Dokuteka
Armentiako basilika
Armentiako basilikan indusketak egiten ari dira, eta ustekabe handi bat topatu dute: Erdi Aroko Sacraria, hau da, eliza batzuetan zegoen bake-zirkulua.
Bideo hau Dokumentu Biltegiko 39. DVDan badago ere, atari honetara ekarri dugu, transkripzio eta guzti.
Ibabe Goikoetxea, gidaria: Hemen ikusten duzuen horma, aurrean dugu, ikusi, hau da mantendu den horma erromanikoa.
Narratzailea: Bi metro eta berrogeiko sendoera duen harlanduzko horma da, Armentiako basilikaren iparraldeko horma izan zena, baina XVIII. mendeko eraberritze-lanek beste bi hormaren tartean ezkutuan utzi zuten. Indusketek agerian utzi dute eta bisitarien gogoko lekua da orain, pasabide estuetan zehar ibiltzeko aukera ematen duelako. Euskal herriko lekurik inportanteenetako bat izan zen Armentia bere garaian, eta horregatik ari dira orain industen, arrasto bila.
Agustin Azkarate, arkeologoa: Jakin zer zen Armentia X eta XI. mendeetan, toki honek gotzaindegi bat izateko merezi izan zuen ohorea esplikatzeko, ezta? Badakigu X eta XI. mendeetan hemen apezpikuak egon zirela, beraz, gure Autonomia Erkidegoko lehen gotzaindegia izango litzateke, eta jakin nahi dugu… historikoki hori esplikatu, zer zegoen hemen.
I. G.: Eta hemen oso ondo ikusten da fosoa, lehen aipatu dudana, hori, ba “sacraria” edo gune sakratua foso batek inguratzen zuela, ezta, hemen ikusten da.
Narratzailea: Hauxe izan da benetako sorpresa arkeologoentzat. 60 pausoko diametroa duen sacraria eta bere hobia aurkitzea Armentian.
A. A.: Hemen guk espero genuen erromatar garaiko aztarnak aurkitzea, eliza hauen inguruetan azaltzen diren nekropoliak edo kanposantuak ere aurkitzea, eta aurkitu ditugu, baina espero ez genuena izan da sacraria bat agertzea. Zer da sacraria bat? Sacraria bat da Erdi Aroan, feudalismo garaian, hau da, feudal jaunek baserritarrei-eta biolentzia giro horretan beraien etekinak kentzen dizkietenean, ba sortzen dira eliza batzuen inguruan zirkulu batzuk. Zirkulu horien barruan ezin zen biolentziarik egin, ziren bake-zirkuluak.
Narratzailea: 1933an airetik hartutako argazkia da hau; ederki ikusten da basilikaren inguruko zelaietan sacrariaren arrastoa.
A. A.: Fenomeno hau ezagutzen da Europan oso ondo, ezagutzen da Katalunian, baina ez zen ezagutzen Iberiar Penintsulako iparraldean, eta hemen azaldu zaigu sacralia bat oso-oso-osorik.
Narratzailea: Sacraria topatuta, Erdi Aroko katedrala non zegoen eta nolakoa zen jakiteko lanean jarraitu behar da, industen, eta gauzak aurkitu ahala, bisitariei erakutsi.
I. G.: Eta hemen, gurutzaduran, egon zen zinborrioa, hau da, kupula eta kanpoan lau dorre. Lau dorre horietatik hiru mantendu dira eta…
Narratzailea: Gangen gainetik dabiltza bisitariak. Hiru dorreren arrastoak eta Iratxeko monasterioaren argazkiak dituzte aurrez aurre, Armentiakoa zer izan zen itxura bat hartzeko lagungarri.
A. A.: Gaur egun ez du ematen lehen zuen itxura. Lehen zuen itxura izango zen, gutxi gora behera, jendeak ulertzeko, gaur egun Iratxek eskaintzen duena. Basilika hori, esan dudan bezala, XVIII. mendean erabat aldatu egin zen. Egin zen inguruan eraikuntza itsusi bat, baina lehengo basilika barruan dago, nolabait, ezkutatuta.
Unai Loidi, kazetaria: Urtebete pasa hasi ziren indusketak Armentian eta luzerako lana dago oraindik. Proiektuak sacraliaren bake-zirkulua eta basilikaren oin-planoa hartu ditu iruditzat, sinbolo borobila benetan.
A. A.: Sinbolo bat da, gainera bake-sinbolo bat da, eta asmoa dugu induskatzen dugunean, oso-osorik berreskuratzea bake-sinbolo bezala, gaur egun gure herrirako oso sinbolo egokia izango litzatekeelako, ez?
I. G.: Sacraliaren erdiko puntua, gutxi gora behera, indusketa hauen tokia.
