Dokuteka
Sutearo
Gaur egun aseguru etxeak baditugu ere, bada elkarri laguntzeko ohitura zaharrik ere. Baserritarren artean zabalduta zegoen eta oraindik erabiltzen da SUTEARO izenekoa.
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Aseguru-etxe. Aseguruak egiten dituen enpresa. Adibidez: Baserritarrak dira Sutearo aseguru-etxeko bazkideak. |
Ohitura zaharreko elkartasuna
Arantza Begoña, Sutearoko lehendakari ohia.- Etxeak erre egiten dira, bai haizeen kalteak ere bai, eta bai elurren kalteak eta bueno…
Joxe Miel Elgarresta.- Neuri tokatu zitzaidan bada… orain dela hamazazpi urte baserria erre egin zitzaigun.
Kepa Enbeita, Sutearoko idazkaria.- Kalte batean baserritarrok beti elkarren laguntza genuen.
Idatzi gabeko ohitura zaharra da baserritarren artean ezbeharra izaten duenari laguntza ematea. Gaur bezalako aseguru-etxerik ez zegoen garaiko ohitura da hori, elkartasunean eta auzolanean oinarritua.
Kepa Enbeita.- Etxe bat erretzen zenean, kanpaia jotzen zen eta denak biltzen ziren.
Kaltearen arabera garia, esnea edota bestelako jeneroa eman ohi zen eta baserria erretakoari auzolanean laguntzen zitzaion berria egiten.
Kepa Enbeita.- Gaur arte, guregana arte, gehienbat heldu dira etxe erreenak, suaroa deitzen zirenak, mandoaroa deitzen zitzaienak.
Sustrai berekoak dira oraindik dirauten hilen edo ehorzketako gastuetako laguntza-elkarteak, itsasgizonen kofradiak eta beste hainbat. Gaur egun, baserritarren elkar laguntza erakunde hauei Sutearo deitzen zaie.
Arantza Begoña.- Sutearo da baserri munduan bizi garenentzako eta bueno, elkar laguntza bat da, denok, sozio guztiok edo bazkide guztiok elkar laguntza bat daukagu.
Euskal Herriko leku askotan nabarmenak dira oraindik urte hasieran izandako haize-bolada indartsuek eragindako kalteak. Kaltetutako bazkideen artean 300.000 euro banatu zituen orduan Sutearok.
Joxe Miel Elgarresta.- Horretaz aparte, ia aurten dagoeneko seiehun parte pasatxo badihoazte.
Kepa Enbeita.- Sua da oinarria, bada, sua zein explosioa, zein tximista, haizea, elurra, lapurreta, erantzukizun zibila…
Euskal ohitura zaharrean oinarritutako Sutearo erakundearen filosofia elkar laguntza eta autogestioa da.
Arantza Begoña.- Filosofia horretan gagoz (gaude) finkatuta eta bueno, gure dirua guk ipintzen doguz (ditugu) diruak, gestionatzen doguz (ditugu) ere bai gure diruak eta baten bat baja edo baja ematen dabenean (duenean) bada, zer egiten da? Bueltatu horri dirua jarri dabena (duena).
Aseguru-etxeekiko beste abantaila bat, eta ez txikiena, ordaindu beharreko diru-kopurua.
Joxe Miel Elgarresta.- Ni lehenago, hemen hasi aurretik, aseguru-etxe batean egon nintzen, esango genuke beste edozein bezala, eta oker handirik gabe esango nuke gaur egunean erdi-prezioan dela.
Joxe Miel, Kepa eta Arantzak buru-belarri dihardute ohitura zaharrari eta elkartasunari lotutako lanean. Askoren ustez, gero eta indibidualistagoa den gure gizarte honetan, bestela pentsatuta jokatzen dutenak ere badiren erakusle.
