detalle dokuteka-generico-fitxa

Barikua

Ostiralak nolakoak izaten dira zuretzat? Usadio zaharraren arabera, ez omen dira egun onak, nahiz eta gaur egun gehienontzat asteko egunik onena izan. Hala ere, azkenaldian gertatzen dena ikusita, berriro ere beldurra hartuko diogu barikuari. Hala dio Xabier Paiak irratiko bakarrizketa honetan.

Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

“Erreforma ekonomikoak behar-beharrezkoak dira eta horregatik, ostiralero, ministro-kontseiluan erabakiak hartu beharko ditugu”. Aste honetan bertan hasita, Mariano Rajoyren hitzak dira. Hortik, Xabi, aste honetako berba zaharra: ostirala!

Xabier Paia.- Bai. Ostirala, batzuetan definizioek ez diete justiziarik egiten definituei. Izan ere, esatea ostirala astearen bosgarren eguna dela, ostegunaren eta larunbataren artekoa, gutxi esatea da; Athletici buruz, urte honetako errebelazio-taldea izan dela esatea bezain gutxi, ostirala askoz gehiago baita.

Ostirala da errutinaren bukaera, institutuaren akabera, eta aldi berean, ostirala kaosaren ataria da, jaungoikoak mundua egiterakoan deskantsua hartu ez zuen asteburuaren astelehena.

Eta euskaldunontzat, ikastolan irakatsi bezala, ostirala da “haginetako mina, aspirina hartuta ez goaz lanera”.

Gotzon Garateren atsotitzen datu-baseari bistadizo bat emanda, esaera zaharrak aurka ditu ostiralak.

Ostiraleko urtea, urte txarra. Ostiraleko jaiotza, suerte txarrekoa. Ostiralean atzazalak ebakitzea, txarra. Eta mania edo fobia hori ez da euskalduna bakarrik, Ingalaterran ere zorigaitzekoak baitira ostirala eta hamahiru tokatzen diren egunak.

Eta euskal kantuetan ere, gauza onik ez ostiraletan: “Din-dan, zein hil da? Peru zapataria/ nork egin du pekatu/ erregeren txakurrak ukatu/ hori ez dek pekatu/ ostiralean koipetsu/ hori zer dek ba, pekatu!/ ostiralean koipetsu. Haragi errerik ez ostiraletan/ giristino zintzook”.

Euskal sinismen eta iruditeria tradizionalari serio erreparatuz gero ere, gurean ostiralak sekulan ez du fama onik izan.

Bizkaiera batuko ostiralaren aldaerak argi dio hori BARIKUA dela, zerbait BARIK egotekoa. Eta Bittor Kapanagak dioenez, edo zioenez, barikuan ez zen zertu beharrik, ez zegoen ez ezkontzerik, ez bidaia bat hasterik, ez sardeak larra aldatzerik, ez erleari eztirik ateratzerik.

Ostirala egun berezia zen, sorgindua eta hori oroitarazten digute ostiralari sorgin-egun deitzen diotenek.

Barikuan ez zen lanik egin behar, eta Kapanagak berak horrelaxe ezagutu omen zituen ostiralak, funtzionario izan gabe, gainera. Eta gabetasun hori agerian dute egubako hitzak edo egubakotxak ere.

Batek baino gehiagok pentsatuko du ostiralaren fama txarra ohitura txatxuak baino ez direla, baina honetan argi baino argiago erakutsi digu euskarak atzoko erremedio onak berdin balio duela etzirako ere.

Barikuaren esanahia jakinda, pentsa liteke Mariano Rajoyren aholkulari-taldea jaurerrikoa, hau da, bizkaitarra dela oso-osorik.

Barikuz bariku, gobernu popularrak gero eta barikuago egiten ditu barikuak, ezer barikekoak, hain zuzen.

Ostirala ere, gainera, ondo kabitzen zaie kaio urdinaren agintariei: hostialahostia baitabiltza aste-bukaera oro.

Hain euskaldun segitu behar badu, egia esan, hobe luke bere alderdiko adar baskoko lehendakariari kasu egin eta mozketak eta barikuketak bere etxekoentzat gordetzea ere. Laster jendeak hauxe esango baitu ostegunero: “Aprobetxatu gaurko eguna, bihar ostirala da-eta”.



 

 

x61pRelaContWAR

detalle2

Docuteca

C1
03-05-2012

x61pRelaContWAR

16360028
00:03:10

x61pViewCountWAR

4071

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR