detalle dokuteka-generico-fitxa

Iñigo Arruabarrena Legorburu, odontologoa

Haur asko joaten dira Iñigo Arruabarrena odontologoarenera. Osakidetzak finantzatzen duen PADI programarekin lan egiten du. Zazpi urtetik 15 urtera bitarteko haur eta gazteei zuzenduta dago, eta txiki-txikitatik dentistarengana joateko ohitura hartzea da programaren helburua. Zarautzen dago Arruabarrenaren kontsulta eta hara joan gara bere ogibidea gertutik ezagutzeko.

Urtean behin, dentistarenera
Iñigo Arruabarrena lanpetuta harrapatu dugu, eta bitartean itxarongelan sartzeko eskatu digu harrerako neskak. Bertan, Leire eta Asier Divasson anai-arrebekin hitz egiteko aukera izan dugu. Amarekin etorri dira. Hiruek hartu dute dentista ikusteko hitzordua. Kontatu digutenez, amaren zain daude; beraiek dagoeneko bukatu dute gaurkoz. Leirek zortzi urte ditu eta Asier anaia baino berritsuagoa da. Leirek esan digu ez dela lehen aldia dentistarenera datorrela. "Ez dit beldurrik ematen, gustura etortzen naiz". Iaz etorri zen lehen aldiz eta harrezkero, gustura etorri ohi da, hortzetako aparatua jarriko dioten esperantzan. "Ikastolako lagun askok dute hortzetako aparatua eta nik ere horixe nahi dut", esan digu. Asierrek sei urte ditu eta gaur egin du lehen azterketa. Urduri samar dago -nahiz eta berak ezetz dioen- eta baita pixka bat lotsatuta ere.

PADI programari esker, hortzak nola zaindu behar dituzten ikasten dute haurrek. Modu horretan, hortzetako arazoak hasieratik ekiditen dira. "Lehen, mina genuenean joaten ginen dentistarenera, baina orain gauzak zeharo aldatu dira. Txikitatik urtean behin azterketak eginez gero, txantxarrak edo gainerako arazoak errazago konpontzen dira. Azterketa edo berrikuspenik egin ezean, berriz, arazo larri bihur daitezke. Egia da PADI programari esker umeek txantxar gutxiago dituztela, eta beraz, hortz-haginen bizia luzatu egiten dela. Amonak hortzik gabe ikustea normaltzat jotzen genuen lehen, baina ez du zertan horrela izan behar. Txiki-txikitatik zainduz gero, urte askotarako izan dezakegu hortzeria", adierazi digu Arruabarrenak.

Hiru urtetik aurrera
Hiru urtetik aurrera hasi behar dugu hortzak zaintzen. Adin horretan, beraz, gurasoak arduratu behar dira umearen garbiketaz. "Adin horretan oso interesgarria da umea hortzetako eskuilarekin jolasten hastea, pastarik gabe bada ere. Zazpi urte arte, komeni da gurasoak gainean egotea, arazoren bat sumatuz gero gugana etortzeko. Handik aurrera, urtean behin joan behar gara dentista ikustera, eta hortzak egunean hiru aldiz garbitu behar ditugu. Batez ere, oheratu aurretik, gaueko garbiketa da-eta garrantzitsuena. Hamabi urtetik aurrera, eskuilaz gain, hortzetako haria erabiltzen erakusten diet modu formalean; jakina, haurrek badute adin horren aurretik ere garbitzen hastea". Kontua da hortzak behar den moduan garbitzeko ohitura txikitatik hartzea.

PADI programaren barruan, hortz iraunkorren zainketa sartzen da; esneko hortzak, aldiz, ez dira sartzen. "Umeak urtean behin edo bitan etortzen dira, baina txantxarrak izateko arriskua dutenean gehiagotan etortzen dira", argitu digu. Helduen kasuan ere, urtean behin hortz-haginak aztertzea komeni da, arazorik ez izanda ere. Arruabarrenak esan digunaren arabera, gaur egun lehen baino gehiagotan joaten gara dentistarenera, eta ez bakarrik hortzetako arazoak ditugunean. "Orain jende gehiago etortzen da ahoko garbiketa egitera, eta horri esker piorrea bezalako gaixotasunak saihesten ditugu". Piorrea edo gingibitis izeneko gaixotasunaren ondorioz, oiak handitu eta hezurra pixkanaka galtzen joaten da. Oso arriskutsua da, hortza erori daiteke-eta. "Hasieratik tratamendurik jartzen ez badugu, 50 urterekin hortzik gabe gelditzeko arriskua dago", azaldu digu.

Iñigo Arruabarrenak 15 urte daramatza odontologo-lanetan. Egunean 15 aho inguru ikusten ditu bere kontsultan eta era guztietako lanak egiten ditu: enpasteak, ortodontziak, kirurgiak, endodontziak... Ildo horretatik, lan batzuek besteak baino denbora gehiago ematen dutela argitzen du, eta hori dela-eta, baliteke egun bakar batean hiru aho edo 15 ikustea. "Aurreko hortzetan lan egitea atzekoetan baino askoz errazagoa da, denbora gutxiago eskatzen du. Hagina eskuan jarriko balidate, lehenago amaituko nukeela esan ohi dut", dio ironiaz.

Betiko topikoari buruz galdetu diogu Arruabarrenari: beldurrari buruz, alegia. Eta zera erantzun digu: "Gure garaian ez zegoen horrelako programarik eta, ondorioz, heldu askok dentistarengana joateko beldurra izaten dute. Gaurko haurrek, berriz, ez dute gugana etortzeko beldurrik, normaltzat jotzen dute. Hala ere, batzuetan, ez da erraza haurrekin lan egitea, mina sumatzean urduri jartzen direlako".

Hortzak ondo garbitzeko aholkuak
  • Hortzetako eskuila ez da ez gogorregia izan behar, ezta bigunegia ere.
  • Pasta gutxi erabili; ilarraren tamainako pasta kantitatea erabili.
  • Bizpahiru minutu eman hortzak garbitzen.
  • Jan ondoren garbitu behar dira hortzak, batez ere oheratu aurretik, eguneko garbiketarik garrantzitsuena baita.
  • Hortzetako eskuila erabiltzeaz gain, 12 urtetik aurrera haria erabiltzea komeni da.

Oihana Prado (Kazeta5)

x61pRelaContWAR

detalle2

Docuteca

B2
14-11-2008

x61pRelaContWAR

16503008

x61pViewCountWAR

4203

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR