Dokuteka
Auto-ilarak: Gasolina eta pazientzia galtzen
Auto-ilara madarikatua!
Eta, hain justu, presaz gabiltzanean. Edo agian horregatik, beti presaz
gabiltzalako. Kotxea gehiegitan hartzen dugulako, edo Euskal Herria merkantzia
garraioan puntu estrategikoa izanik kamioi gehiegi dabilelako, istripu asko
daudelako edo azpiegiturak nahikoak ez direlako. Errudunak bilatzen saiatu
arren, gure ohiturak aldatu ezean, autoan sartuta, ez aurrera ez atzera, zain
egotera kondenatuta gaude. Mugikorretik berandu iritsiko garela abisatzen dugu
edo ilarako bizkorrena bazterbidetik beste guztiak aurreratzen nola saiatzen den
ikusten dugu, bitartean denbora, dirua eta, batzuen jarrera ikusita behintzat,
osasun mentala ere galduz.
Auto
ilarak garestiak dira. Garestiak ingurumenarentzat, ibilgailuen CO2
emisioengatik. Garestiak, erregaia xahutzen delako. Baina bereziki garestiak
denbora galtzen delako, lan orduak, eta beraz, dirua. Azken hau da auto-ilaren
fakturan pisu gehien duen kontzeptua. Eta faktura ez da nolanahikoa: Espainiako
Estatuan urtero BPGren %2 galtzen da auto-ilaratan edo, beste modu batera
esanda, 15.000 milioi euro.
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren arabera, EAEn sortzen diren atasko
nagusiak puntualak dira, ez daude egunerokotasunari lotuak. Oporretako irteera
eta itzulera operazioetan eman ohi dira edo istripuen ondorioz.
Astekari honen Lasarte-Oriako egoitza ez da txarra horren adibideak topatzeko,
N-1 errepidea aldamenetik pasatzen baita. Joan den apirilaren 25ean, inguru
honetan lan egiten dutenen artean gutxi izan ziren lantokira garaiz iritsi
zirenak. Goizean goiz kamioi batek istripua izan zuen N-1a Andoaindik pasatzen
den zatian, Gasteizeko norabidean. Karga guztia irauli eta zaila izan zen
errepidea berriro garbi uztea. 6 orduko ilarak eragin zituen istripu honek.
Azken asteei erreparatuz gero, irailaren 26ko lehen orduetan beste kamioi batek istripua izan zuen Irungo mugara iritsi baino lehen. Errepidea azulejoz betea utzi zuen istripuak eta goizeko 09:00etarako ilara dagoeneko Lasartera iritsia zen ia. Handik egun gutxira, hilaren 30ean berriro ere Gasteizeko norabidean pilatu ziren autoak, Aieteko tunelean lau autok istripua izan ondoren. Eta azkenik, N-1aren zati bertsuan eta norabide berean, urriaren 3an, ataskoa beranduago sortu zen, eguerdi aldera. Berriro ere istripu batek eragin zuen.
Kamioiek al dute errua?
Aipatutako adibide gehienetan kamioiak daude tartean. Gainera, lau istripuetatik hiru astelehenean gertatu ziren, hots, Irungo muga berriro kamioientzat zabaltzen den egunean. N-1ean kamioien fluxua bereziki altua da. Trafiko Zuzendaritzak Aldundien datuetan oinarrituta emandako kopuruetan ikusten da hori.
2003an Etxegarateko mendatetik pasa ziren ibilgailu guztien artean —16.098 egunero—, erdia kamioiak izan ziren. Egia da, merkantzien garraioan gune garrantzitsua osatzen dutela hainbat errepidek, baina kontuan hartu behar da hori ez dela guztietan gertatzen.
Esaterako, A-8an, Bilboko Gurutzetako sarreratik 129.888 ibilgailu pasatzen
dira; horietatik gehienak -117.938- ibilgailu arinak dira eta kamioiak ez dira
12.000ra iristen. Eta Etxegaraten kamioien portzentajea %50era iristen bada ere,
N-1 osoan batez bestekoa %20koa da. Gainera ibilgailu gehien arratsaldeko
19:00etatik 20:00etara biltzen dira errepide honetan eta kamioien maiztasun
handieneko ordua, aldiz, eguerdiko 12:00etan da.
Baina beste arazo bat ere azpimarratu du Arantxa Arozena Guitranseko idazkari nagusiak: «Asko dira auto-ilarak eragiten dituzten arrazoiak, baina denen atzean errepideak hobetu eta egungo fluxu eta beharretara egokitzeko behar larria dago. Gure errepide sarea modernizatzeko benetako ahalegina egin behar dute».
Azpiegituren muga
Auto-ilara asko ez da istripuen eraginez sortzen, errepide batzuk saturatuak daudelako baizik -goiko koadroan zehazten dira auto-ilara gehien izan ohi dituzten puntu «beltzak»-. Garraiolariek azpiegitura hobeak eskatzen dituzte saturazioa saihesteko. Baina Eusko Jaurlaritzaren 2002ko Trafikoko Plan Estrategikoak honela dio: «Arazo horiek (mugikortasun arazoak) ez dira konpondu soilik bide-azpiegitura berriak eginda edo egun daudenak zabalduta.
Errepidea gero eta gehiago erabiltzen da bai bidaiarien aldetik bai salgaien
garraiorako, baina ezinezkoa da, eta, gainera, ez da komeni, azpiegitura berriak
sortzea». Ekologisten ustez ere ez da komenigarria eta Donostiako bigarren
eraztuna eta Bilboko Hegoaldeko Saihesbidearen bideragarritasuna zalantzan jarri
dute.
Azken 6 urtetan EAEn 700 milioi euro inbertitu dira errepideak eraikitzen, baina
trafikoak ere gora egin du eta bide berriak berehala autoz bete dira.
Ibilgailu partikularrak
Beraz, ataskoak harrapatzen gaituen hurrengo aldian, istripuak, ertzainak,
kamioiak, errepideak, erakundeak... madarika ditzakegu. Baina autokritika apur
bat egitea ere komeniko litzateke. Errepideak saturatzen dituzten ibilgailuen
artean gure autoek gehiengoa osatzen baitute. Gainera auto horietan gehienetan
(%75) gidaria bakarrik joaten da; autoen okupazioaren batez bestekoa 1,2
pertsonakoa da.
Batetik hiritarrok nahiago dugu garraio pribatua, publikoa baino. Gainera gero
eta jende gehiago bizi da hirien periferiatan eta handik mugitu beharrak ere
autoen ugalketa ekarri du.
Trafikoaren fluxua etengabe gora ari da. A-8aren Gipuzkoako zati gehienetan,
adibidez, trafikoa hirukoiztu egin da 1980tik hona. Donostiatik Pasairako zatian
hirukoiztu ez ezik, bost aldiz handiagoa da egun. Eta igoera nabarmena izan da
bereziki azken hamarkadan. Aieteko tunelean -duela egun batzuk lau autok
istripua izan zuten tunel horretan bertan- 60.827 ibilgailu sartzen ziren
egunero; 2003an, aldiz, 106.499.
Hirietako korapiloan
Ibilgailu fluxurik handiena hirietako sarreretakoa izan ohi da. Baina hor ere
alde handia dago hiri batetik bestera. Gasteizen, ibilgailu gehien pasatzen den
sarrera N-1ekoa da eta 38.445 ibilgailu jasotzen ditu egunero. Bilbon eta
Donostian kopurua askoz ere handiagoa da. Bi hiriotan A-8koak dira maizen
erabiltzen diren sarrerak: Bilbon ia 130.000 ibilgailu sartzen dira hortik
egunero eta Donostian, berriz, ia 110.000. Hau guztia 2003ko datuen arabera, iaz
Donostiako sarrera horrek 120.000ko errekorra hautsi baitzuen.
Guztira, beti ere 2003ko datuen arabera, 351.900 ibilgailu sartzen dira egunero
Bilbon eta 268.900 Donostian.
Behin hiri barrura sartuta gauzak aldatu egiten dira, eta auto gehien jasotzen
dituen hiriak ez du zertan trafiko motelagoa izan. Consumer aldizkariak berriki
egin duen azterketa baten arabera, Hego Euskal Herriko hirien artean Iruñea da
zirkulatzeko egokiena, edo azkarrena behintzat.
Nafarroako hiriburuan kilometro bat egin nahi duenak 4 minutu eta 54 segundo
beharko ditu batez beste. Bilbon, zertxobait gehiago, 5 minutu eta 24 segundo
hain zuzen. Donostian sartzen denak, berriz, 7 minutu eta 2 segundo pasako ditu
kilometroa egiten. Hain zuzen, ibilgailu gutxien sartzen den hiriak du
trafikorik mantsoena: Gasteizen 7 minutu eta 7 behar dira.
Borondatez ala behartuta?
Errepideen erabiltzaile partikularren esku ere badago trafikoa eta, beraz,
auto-ilaren arazoa murriztea. Erabakia borondatez har daiteke, kotxea partekatuz
edo ahalik eta gutxien erabiliz. Edo laguntzarekin bestela: hainbat tokitan
oporren eta lan ordutegien flexibilizazioak, trafikoa mailakatzea eta, ondorioz
auto-ilara arriskua gutxitzea ekarri du.
Eta bestela, beti izango dugu autoan sartuta, denbora, dirua eta pazientzia
galtzeko aukera.
