Dokuteka
Pello Lizarralde Orbanak liburua aurkezten
Pello Lizarraldek berak argitaratu berri duen Orbanak liburuaren gainean emandako azalpenak jasotzen ditu bideo honek.
Liburuak diruen berrikuntza eta berezitasunak azalduko ditu bideo-pasartean Pello Lizarraldek.
Ezin dut ukatu hainbeste liburu argitaratzen den honetan nirea nabarmendu dezakeen zerbait erakutsi nahi nukeela. Eskain dezakedanaz pentsatzen jarriz gero, ordea, berehala konturatzen naiz lanak izango nituzkeela egin dudanaren erakargarritasunak erakusten eta hobe dudala luzamenduak utzi eta aitortzea azken honetan aurrekoetan zegoena dagoela, kapitulu bat gaineratu diodala lehen idatzitakoari. Hala ere, erabat etsi aurretik eta nik esateak askorik balio ez duen arren, Orbanak honek berritasun txiki batzuk ere badakartzala esango nuke.
Bada lehenengo pertsonan mintzo den norbait, egitura markatzen duen ispilu txiki bat beste bi handiagoren artean eta beste zenbait ez hain nabarmenak.
Liburu honen anekdotak ez du inor liluratuko, baina nik behintzat pertsonaiek zeharkatzen dituzten mendi eta ordoki horietan aspaldiko mehatxu edo beldur antzeko bat sentitu dut, beharbada, irakurlea ere eraman dezakeena nik ezagutzen ez dudan toki batera.
Inguru horren eta gero etorri zen guztiaren egiazko sorrera, beti bezala, urtetan burutik kendu ezinik ibili naizen irudi batzuek eragina da eta lotura non dagoen zehatz ez dakidan arren, orain dela zenbait urte argitaratu nuen Larrepetit hartan utzitako hari batzuei tiraka sortu direlakoan nago.
Irudiek, gainera, lurralde jakin batera eraman ninduten eta lurralde hori zapaldu orduko kezka batek hartu ninduen eta ez nau utzi liburua idazten bukatu arte.
Kezka hura bi norabidekoa zen: lehenengoa, nire baitara zihoan zuzenean eta bigarrenak, kanpora jotzen zuen, besteengana.
Niregana heldu zenak aspaldian daukadan joera gaizto bat erakusten eta azpimarratzen zidan, lagun-hurkoa azkarregi epaitzekoa. Besteak, inguruan ikusten ditudan askoren artean ikaragarri zabaltzen ari den justizia egiteko eta zigortzeko egarri hori.
Idazle askori entzun diet idaztea sendagarria zaiela. Niri, zoritxarrez, ez dit horretan laguntzen eta horregatik, oraingoan ere banekien arestian aipatu dudan gaitz hori edo antzeko beste batzuk ez ditudala nire baitatik erauziko literaturari esker.
