detalle dokuteka-generico-fitxa

Hotzeria ala gripea ote?

Aaaatxis!... hoztu egin naiz. Zer egin dezaket? Laranja-zukua edo salda beroa? Arropa asko ala prenda arinak? Etxean geratu edota kanpora irten? Sarritan, zaharrak nahasgarriak gertatzen dira

    Urtean zehar denok pasatzen dugu hotzeria gertakari pare bat, gutxienez, baina pertsona oso sentiberek edo umeek gehiagotan (baita zortzi aldiz ere urtean) jasan dezakete. Birusek sortutako infekzio hori egoera arrunta da, oso kutsakorra, eta ondorio txarrik eduki ez arren, molesto eta deseroso samarra gertatzen da. Gainera, ume txikietan edo sistema immunologikoa ahuldua duten pertsonetan infekzio larriagoak ekar ditzake (otitisak, bronkitisak, etab.). Beraz, kontuan hartzea merezi du, zer egin eta zer ez egin argi edukitzeko.

OHIZKO GALDERAK

    Hotzeriaren atzean 200 birus diferente baino gehiago egon daitezke, baina errinobirusak dira ohizkoenak. Eztula, doministiku edo hitz egiterakoan, besterik gabe, botatzen ditugun listu-tanta txiki-txikien bidez sartzen dira birus hauek sudur-mukosara eta erreakzio bat eragiten dute bertako sistema immunologikoan.

Ba al du hotzak zerikusirik gaitzaren agerpenean?
Bai eta ez. Tenperatura baxuek, beraiek soilik, ez dute hotzeria eragiten, baina birus erantzulearen ekintza errazten dute, hotzak gorputzaren defentsa naturalak ahuldu egiten dituelako. Horrexegatik, askoz gehiagotan hozten gara neguan udan baino.

Kutsakorra al da?
Bai, infekzioaren ondorengo aurreneko 2-4 egunetan batez ere. Birusak airearen bidez sar daitezke arnasbideetan, edo, baita ere, pertsona erasanarekin edo kutsatutako azalera batekin zuzeneko harremana eduki ondoren gure sudurra edo ahoa ukitzen badugu.

Tabakoak sintomak areagotzen al ditu?
Bai. Kea kaltegarria da erretzailearentzat, eta baita inguruan dituen pertsonentzat ere. Kea irensteak, norberarena bezala baita besteena ere, arnasbideetako defentsak ahuldu egiten ditu, infekzioa erraztuz, eta behin hotzeria harrapatu eta gero, sendatzea zailduz.

Arropa gehiagorekin babestu behar al dugu geure burua?
Ez. Kanpoko tenperaturari aurre egiteko modu egokian jantzi behar gara, baina gehiegikeriarik gabe. Gehiegi babestuz gero, bat-bateko tenperatura-aldaketa baten aurrean (adibidez, kaletik etorri eta berokuntza duen gela batera sartzen garenean), azalaren gainean pilatzen den izerdiak are gehiago hoztuko digu gorputza, gure defentsak ahulduz.

Antibiotikoek hotzeria sendatzen al dute?
Ez. Hotzeria, gripearekin gertatzen den bezala, birusen kontua da. Eta antibiotikoek, beraz, ez dute balio gaitzari aurre egiteko, bakterioen kontra bakarrik baitira eraginkorrak. Horregatik, gomendatzen diren botika bakarrak antitermikoak dira (sukarrik balego) eta analgesikoak, buruko mina, eztarriko mina edo ondoez orokorra bezalako sintomak arintzeko. Haurdun egonez gero, emakumeak ez luke inolako botikarik hartu behar, medikuari galdetu gabe.

Jan-neurriak lagun al dezake hotzeriari aurre egiten?
Bai. Ez dago dieta osasuntsu eta orekatua baino prebentzio-neurri hoberik. Jan-neurriak bitamina eta mineraletan aberatsa izan behar du, eta marrantatuta gaudenean oso garrantzitsua da likido asko edatea, ez ura bakarrik, baita etxean egindako zukuak, saldak, infusioak, etab. Likidoak sudurrean pilatutako mukositatea fluidotzen du eta horrela, muki horiek kanporatzea errazagoa gertatzen da.

C bitaminak ba al du eraginik kontu hauetan?
Bai eta ez. Behin hoztura harrapatu denean, C bitaminak ezer gutxi egin dezake hura sendatzeko. Begi-bistakoa dirudien arren, ez dago zientifikoki frogatua bitamina honen erreserba egokiak dituzten pertsonek hotzeria gutxiago dituztenik edo arinagoak harrapatzen dituztenik. Bestalde, ez da ahaztu behar C bitamina gehiegi ere kaltegarria izan daitekeela.

Hezetasunak kalte egiten al du?
Ez, justu alderantziz gertatzen da. Giro lehorregiak dira arnasbideak estaltzen dituen mukosa alteratu edo narritatzen dutenak, infekzioa erraztuz. Hotzeria saihesteko, beraz, % 50,55eko hezetasun-maila egotea komeni da gure etxe, bulego, eskola, eta gainerako leku itxietan.

FUNTZIONATZEN DUTEN ERREMEDIOAK

    Antitermiko eta analgesikoez gain, badira beste erremedio sail bat ere, hoztura sendatu agian ez, baina zertxobait hobeto sentiaraziko gaituztenak.

- PAPEREZKO MUSUZAPIAK. Zintz egiteko, onena paperezko musuzapiak erabiltzea da, eta gero zakarrontzira botatzea, noski. Oihalezko musuzapi normalak ez dira hain higienikoak, eta komuneko paperak sudurra narritatu egiten du.
- SERUM FISIOLOGIKOA. Sudurra garbitu eta bertako kongestioa gutxitzeko, soluzio fisiologikoko tanta batzuk erabil ditzakezu (gatz-disoluzioa ere esaten zaio) sudur-zuloetan botatzeko. Farmazian aurkituko duzu.
- HEZEGAILUAK. Oso baliagarriak dira giroko hezetasuna gehitzeko, sudurreko nahiz eztarriko mukosa lehor ez dadin.
- BASELINA. Muki asko daudenean, ohizkoa da sudurraren eta ahoaren inguruko azala narritatzea. Hori gerta ez dadin, eman baselina pixaka bat zona horietan egunean hainbat aldiz.
- KARAMELU BALTSAMIKOAK. Oso egokiak eztula baretzeko eta eztarriko mina arintzeko. Kontuz, hala ere, ume txikiekin: sekula ez eskaini horrelako karamelurik 3 urtez azpiko haur bati.
- BAINU BEROAK. Oso lasaigarriak gertatzen dira, eta min muskularrak gutxitu eta ondoeza arintzen lagunduko dizute.
- LURRUNAK. Hain ohizkoak diren lurrun-bainuek sudurra deskongestionatu eta arnasa hobeto hartzen laguntzen dute. Eta urari landare baltsamikoak —erromeroa, eukaliptoa, pinua edo ezkaia, esaterako— gehitzen badizkiozu, eragina are eta hobea izango da.

EZ NAHASI HOTZERIA ETA...

* GRIPEA. Sintoma oso antzekoak dituzten arren, gaitz diferenteak dira. Alderik nabarmenena zera da, hotzeria pixkanaka hasten den bitartean gripea bat-batean agertzen dela, sukarra eraginez gainera (hozturan, sukarrik ez dago, edo oso arina izaten da).

* ERRINITIS ALERGIKOA. Kasu honetan, doministikuez, sudurreko jario urtsuez eta sudurreko kongestioaz gain (sintoma horiek komunak baititu hozturarekin), begietako narritadura eta malko-jarioa, argi gogorren aurrean molestia (fotofobia esaten zaio) eta buruko mina, kopeta aldean batez ere, izango lirateke sintoma bereizgarriak.

 GRIPEA
HOTZERIA
ERRINITISA
Inkubazio-aldia
Sukarra
Muskuluetako minak
Buruko mina
Bizkarreko mina
Doministikuak
Eztarriko mina
Begietako narritadura
Sudurreko jarioa
12-18 ordu
Oso altua, 39-40 ºC
Sarritan, gogaikarriak
Oso gogorra
Bai
Batzuetan
Batzuetan
Batzuetan
Batzuetan
48-72 ordu
Batzuetan
Ez dago horrelakorik
Batzuetan
Ez
Oso sarritan
Sarri
Oso maiz
Ugaria, aurreneko egunetan
Bat-batean, iraupen laburra
Ez dago sukarrik
Normalean ez
Normalean ez
Ez
Txanda luzetan (ugariak)
Oso gutxitan
Sarritan (malkoak, azkura)
Urtsua, arina
          
Jabier Agirre, UZEI

detalle2

Docuteca

13-11-2007

x61pRelaContWAR

  • Agirre , Jabier
16506033

x61pViewCountWAR

5822

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR