Dokuteka
Heriotza nola adierazi seme-alabei
Gai zail hau seme-alabei modu egokian azaltzea guraso askoren buruhaustea izan ohi da. Etxeko edo hurbileko bat hiltzen denean, nola jokatu behar dugu haur eta gaztetxoekin? Heziketan adituak aholkuak ematen dizkigu irratsaioko pasarte honetan.
Irudia: s. Hermann/F. Richter, Pixabay
Jaime Otamendi kazetaria. Guraso eta aiton-amonen eskola zabaltzeko garaia da Mezularian. Beatriz Ezeiza, guraso-trainerra. Arratsalde on.
Beatriz Ezeiza guraso-trainerra. Arratsalde on.
Jaime Otamendi. Heriotzari buruz hitz egin behar dugu. Aurreko astean beldurraren inguruan hitz egin genuen, eta beldur nagusietako bat, umeek duten beldurretako bat, heriotzaren aurrekoa da. Heriotzari diote beldurra, ezta?
Beatriz Ezeiza. Halakoxea da. Bai. Baina nik pentsatzen dut, askotan gurasook beldur bera daukagula. Beraz, oso gai tabua da. Eta umeei azaltzerakoan zalantza, kezka eta beldur handiak izaten ditugu. Bai. Orduan, zer egin behar dugun? Ba bueno, nik pistatxo batzuk gaur emango dizkizuet.
Alde batetik, kontutan eduki behar dugu etxean, familia artean, edonor gaixorik dagoenean, edo hiltzear, haurrari beti adierazi egin behar diogula eta egia esan behar diogula. Eta gertaerak, doazen ahala, adierazi behar diogula [dizkiogula]. Beraz, haurrak erreakzionatuko du naturaltasunez guk gaia naturaltasunez tratatzen baldin badugu. Aldiz, ez baldin badugu horrela tratatzen, umeak beste erreakzio mota bat izango du. Gero, beste gauza bat eduki behar dugu oso kontutan. Inoiz ere ezin gaitezkeela gezurretan ibili. Askotan entzun izan dugu “Ez… Ba begira, amona bidaia luze bat egitera joan da. Edo beharbada bueltatuko da…” Umeari inoiz esperantza faltsurik ezin diogu eman. Ze(ren), klaro, umea zain dago ea amona noiz bueltatuko den, ea noiz elkar ikusiko duten, eta noski, horrek sortzen dio egia esan antsia pitin bat eta angustia ere sor diezaioke. Orduan, beti ere egia esan behar diogu.
Gero, beste zalantza bat izaten da, noiz adierazi. Zein adinetan adierazi? Hor, egia esan, ezberdindu egin behar ditugu adinak, ze(ren) 3-6 urte bitartean umeak ez du ondo ezberdintzen errealitatea eta fikzioa. Orduan, ez da gai ondo ulertzeko heriotza zer den. Baina beraiek asko erabiltzen dute jolas sinbolikoa. Panpinekin asko jolasten dute eta askotan simulatu egiten dute heriotza ere. Eta bueno, horrelakoak egiten dituztenean, utzi egin behar diegu, ze(ren) askotan, hildakoak behin eta berriz berpiztu egin ditzakete. Eta horien bidez estrategiak sortzen dituzte. Orduan, utzi egin behar zaie.
Beste alde batetik, bueno ja(da) 6-11 urte bitartean haurra prest dago kognitiboki heriotza zer den ulertzeko. Baina lehen esan dudan bezala, gure beldurrak proiektatzen baldin badizkiegu eta erantzunak emateko garaian gai sentitzen ez baldin bagara, beraiengan larritasun handia sortuko da. Orduan, oso garrantzitsua da. Alde batetik, kontutan edukitzea haurrari erantzungo diogula, berak egiten dizkigun galderak, ez gehiago, ez gutxiago, ze(ren) horrek esan nahi du bere jakinmina puntu batetara arte iristen dela. Eta guk holaxe adieraziko diogu.
Gero, beste gauza garrantzitsu bat, eta kuriosoa da, ze(ren) hau ere oso arrotza egiten zaigu gurasoei edo familiartekoei… Askotan umeak eskatzen du horrelako gertaera baten aurrean ba dolu edo erritualetan parte hartzea. Eta galdera, galdetzen dugu: “Nola utziko diot ba hiletara joaten? Nola utziko diot ba?” Umeak eskatzen baldin badigu, zergatik ez? Utzi diezaiokegu lasaitasun osoz.
Garrantzitsua da baita ere adieraztea, bueno, adio bat esango diogula joan zaigun pertsonari eta adio hori, agur hori ematea familia artean, ba bueno, egin beharreko zerbait dela, lasaitasuna ekarriko digulako. Orduan, umeei askotan, marrazkitxo baten bidez, esaldi polit baten bidez, idazki txiki baten bidez, loretxo bat eramanez… Eta horrelako gauzekin ere, ohitu egin behar ditugu. Beraz, gezurrik inoiz ez, itxaropen faltsurik inoiz ez, eta gero, utziko diegu beraien emozioak adierazten. Ze(ren) hori ere askotan gertatzen zaigu. Umea, edo gu, triste gaude, negargura daukagu, eta nola egingo dut ba negar umearen aurrean? Ba negar egin behar da, eta adierazi egin behar zaio: “Begira, negarrez ari naiz triste nagoelako.” Dramatismorik gabe, baina errealitatea adieraziz.
Gero, nik esango nuke baita ere, eta hau ez dakit… Hor baditugu, tresna dezente ditugu, jadanik, gaur egun gurasook ere, eskuartean manejatzeko, ez? Eta oso tresna egokia da, ipuina. Orduan, nik batzuk behintzat, bueno, adieraziko ditut edozein familiatan gertatuko balitz ba kontutan edukitzeko, ze(ren) seme-alabekin lantzeko oso modu egokia izan daiteke. Hor badaukagu, adibidez, Pello Añorgaren Adio, adio, Elkar editorialekoa (argitaletxekoa). Badugu baita ere, Agur, amona Timun Mas editorialekoa, Mercè Companyrena. Ez da erraza, katagorri txikia, Kalandra [Ez da erraza, katagorri! Kalandraka] editorialekoa, eta gero, badaukagu baita ere oso manual polita… Hau erderaz dago, eta pena bat da, ze(ren) hemen gaixoaldiak, agurra oso ondo agertzen da baita ere… Begoña Ibarrolarena, Cuentos para el adiós. Eta oso tresna polita da. Eta gero, gurasook irakurtzeko, Paidós editorialekoa badaukagu Cómo hablar con niños y jóvenes sobre la muerte y el duelo. Eta nik uste dut askotan beharrezkoak ditugula horrelako tresnak.
Eta gero, hemen, Euskal Herrian oso profesional onak ditugu gai honetan ere. Orduan, ba aizu, edozein familiak beharko balu, zergatik ez? Joan egin behar da profesionalengana eta orientabideak eskatu eta, gainera, lasaitasun osoz.
Hauxe da nik adieraziko nizuena, eta batez ere hori, naturaltasunez eta bueno, guk ditugun beldur horiek ere ba uxatu egin beharko genituzkeela. Eta umeekin, da beste gai bat hitz egin beharrekoa familia artean.
Jaime Otamendi. Beatriz Ezeiza, eskerrik asko.
Beatriz Ezeiza. Ez horregatik. Hala, ondo izan.
