Dokuteka
Bihotza (1)
Elkarrizketa luze honetan osagileak bihotzari eta bihotzekoari buruzko informazio ugari ematen du. Estatistikak, sintomak, anatomia, bihotzekoa nola gertatzen den...
Iraupena: 10' 14''
Esataria Urtero Hego Euskal Herrian 1.900 pertsonak izaten du bihotzekoa. Datu horrek eman digu gaur gaiari heltzeko aitzakia. Felix Zubia, arratsalde on!
Felix Zubia Arratsalde on!
Esataria Bueno, gaixoen %36a lehendabiziko 28 egunetan hiltzen da, eta hala ere, Europako heriotza-tasarik baxuenetakoa dugu. Dena dela, heriotza eragiten duten gaixotasunetan lehendabizikoa da.
Felix Zubia Bai, hala da.
Esataria Hori zehaztu eta gero, buru-belarri sartuko gara gaian, Felix, eta beti bezalaxe hasieratik: bihotza, hor dago arazoa? Zer den eta nola funtzionatzen duen kontatuko dugu.
Felix Zubia Bihotza gorputzeko odolaren bonba da. Berak eragiten du indarra, eta indar horren poderioz, odola iristen da gorputzaren zati guztietara. Eta bihotzak lana egiten ez duenean eta gelditzen denean, ez da odolik iristen gorputzeko zati guztietara eta 3-4 minututan hil egiten gara. Beraz, ezinbestekoa da bizitzarako. Eta lan hori egiteko, ba, bihotzak funtzio mekaniko bat du, muskulo bat du, gihar bat da, eta horrek bonba lan bat egiten du, baina horretarako elektrizitatea ere behar du. Bihotzak elektrizitatez funtzionatzen du, elektrizitateak agintzen du lehenik ze zatik uzkurtu behar duen, ondoren zein zatik, eta berak agintzen du. Beraz, bi funtzio, bi alde dituela esango dugu, ez? Alde batetik, elektrikoa, eta, bestetik, mekanikoa. Eta horretaz gain, bihotzak ere odola behar du eta bere arteria propioak behar ditu, ez? arteria koronario izenez ezagutzen direnak, berak ere odola jaso behar duelako. Bihotzeko bat izaten denean, arazoa hor egoten da, arteria horietan.
Esataria Ez da erreza. e? Konplikatua da bihotza.
Felix Zubia Bai.
Esataria Eta esaten dugu: txikia, baina oso...
Felix Zubia Oso polita
Esataria ... polita, baina oso konplikatua. Sendagileentzat bai, baina kanpotik begiratuta, konplikatua. Eta bihotzekoa esaten dugunean, zertaz ari gara, zer da?
Felix Zubia Ba, bihotzak berak dituen arteriak koronario horietako bat ixten denean, ez du nahiko odolik jasotzen. Orduan, jendeak pentsatzen du bihotzekoa derrepente gertatzen den gauza dela, bat-batean gertatzen den zerbait dela, eta ez da hala izaten. Hor, arteria horiek, pixkanaka-pixkanaka, gutxinaka-gutxinaka, ixten joaten dira, urteen poderioz, urteen martxan. Ez da egun batetik bestera gertatzen den zerbait, baina momentu batean, hor bere argia edo bertatik pasatzen den odol-kopurua gutxitu eta ez da nahikoa izaten. Orduan, ba, arteria hori iristen den bihotz-zatiak ez du odolik jasotzen, eta zati horrek sufritu egiten du. Horrek bere sintomak ematen ditu, eta sufrimendu horren ondorioz, litekeena da berriz odol hori berreskuratzea eta bihotzeko zati hori ez hiltzea. Hori izango litzateke bular aldeko angina bat, ez? erdaraz angina de pecho deitzen zaiona. Hor bihotzeko zati batek sufritu egiten du, odolik ez duelako, baina ez da hiltzen, eta odol falta hori, odol gabezi hori gehiago luzatzen baldin bada, zati horrek, sufritzeaz gain, hil egiten da eta infartu bat azaltzen da. Infartua da gorputzeko edozein zati hiltzea, odolik ez duelako, eta bihotzeko infartua —miokardioko infartua- da bihotzak, odolik iristen ez denean, izaten duen heriotza. Zati bat hil egiten da eta zati horrek ez du funtzionatzen eta, ondoren, arazo pila bat. Hau dinamikoa da, e? Normalean, ixten hasi eta 6 bat ordura edo bihotza hiltzen da, ez? Esango nuke... hiltzen hasten da hasieratik, baina pixkanaka-pixkanaka sei ordu behar ditu, gutxi gorabehera, zati handi bat hiltzeko eta, ondoren, sendatzeko, gutxien-gutxienez 15 bat egun eta ikusi da hilabeteak ere behar dituela sendatzeko.
