detalle dokuteka-generico-fitxa

Ricardo San Vicente: Lipidoak

Ricardo San Vicente familia-medikua da eta Ezkio-Itsasoko Osasun Zentroan ari da lanean. Osakidetzak iaz kaleratutako "Lipidoen erabilera, arrisku kardiobaskularreko faktore bezala" izeneko praktika klinikoko gidaliburuaren koordinatzailea da eta, hain zuzen ere, gai horri buruz hitz egiteko gonbidatu dugu gurera.

Hasteko, azalduko al diguzu zer diren lipidoak?
Lipidoak gorputzean funtzio metaboliko garrantzitsu batzuk betetzen dituzten molekula batzuk dira. Energia pilatzeko balio dute, zelulek energia triglizerido eran pilatzen dute, mintz zelularren oinarrizko egituran parte hartzen dute, jarduera fisiologiko askoren erregulatzaile dira eta beste sustantzia batzuen aitzindari. Kolesterola, esate baterako, beharrezkoa da hormona sexualak eta kortisona sortzeko. Baina gidaliburu horretan, lipidoak arrisku kardiobaskular bezala aztertzen dira; hau da, zein paper jokatzen duten lipidoek gaixotasun kardiobaskularren garapenean.

Beraz, kolesterola eta triglizeridoak izan ohi dira neurtu beharrekoak. Zergatik? Zein da lipido horiek igotzearen arriskua?
Guk profil lipidikoa egitea gomendatzen dugu: gizonezkoei 40 urterekin, eta 45ekin emakumeei, betiere arrisku kardiobaskularra kalkulatzeko asmoarekin. Profil horretan HDL edo kolesterol ona bezala ezagutzen duguna, LDL edo kolesterol txarra eta triglizeridoak neurtzen dira. Esate baterako, kolesterol-maila altua izatea arrisku-faktore bat da, gertaera koronario bat izateko arriskua igotzen duelako. Eta kolesterola ez da arrisku-faktore bakarra, badira beste arrisku-faktore batzuk, beharbada, kolesterolak baino garrantzi handiagoa dutenak. Horrek esan nahi du, ba, kolesterol-zifra batek ez digula informazio handirik emango beste arrisku-faktoreak kontuan hartzen ez baditugu. Bestalde, LDL-kolesterola edo kolesterol txarraren maila altuak gaixotasun kardiobaskular bat izateko arriskua areagotzen du, aldiz, HDL edo kolesterol onaren maila altuak arriskua nabarmen murrizten du. Orobat, zenbait ikerketatan ikusi da lipidoen maila berarekin, arrisku kardiobaskularra erabat ezberdina dela populazio batetik bestera. Guk daukagun kolesterol-maila, esate baterako, Europa Iparraldeko herrialdekoen antzekoa edo handiagoa den arren, gure mortalitate kardiobaskularra askoz apalagoa da, hain zuzen ere hiru-lau aldiz apalagoa. Hortaz lipidoak neurtu, bai, neurtu egin behar dira, baina betiere arrisku kardiobaskularrak bere osotasunean hartuta, bestela ez du zentzu handirik.

Zer-nolako pazienteak dira arrisku kardiobaskular gehien dutenak? Ba al du adinak, sexuak edo bestelako faktoreren batek pisu berezirik kontu honetan?
Bai. Arrisku kardiobaskular gehien dutenak infartua edo gertaera koronarioa izan duten pazienteak dira. Hori alde batetik. Bestetik, lehenengo prebentzio-mailan -hau da, gaixotasun kardiobaskularrik ez dutenen artean- arrisku-faktore asko dituztenak dira arrisku gehien dutenak.
Zuk aipatutako arrisku-faktore horiek ere garrantzitsuak dira: adina, sexua, tentsioa -tentsio altua, jakina- diabetesa, tabakoa eta baita kolesterol-maila altua ere. Horietaz aparte, aurrekari familiarrak ere kontuan hartu behar dira, eta baita obesitatea ere, bi faktore horiek ere arriskua igotzen dutelako.

Pazientea aurrean duzuenean, ezaugarri horiei guztiei erreparatzen al diezue? Hori guztia hartzen al duzue kontuan?
Paziente baten arriskua zein den jakiteko, guk arrisku kardiobaskularra kalkulatzen dugu. Lehen mailako prebentzioan -hau da, gaixotasun kardiobaskularrik gabeko pazienteetan-, taula bat erabiltzen da arriskua kalkulatzeko. Zenbait taula daude; guk gidaliburu honetan REGICOR izenekoa gomendatzen dugu, hemengo biztanleriari egokitutako taula bat delako. Lehen aipatu ditugun arrisku-faktoreak erabiliz, 10 urteko epean gertaera koronario larriren bat izateko probabilitatea neurtzen da taula horren bitartez. Probabilitate hori % 20koa baino handiagoa baldin bada, esan dezakegu pertsona horrek arrisku handia duela; probabilitatea edo arrisku kardiobaskularra % 10ekoa baino txikiagoa bada, arrisku baxua dauka; eta %10-20 bitartean baldin badago, arrisku moderatua.
Halaber, lehen aipatu dudan bezala, aurrekari familiarrak hartu behar dira kontuan; batez ere, gertakari kardiobaskular goiztiarrik izan duen. Orobat, jakin beharra dago lehen mailako ahaideetan alterazio lipidiko larririk izan duten, sortzetiko lipidemia bat baztertze aldera.

Ez dakit taula hau kontuan izango duzuen tratamendua bideratzeko garaian. Nola egiten duzue hori?
Bi prebentzio mota bereizten ditugu: bigarren mailako prebentzioa, hau da, gaixotasun edo gertaera kardiobaskularra izan duten pazienteei begira egiten dena; eta lehen mailako prebentzioa, gaixotasun kardiobaskularrik gabeko pazienteei bideratua. Ez dago esan beharrik arrisku gehien duen taldea gertakari koronarioa izan duten pazienteek osatzen dutela. Zer egin liteke horiekin? Ba, hasiera-hasieratik tratamendu farmakologikoa jarri behar zaie; horretaz gain, dieta eta jarduera fisikoa egitea ere gomendatzen diegu. Tratamendu farmakologikoari dagokionez, estatinak izeneko medikamentu batzuk jartzen zaizkie, frogatua dagoelako horiek hartuz gero, gaixotasun kardiobaskularra izateko arriskua eta mortalitatea jaitsi egiten direla.
Arrisku baxuko pazienteekin, ez da tratamendu farmakologikorik erabiltzen; hori bai, gomendatzen diegu bizimodua nolabait aldatzeko, dietari erreparatuz eta jarduera fisikoa areagotuz. Gainpisua izanez gero, pisua pixka bat jaisteko beharra azaltzen diegu, ez erretzeko, alkohola edatekotan neurrian egiteko...
Tartean dagoen arrisku-faktoreko taldekoekin -% 10 eta 20 bitarteko horiekin- arrisku-faktore batzuk hartzen dira kontuan: aurrekari familiarrak eta obesitatea. Faktore horiek gogoan izanda, tratamendu bat edo beste bat jartzen zaie: kasu batzuetan bizitza-estiloa aldatzeko gomendatzen diegu, eta beste kasu batzuetan, beharrezkoa iritziz gero, baita tratamendu farmakologikoa jarri ere.

Arrisku-faktoreren bat duen gizon edo emakume batek zer izan beharko luke bere eguneroko martxan elikadurari edo kirolari dagokionez?
Elikadura aldetik dieta mediterraneoa segitzeko gomendatzen diegu; guk kasik dieta mediterraneoa baino gehiago esaten diegu eredu mediterraneoa betetzeko, dieta bat baino gehiago baitago. Hori kasu guztietan gomendatzen da, lehenengo mailako prebentzioan eta baita bigarren mailakoan ere. Dieta horren funtsezko ezaugarriak dira zerealak, lekaleak, fruta eta fruitu lehorrak asko  kontsumitzea eta, aldiz, haragiaren kontsumo apala. Oliba-olioa erabili behar dela koipe-iturri gisa, arraina, oilaskoa eta esnekiak ere neurrian hartu behar dira.
Ardoaren kontsumoak, esate baterako, apala izan behar du: egunean ez dira bi unitate gainditu behar gizonezkoetan, eta unitate bat emakumeetan. Alkohol-unitate bat 100 milimetroko baso ardoa izango litzateke. Alkohola neurri horretan edaten baldin bada, gaixotasun kardiobaskularren kontrako babesle izan liteke. Kontsumoa neurtu egin behar da, ze frogaturik dago neurri horretan edanda babeslea den bezala, gehiago hartuz gero kaltegarria dela erabat.

Kirola egiteko ere ba al dago neurririk?
Kirola, gutxieneko bat beti egin behar da. Gidaliburu horretan astean, gutxienez, bost egunetan egin behar dela diogu, bospasei egunetan ahal bada, eta aldiko 30 bat minutuz; esaterako, ba, arin samar ibiltzea. Gehiegi egiten bada, gauza guztiekin bezala, ez da ona izango, baina neurri horretan egiten bada, egunero pixka bat eginez gero, frogaturik dago oso onuragarria dela.

x61pRelaContWAR

detalle2

Docuteca

B2
22-10-2009

x61pRelaContWAR

16500370

x61pViewCountWAR

3805

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR