Dokuteka
Solidaritatea
Iritzi saioa. Solidaritatea gero eta txikiagoa omen da egungo gizartean. Herri txikiak eta langileak solidaritatearen aldeko jarrera hartu behar omen dugu.

Irudia: Gerd Altmann, Pixabay
Jainkoak gizasemea zigortu omen zuen eta orduz geroztik bizimodua izerdi beharrez atera behar dugu, beharrean. Lanean eta lanetik bizi behar dugu: hori da gure kondena.
XX. gizaldiko iraultzaileek, bestetik, beharraren zama astunetik askatu nahi izan gintuzten. Ustezko iraultzaile batzuk lana gure zoritxar guztien sorburua zela sinetsirik estatu ahalguztidunari exijitu zioten lanaren katetik askatzea, gu guztiok bizi osorako funtzionarioak bihurturik.
Sinesten, sinestun zintzoek eta iraultzaile fededunek, biek ala biek, bat datoz lanaren hobena salatzerakoan. Baina langabeziaren itzala ez da inoren gustuko babeslekurik. Lana Jainkoaren zigorra dela pentsatzen dutenek edota kapitalista zikinen inposaketa dela konbentzituta daudenek, ez batzuek, ez besteek, ez dute langabetuen zerrendan egon nahi.
Psikiatra bati behin entzun nion esaten pertsona auzolanean diharduen tximua besterik ez dela. Ez du arrazoi faltarik. Auzolanerako eta, oro har, lanerako gauza ez dena pertsona izatetik baino tximu berekoiarengandik gertuago dagoela esango nuke.
Itxura denez, langabezia zabaltzen ari da, Euskal Herrian ere. Solidaritatea, besteekiko elkartasuna, norbanakoarengandik hasten dela esan zidan gazte batek. Besteei lagundu ahal izateko, norbera ondo egon behar dela esaten zuen. Horri, nik dakit ta , solidaritatea baino berekoikeria esaten zaio. Baina dirudienez badira asko horrela pentsatzen dutenak, bere burua progresista solidario daukatenak: harrigarria zinez! Horrelakoen aurrean kasik nahiago ditut domeketako mezetan pobreentzako sos batzuk uzten dituztenak. Ez. Egia esan, ez. Ez batzuk ez besteak. Tankera horietako pertsonak ez ditut gustuko. Nahiago dut besteenganako ardura duena, entzuten eta partitzen dakiena hain zuzen ere.
Lantoki desberdinetako eskarmentuak erakutsi dit garraixi ozenen egiten duten langileak, akaso, ez direla lankiderik egokienak. Hau da, ugazaba edo nagusiei eskatzen dakitela, baina lankide hurkoari ematen, ez. Guztiak ez dira horrela, jakina, baina horrelako batzuk ezagutu ditut. Horiek euren portaeraz pozoitzen dute diskurtso askatzailerik ederrena. Azkenean, ez du batere sinesgarritasunik lankideen artean, ez eurek, ez aldarrikatzen dutena, zuzena bada ere.
Garai latzak datoz solidaritatearentzat. Mundu osoan gailentzen ari da eskuina, eta berarekin batera berekoikeria eta karitatea. Hori da Ameriketako Estatu Batuen mezua: aurrenik gu, ondoren gu. Eta gero, gero ikusiko dugu mozkinak zeinen artean partitzen ditugun. Euskaldunok eta herri txiki guztiok jai daukagu planteamendu horiekin.
Guretzat solidaritatea behar-beharrezkoa da irauteko, sikiera irauteko. Euskaldunok solidarioak omen gara. Baliteke. Baina ez dut uste gure berezko ezaugarria denik, iraun ahal izateko sena bat baizik. Herri txikiok badakigu jakin auzolanean eta elkartasunean daukagula bizi-irauteko irtenbide bakarra. Urte luzeetako eskarmentuak erakutsi digu auzolana eta elkartasuna ahultzen direnean guztiok ateratzen garela galtzaile. Izan ere, batzuek pentsatzen dutenaren aurka, langileen eskubideek aberria baitaukate: goseak larruazal iluna jazten du gehienetan. Galde diezaietela bestela erbesteratutakoei zeinen beharrezkoak diren aberrien paperak bizi ahal izateko. Galde diezaietela bestela aberria indarrez galdu dutenei, Palestinan, Ekuadorren, Txetxenian, Nepalen edo Euskal Herrian.
Zerbait seguru baldin badakit da langabeziaren zenbaki hotzetatik sufritzen duten hezur-haragizko pertsonak daudela, aberri solidarioa eta abegikorra behar duten pertsonak, alegia.