Esataria Esan duzu ez dela bat-batean gertatzen. Aurreko prozesu hori ikustea badago? Posible da hori ikustea?
Felix Zubia Bai, ikustea bai, eta, batez ere, jakitea zerk sortzen duen eta nola gertatzen den, ez? Hori, ba, denok dugun zerbait da eta, pixkanaka-pixkanaka, adinarekin aurrera dioan zerbait da, eta gero eta gehiago, ixten joaten da. Bakarrik hori, koronario horiek tarte handia dute eta, itxiera txikia denean, ez da ezer pasatzen. Erditik gora, %75tik gora iritsi bitartean ez da ezer gertatzen. Orduan, tarte handia dugu urte askotan eta jenderik gehienak, ba, bueno, ba, beste arrazoi batzugatik hiltzen da, ez?, nahiz eta koronario horiek ixten joan, arteria horiek ixten joan, beste arrazoi batzuengatik hiltzen joaten da. Hori ikusteko moduak badaude. Bakarrik ez duela merezi jende guztia horretan hastea, ez?
Esataria ...horretan hastea, bestela lan asko edukiko zenuen...
Felix Zubia Eta alferrikakoa delako, sintomarik ez den bitartean edo gauza berezirik ez den bitartean, ba, ez da egiten.
Esataria Sintomei buruz hitz egingo dugu, baina behin bihotzekoa izan eta gero, zer nolako sintomak izaten ditugun bi kasutan. Esan dugu bi direla, bi ezberdin. Nondik hasiko gara?
Felix Zubia Lehenik eta behin, esango nuke ze arrisku faktore dauden horretarako, ez? zergatik hasten diren ixten hainbeste urteetan. Batzuk badira aldatu ezin direnak, adibidez, gizonezkoa izatea. Hori tokatu zaigu eta gizonezkoek, adibidez, emakumezkoek baino arrisku gehiago dute. 80 urte arte bitartean hirutik... lautik hiru gizonezkoak dira, eta lautik bat emakumezkoa, bai. Ondoren, adina, zenbat eta adina handiagoa izan...
Esataria ... orduan eta okerrago.
Felix Zubia Eta herentzia ere garrantzitsua da. Ba dira familia batzuk berezko joera badutenak bihotzekoa izateko, eta familia guztian errepikatzen dena, 50-60 urte inguruan bihotzekoa jasan dutenak edo bihotzekoaz hil direnak. Eta horren aurka egiterik ez dago. Horiek... arrisku faktore horiek gurekin ditugu eta horiei aurka egiterik ez daukagu. Baina beste batzuei bai, adibidez, tabakoa, betiko koadrila: tabakoa...
Esataria alkohola...
Felix Zubia ...kolesterola, diabetesa —azukrea izatea-, hipertentsioa, gizentasuna, alkohola eta estresa. Estres psikologikoak ere eragiten du.
Esataria Asko gainera, ezta? Hori diote azken urte hauetan, behintzat.
Felix Zubia Orduan, zenbat eta arrisku faktore gehiago izan... Azkenean, hau zozketa bat bezalako zerbait da.
Esataria Bai, boleto asko dituenak...
Felix Zubia Boleto batzuk berez dauzkagu, jaiotzen garelako eta geureak direlako.
Esataria Horiek denei partitzen dizkigute, eta gero guk irabazten ditugunak.
Felix Zubia Orduan, zenbat eta boleto gehiago izan, txartel gehiago izan, orduan eta gehiago tokatzeko arriskua.
Esataria Bueno, horiek arrisku faktoreak. Eta orain bai, sintomak, ze oso garrantzitsua da jakitea bata edo bestea dugun eta nola erreakzionatu behar dugun.
Felix Zubia Bai, azken finean, gauza bera egin behar da angina bat izan edo bai infartu bat izan, gauza bera da. Iraupena izango litzateke ezberdintasuna. Da bular aldean, erdian -bueno, denok dugu ideia bihotza ezker aldean dagoela-. Ez, bihotza erdian dago, punta ezker aldera doa, baina bihotza bular aldean erdian dago. Orduan bular aldearen erdian azaltzen den min bat da, min sarkor bat, behin artzain batek esaten zidan gainean harri bat jarri baliote bezala dela, pisu bat, eta min hori zenbat kasutan aurpegirantz, bizkarrerantz edo besorantz joan liteke.
Esataria Hori pertsonen arabera izan daiteke, ez? Zuk lan asko egin duzu beraiekin.
Felix Zubia Bai, eta kokapenaren arabera. Beste batzuk berriz, esango nuke, ba, bular aldean, pixka bat beherago, ez? urdaileko zuloan edo izan dezaketela... aldatu egiten da. Beste batuk, berriz, minik gabe ere bai, baina gehienetan eta minik ohikoena da bularraren erdialdean eta pisu bat edo barrutik heltzen ari balira bezala eta hori mugitu daiteke bai besora, bai aurpegira.
