AITZIBER BILBAO/BERMEO
SOLASKIDE, BEGOÑA BILBAO
- Nola izan zenuen liburuaren berri?
- Gure herrian askotan entzun izan dugu Bermeo la sauvage. Festetako
egitarauan ere aipatu izan da noizbait. Baina inoiz ez dut jakin
zehazki zer zen. Duela hamaika edo hamabi urte, euskaltegiko irakasle
nintzela, institutuko irakasle batek kopia bat ekarri zidan.
Euskaratzeko asmoa zuten eta nigan pentsatu zuten. Udalaren ardurapean
argitaratu nahi genuen, baina dirurik ez omen zegoen eta atzera bota
zuten. Handik gutxira euskara teknikari sartu nintzen udalean, eta
beste saio bat egin nuen, antzua hura ere. 1997an, erretiratu
nintzenean -azkenik- aurretik itzulita neukanarekin segitu nuen, eta
ekinaren ekinez aurrera atera nuen. Edorta Jiménezek asko lagundu dit.
Liburuaren aurkezpenean esan zuenez, istorioa Ipar Amerikan gertatu
izan balitz hiruzpalau pelikula egongo lirateke honezkero.
- Bermeotarra izanik, zer izan da zuretzat herriari buruzko liburua euskaratzea?
- Oso esperientzia ona. Frantsesez irakurri nuenean hunkituta geratu
nintzen, baina euskaratzerakoan bizi izan dut istorioa: irakurri ahala
ikusi egiten nuen. Gauza asko oso hurbilekoak zaizkit. Galarrena
deskribatzen duenean, esaterako, negar asko egin nuen, nire etxean ere
horrelako estualdiarik bizi izan dugulako.
- Bermeo basatia: herrikideren bat haserretu ere egingo zitzaizun...
- Izena aldatzekotan egon ginen, baina azkenean jatorrizkoari eutsi
genion: basatia erakargarriagoa da eta, gainera, egileak ez zuen
negatiboki erabiltzen. Haren iritziz basatia ez da piztia edo
hezigabekoa; kutsatu gabeko pertsona da, zintzoa, ohituretan garbia eta
lagun hurkoari beti laguntzeko prest dagoena. Liburuan, norbaitek
esaten dio protagonistari bermeotarrak basatiak direla, baina berak
esaten dio menperaezinak direla. Eta halakoak garela uste dut. Alaiak
eta berba asko egitekoak, baita gangar samarrak ere.
- Egileari buruz oso gauza gutxi dakigu.
- Egile nahiko ezezaguna da. Capdevielle oso abizen arrunta omen da
Euskal Herriko Iparraldean. Beste ipuin biren egile ere bada, eta
Herria aldizkarian agertu ziren. Urkixo Fundazioan, bestalde, Julio
Urkixori eskainitako Bermeo la sauvage lanaren ale bat dago. Abade ote
zen ere uste dugu, irakaspen ugari ematen dituelako. Protagonistak
maila sozial ezberdinetako gazte bi dira, eta adiskidetasunak mailok
gaindi ditzakeela adierazi nahi du egileak. Halaber, garaiko
euskaldunen izaera kristaua azpimarratzen du.
- Deskribapenengatik, herria asko ezagutzen zuela ematen du.
- Argi dago egilea Bermeon izan zela, kontatzen dituen hainbat
gertakari egiazkoak direlako, baita liburuan agertzen diren pertsona
batzuk ere. Politikari dagokionez, esaterako, Bermeon abertzaleak eta
liberalak zeuden. Errepublikanoak ere bai, baina ez zuten indar
handirik. Liburuan, protagonistaren lehengusina burgesa Bermeora
heltzen denean harrituta geratzen da Bermeo bezalako herri txikian
errepublikazalerik egoteaz... Arlo sozialari dagokionez, bi mundu
aurrez aurre jartzen ditu, garai hartan zegoenaren isla. Protagonistak
Abarkatar Santi -arrantzaleen semea- eta Andres Bidetxea -handikien
familiakoa- dira. Arrantzale eta aberatsen artean apenas zegoen
harremanik, eta hauteskunde garaian iskanbila handiak egon ohi ziren.
Oraintsu arte, esaterako, Talan bi bide egon dira paseatzeko: bata
handikiena, eta bestea herri xumearena. 30 urte dira kasinoa
edozeinentzat ireki zela. Azokara, azkenik, ez zen handikirik agertzen
- Garaiko Bermeoko ohitura eta sineskeriak ezagutzeko oso tresna egokia da, beraz.
- Herriko bizimoduaren hamaika xehetasun ematen ditu egileak, hala nola
aska bete eta errekara arropak garbitzera zihoazen emakumeak, gaur egun
trenaren geltokia dagoen lekuan itsasoratzen zen errekatxora. Oraindik
bizirik dirauten ohitura asko agertzen dira: alkatea itsasontziz
Mundakara joaten den Madalen eguneko erromeria, edo San Juan egunean
Gaztelugatxera oinez egiten dena. Bestalde, sineskeria eta hildakoen
espiritu ugari agertzen dira liburuan. Batzuek Juan Rulforen Pedro
Páramo liburuarekin alderatu dute.
- Euskara batuaz idatzi baduzu ere, hainbat hitz Bermeoko jatorrizko moduan sartu dituzu.
- Hala da, batez ere itsasoarekin zerikusia duten hitzak.
Argitaletxekoek esan zidaten ez zegoela hiztegitxoa erantsi beharrik.
Bermeotar 'dx' hotsa ere horrela idatzi dut, 'dxakenarrue' edo
'loidxie' idazteko, esaterako. Aurkezpen egunean batek esan zidan ea
zergatik ez nuen gaztelerara itzultzen. Nik ez nuke istorio hau
gazteleraz kontatuko, daukan gatza galdu egingo lukeelako. Nola esan
gazteleraz 'lapur zantarra' edo 'txarridxe' bezalako adierazpideak!
- Herri euskalduna bada ere, Bermeoko euskara oso kritikatua izan da.
- Ni bermeotar hizkerazale sutsua naiz. Foru Aldundiaren beka batekin
bermeotar hizkerako 1.500 hitz eta esamolde dituen hiztegi bat egin
nuen, baita aditza eta fonetikari buruzko ikerketa ere. Bermeoko
hizkera ez da ez ona ezta txarra ere, berezia da. Hiztegi aldetik oso
aberatsa da, gai izan gara kanpotik sartutako berbak geureganatzeko.
Hitz asko daude inork ez dakienak gazteleratik datozela, gure hizkeran
erabat sustraitu direlako.
- Zertan aldatu da herria urteotan?
- Sakonean ez da asko aldatu, bermeotarren menperaezin izaera hori ez
da aldatu. Edonola ere, herrian gure kulturarekiko konplexu asko egon
da, eta guraso batzuen erruz euskararen transmisioa eten egin da.
Beldur naiz tradizioak eta ohiturak ere ez ote diren galduko. Fisikoki
Bermeo ez da asko aldatu. Sakonune baten sartuta dago, eta hori
dela-eta ez da asko zabaldu.
- Kontu jakina da inguruko herrietakoekin ez daukazuela harreman oso onik...
- Onerako edo txarrerako, gatzak bere eragina dauka! Ondarroakoekin
ondo konpontzen gara, nahiko parekoak garelako. Lekeitiokoak, berriz,
gu baino askoz mantsoagoak dira. Mundakarrekin inoiz ez dugu harreman
onik izan, gu baino gangarragoak eta handiusteagoak direlako.
Gernikakoekin, bi herrien arteko distantzia fisikoa luzatu egin nahi
izan dugula uste dut, batzuek zein besteek.
- Baxurako Espainiako lehen portua izatetik flota oso murritza izatera pasatu da Bermeo azkenaldian.
- Hogei urteren buruan laurdenera jaitsi da ontzien kopurua. 30 hamar
barku handi dago gaur egun, eta 140 ere egon izan dira. Aita erretiratu
ondoren aramadoreen semeak joaten ziren itsasora. Gaur egun, ordea,
inork ez du nahi itsasoan lan egin. Hego Amerikako langileak ekarri
dituzte. Jubilatu askok barkuari zuloa egin eta itsasora botatzen dute,
asegurua kobratuta diru gehiago ateratzen dutelako barkua geldirik
edukirik baino.
- Liburuan askotan aipatzen dira arrantzaleen emazteak, jenio biziko emakumeak...
- Oso funtzio garrantzitsua bete izan dute iraganean, asko lagundu dute
etxeko bizibidea lortzen. Portuan, berriz, bakoitzaren eremua ondo
bereizita dago, eta garrasiak maiz entzuten dira, kaxak direla eta ez
direla. Orokorrean, Bermeon andrazkoa izan da, eta da, diru kontuez
arduratu dena. Zenbat etxe erosi ote dira herrian senarrek ezer jakin
gabe!