete?
Gerlinde eta biok barre egiten dugu jendeak gure arteko konpetentziari buruz hitz egiten duenean. Hedabideak dira ideia hori zabaldu dutenak, asko saltzen duelako. Baina, gure artean ez dago konpetentziarik: adiskideak gara. Gainera, oso harreman estua dugu eta batak bestearen berri izan ohi du. Oraintxe bertan, hain zuzen, mezu bat bidali dit.

Elkarrekin espediziorik egin al duzue?
Uda honetan, esate baterako, elkarrekin egon gara Broad Peak-en. Niretzat oso esperientzia ona izan da Gerlinde bezalako adiskide batekin egotea kanpamenduan, are gehiago neska izanda.
Nola definituko zenuke Gerlinde?
Gerlinde gauzak oso argi dituen pertsona da. Alpinista bezala, berriz, ikaragarri ona da.
Mendiarekiko zaletasuna txikitatik datorkio
Nola gogoratzen dituzu gurasoekin joaten zineneko urteak?
Oso urte politak izan ziren. Udako oporretan, karabana hartu eta Pirinioetara joaten ginen. Horrela piztu zitzaidan mendiarekiko zaletasuna. Geroago, 14 urterekin, eskaladako ikastaro bat egin nuen eta astebururo eskalatzera joaten nintzen. Horrek astebururo Tolosatik irteteko aukera ematen zidan eta asko betetzen ninduen. Garai hartan oso ondo pasatzen genuen, orain ere bai, baina, nagusiki, etxetik ateratzeko aitzakia zen. Pixkanaka-pixkanaka aitzakia zena erronka bihurtu zen eta gero eta bidai luzeagoak egiten hasi nintzen: Alpeak, Andeak... Mendian ondo moldatzen nintzela ikustean, orduan eta gustu gehiago hartu nion.
Eta profesional gisa aritzeko erabakia noiz iritsi zen?
Erabaki hori hartzea ez zen erraza izan, are gehiago emakumea izanik. Izan ere, alpinismoaz bizitzea oso zaila da eta gizartearekin bat ez datorren bizimodua egitera behartzen zaitu, hots, 34 urterekin ezkongabea izatea eta haurrik ez edukitzea. Halere, nik argi neukan eta benetan gustura nago nire erabakiarekin. Besteek pentsatzen dutena berdin zait. Gaur egun, gustukoa dudanetik bizi naiz eta zoriontsua naiz. Horixe da inportanteena.
2004an K2a igo zenuen Juanito Oiartzabalekin batera eta oso esperientzia gogorra bizi izan zenuten. Nolabaiteko inflexio-puntua izan zen zure bizitzan?
Bai, oso gogorra izan zen eta ondorioak ere larriak izan ziren. Bi behatz galdu nituen eta gurpil-aulki batean egon behar izan nuen. Handik itzultzean, alpinismoa alde batera uztea bururatu zitzaidan. Urtebete eman nuen utzi edo aurrera jarraituko nuen pentsatzen. Azkenean, egia da K2an bizitza gehiegi jokatu genuela, baina alpinismoaren inguruan bizi naiz eta ezin dut alde batera utzi.
Zer ikasi zenuen esperientzia horretatik?
Gauza asko ikasi nituen. Batetik, konturatu nintzen oso neurekoia nintzela, mendizale guztiak bezalaxe. Mendira joaten garenean, ez gara arduratzen etxean uzten dugunaz: mutil laguna, familia... Baina, errealitatea ez dago mendian, etxean baizik. Espedizioetan bi hilabete eman ondoren, etxera itzuli behar dugu eta oso garrantzitsua da etxean ere gustura sentitzea. K2tik itzuli nintzenean, bi behatz galdu nituen eta bi hilabete eman behar izan nituen gurpil-aulki batean. Zentzu horretan, K2ko esperientziak erakutsi zidan etxekoak zure ondoan dituzula, behar dituzunean. Mendiaren eta familiaren arteko oreka aurkitzea ezinbestea dela ikasi nuen.
Azken urtea ere latza izan da, mendian hainbat adiskide galdu dituzu eta. Horrek mendiarekiko beldurra piztu al dizu?
Beldurra baino errespetu handiagoa hartzen diozula esango nuke. Beti oso "segurola" izan naiz. Baina, batzuetan mendian kosta egiten da atzera egiteko erabakia hartzea. Espedizio bat antolatzeak denbora eta diru asko eskatzen duenez, zaila da bertan behera uztea. Baina, zure inguruan horrelako ezbeharrak gertatzeak pentsatzera behartzen zaitu. Alde horretatik, oso argi daukat: nire burua arriskuan ikusten dudanean, erabakiak azkar hartzen ditut. Heldutasunak ere badu eragina, lehen zoroagoak ginen. Aurtengoa urte gogorra izan da hiru lagun galdu ditugulako. Hortik ateratzea ez da erraza, baina nik uste dut gure adiskideek ez luketela nahi etxean gelditzea. Gogorra da horretan pentsatzea eta egia esan, nahiago dut gehiegi ez pentsatu.
Uste duzu gehiegi sakrifikatu behar izan duzula?
Nire ustez, zerbait lortu nahi duenak sakrifikatu beharra du. Nire bizitza pertsonalean egia da asko sakrifikatu behar izan dudala. Baina, gustura egin dut.
Gainerako kideekin zer nolako harremana duzu?
Guztiekin oso harreman ona daukat. Gehienak ni baino lehenago sartu ziren alpinismoan eta beraiengandik asko ikasi dut. Mendizale batek argi izan behar du besteengandik ikasi beharra duela, eta alde horretatik zorte handia izan dut.
Gizonen munduan aritzeak desberdin sentitu arazi zaitu?
Mendian kirolari moduan, ez. Espedizioetan, berriz, emakume bakarra izatea nekagarria da. Batzuetan, nazkatuta bukatzen dut gizonen arteko elkarrizketa "tontoak" entzuteaz. Hasieran, batik bat, asko kostatu zitzaidan gizonen artean bizitzea. Baina, urteen poderioz, gero eta hobeto moldatzen gara.
Noraino igo nahi du Edurne Pasabanek?
Esango nuke erronka dezente lortu ditudala, azkeneko urteetan batik bat. Burua zentratzea, gustuko dudana egitea eta horrekin zoriontsua izatea uste dut asko dela. Eta bide horri eutsi nahi diot aurrerantzean. Mendian ez bada ere, zoriontsu bizi nahi dut. Bestalde, familia bat osatzea gustatuko litzaidake hemendik urte batzuetara.