Esataria Hori bat-batean azaltzen da.
Felix Zubia Bai, hori bat-batean azaltzen da eta luzatu egiten da. Horretaz gain, izerdi hotza eta botalarria, askotan botaka egiten dute. Eta zenbait kasutan, arnasestua eta taupadak ere bai. Angina bat baldin bada, bihotzaren sufrimenduaren ispilu izango litzateke min hori. Min hori hor dago. Angina bat baldin bada, bukatu egiten da, odola iristen zaio eta ez da ordu erdi baino gutxiago luzatzen. Bihotzeko infartua baldin bada, luzatu egiten da, geroz eta gehiago joaten da, hor ez da odolik iristen, pixkanaka-pixkanaka, hiltzen joaten da eta orduak eta orduak iraun litzateke. Ikusi izan dugu jendea 24 ordu, egun bat baino gehiago, minez egon izan dena. Astakeria bat da, baina ikusi izan dugu, minez egon orduak eta orduak, pentsatuz beste zerbait dela, katarro bat dela edo beste gauzaren bat.
Esataria Eta hala ere bizirik oraindik.
Felix Zubia Eta bizirik, bai, bai, bai, bai.
Esataria ... 24 ordu eta gero.
Felix Zubia 24 ordu eta gero, bai. Bueno, esango nuke bihotzekoaren beraren hilkortasuna %30 ingurukoa da, bueno, hiltzen den zati horrek normalean konplikazioak izaten dituelako. Hor, alde batetik, bihotzaren zati bat hiltzean ez du bonba-lana egiten eta ez du indarrik egiten. Orduan, infartu txikia baldin bada, gauza gutxi galtzen dugu eta bizimodu normal bat egiten jarrai liteke. Denok ezagutuko dugu jendea, bihotzekoa izan eta gero, normal jarraitzen duena, baina oso zabala baldin bada, indarrik gabe gelditzen da, muskulu asko galtzen dugu, gihar asko galtzen dugu, eta bihotz hori ez da gauza aurrera bere lana eramateko. Hori alde batetik bat, eta bihotz horrek kale egin dezake alde horretatik. Baina askoz ere arriskutsuagoa dena da hiltzen den zati horrek, ba, bihotzaren elektrizitate normala aldatu egiten duela, eta bihotza geldi liteke, ba, eragin horregatik. Orduan, bat-batean, eta hori da jendeak bihotzekoaz duen irudia, eta berez konplikazio bat da, ez da bihotzekoa bera, bihotza gelditu egiten da, hil den zati horrek bihotzaren funtzionamendu elektrikoa aldatzen duelako. Eta golpez, bihotza mekanikoki gelditu egiten da, ez du indarrik egiten, baina elektrikoki ez, elektrikoki lanean jarraitzen du. Hori da heriotzaren arrazoi nagusia. Batez ere, lehen ordutan gertatzen da, lehen 6 orduen barruan, eta horregatik heriotzen 3tik 2 ospitaletatik kanpo gertatzen dira.
Esataria Bai, erietxera iritsi aurretik gertatzen dira.
Felix Zubia Horrek erremedioa baduelako. Ez dakit, pelikuletan denok ikusi dugu traste bat, desfibrilatzaile deitzen zaiona. Da bular aldean jarri eta pummm! Horrekin lortzen duguna da bihotzaren elektrizitatea bere onera ekarri edo ekartzen saiatu, ez? Arritmia izango litzateke, guk arritmia deitzen dioguna, eta hori hausten saiatu eta horrek erremedioa badu. Hori desfibrilatzailearen bidez, traste hauetako baten bidez, egin liteke.
Esataria Oso garrantzitsua izango da sintomak ondo ikustea eta ahal bezain pronto erietxera joatea?
Felix Zubia Ondoren aipatuko dugu, bai. Baina heriotza nagusia, behintzat, arrazoi nagusia hori da. Horregatik, zenbat eta ordu gehiago pasa kalean edo etxean, geure kasa, eskura horrelako aparatu bat izan gabe, eta laguntza medikurik izan gabe, askoz ere arrisku handiagoa dago. Ondoren, beste arrisku batzuk ere gerta litezke. Adibidez, bihotzak berak balbulak ditu eta itxitako arteriak balbula horietako bati eragiten badio, balbula horietako bat hauts liteke eta beste arrazoi bat izan, bihotzak berak kasu batzutan paretak hautsi liteke, zulatu liteke, konplikazio batzuk, ez? Orduan, esaten da, erabateko hilkortasuna edo guztira % 30ekoa dela, eta hauetatik % ia 20 kalean. Eta behin ospitalean % 10etik 15 bitartera, berez, adituen arabera.
