Dokuteka
Nerabeek ez deprimitzeko babes handiagoa behar dute
Azken bizpahiru urteetan nerabeen depresioak bikoiztu egin dira eta ia hirukoiztu suizidatzeko ahaleginak. Depresioa saihesteko -egun diagnostiko psikiatriko ohikoena da-, familia, eskola eta gizartearen babes handiagoa eman behar zaiela nerabeei dio Jose Luis Jimenez psikiatrak.
Jose Luis Jimenez
Gurutzetako ospitaleko haur Psikiatria saileko burua
"Nerabeek, ez deprimitzeko, babes handiagoa behar dute"
Nerabeen depresioak nabarmen ugaldu omen dira
Bai. Gurutzetako Ospitalean, esaterako, iaz tratatutako psikiatria kasuen % 20 baino gehiago 13 urtetik 17ra arteko nerabeenak izan ziren; 1996an, ostera, kopuru hori % 12koa zen.
Depresioa, egun, diagnostiko psikiatriko ohikoena da. Aipaturiko adineko nerabeen % 5,7 deprimituta daude. Emakumeak gizonak baino maizago deprimitzen dira.
Zerk ekarri du depresioen ugaltze hori?
Orain gutxi arte ukatu egiten zen umeak eta nerabeak deprimitzen zirela; ezin ziren deprimituta egon. Egun, adin horretakoen depresioak ugaldu direla jakin dugu, suizidatzeko ahaleginak ugaldu egin direlako. 1996. urtean 13 eta 17 urte bitarteko 10.000 nerabetik zortzi bere buruaz beste egiten saiatu ziren; iaz, bestalde, kopuru hori 23koa izan zen.
Zerk eragiten du depresio hori?
Gaixotasun multifaktoriala da. Helduen depresioak ez bezala, pertsonen arteko faktoreak, familiarrak edo sistemikoak paper oso garrantzitsua daukate.
Horietaz gain, bada gorpuzkera faktore bat; izan ere, adierazteko zailtasunak dituzte, oso hipokondriakoak dira, eta ez diote aurrerapenari edo etorkizunari abenturaren ikuspegitik begiratzen, ilusiorik gabeko ikuspegitik baizik.
Adimentsuak izaten dira, eta agian horregatik oso sentikorrak eta sentiberak dira.
Beraz, sarritan sentitzen dute eraso egiten zaiela?
Bai, egiten zaizkien errefusak, mesprezuak eta etengabeko kritikak, datozenetik datozela, -baina bereziki gurasoenak- faktore garrantzitsua dira. Baita eskola eta inguruko erauztea edota bere harreman garrantzitsuen aldaketak ere (lagun taldea, familia, neska edo mutil-laguna...).
Zein sintoma agertzen ditu nerabeak?
Nerabeen artean depresio bat antzematea zaila da, batez ere gurasoentzat oso mingarria delako seme-alaba bat deprimituta ikustea, eta gaztetxoek beraiek inoiz ez dutelako onartzen deprimituta daudenik, zorotzat hartuko dituzten beldur baitira.
Dena dela, deprimituta dagoen nerabe batek honako sintomak agertzen ditu: oro har, aurpegi tristea; lehen egiten zituen kirolak edo bestelako jarduerak egiteko gogo gutxi; auto-estima oso bajua; bere buruaren oso balorazio negatiboa; ez dute ilusiorik; kexu dira, nekatuta daudelako, bereziki goizetan; hotzak eta hiperkontrolatuak dira; eskolan arazoak dituzte, baina lehen ez zituzten; ez dira kontzentratzen, eta sarri asko inguruarekin sumingarri eta oldarkor agertzen dira.
Zeren kontra agertzen dute agresibitate hori?
Batetik, txarrak diren sentsazioa dutelako eta ezin dutelako beren agresibitatea kontrolatu. Eta, bestetik, bizitzea tokatu zaien egoera bidezkoa ez dela agertzeko.
Deprimitutako nerabeak besteek arbuiatzen dutela eta maite ez dutela uste du, besteak beste merezi ez duela pentsatzen duelako. Horregatik guztiagatik sarri asko jarrera probokotzaileak eta erasokorrak izan ditzake,
Ba al da sintomarik medikuarengana jotzea gomendatzen duenik?
Bai, heriotza aipatzen denean; auto-erasoak; anorexia larria; buru-hilketari buruzko adierazpen idatzia edo ahozkoa; etxetik ihes egiteko mehatxuak -buruaz beste egiteko ahaleginen aurretik beti izaten da horrelako ahalegin bat-; buruaz beste egiteko mehatxuak; edo alkohol eta drogen gehiegizko kontsumoa. Dena dela, depresioetan ohikoak diren edozein aldaketen aurrean, gomendagarria da medikuarengana jotzea.
Ez al diote heriotzari beldurrik?
Nerabeak heriotzaren gaia zerbait zirkunstantzial eta anekdotiko balitz bezala hartzen hazi dira, horrela ikusten baitute telebistan eta bestelako hedabideetan.Horregatik, heriotzaz barre egiten dute. Dena dela, heriotza gertatzen ari zaienarekin bukatzeko modu bat balitz bezala ikusten dute, lotan geratzea balitz bezala.
Nerabeak horrelako egoera batera ez heltzeko, zer egin daiteke?
Horrelako egoera batera heltzen den nerabea, tratamendu egokiarekin, hilabete batzuetan sendatu egin daiteke. Edonola ere, oso garrantzitsua da horrelako egoerak saihestea. Horretarako, familia oso babes garrantzitsua da; gurasoek entzun eta hitz egin behar dute euren seme-alabekin, haiekin denbora igaro eta familian garrantzitsuak direla sentiarazi.
Nerabeek egun duten baino familia, eskola eta gizartearen babes handiagoa behar dute ez deprimitzeko.
