Dokuteka
Kerman, mintzalagun bila: Arrantzan
Partitiboa erabiltzean aditza singularrean erabiliko dugu: Guk ez dugu arrainik jaten. Besteek agindu digutena kontatzeko era honetako esaldiak erabili behar dira: Itsasok agindu du isilik egoteko
KIRMEN: Mikel Pablo? Mikel Pablo? Berriro ere berandu? Ez… Ez naiz Kerman, Kirmen naiz... Nola? Ez zarela etorriko arrantza egiten ikastera? Eta Gontzal Mari ere ez?
KERMAN: Benetan… Ez zarete hitzekoak... Guk ere ez dauzkagu gogorik... Baina plana eginda daukagunez, bete egingo dugu!
KIRMEN: Egongo gara beste batean, aio! Benetan, Kerman, ez dut beste planik egingo zure lagunekin!!!!
KERMAN: Ba ikusiko dugu nola moldatzen zaren… Zuk ez dauzkazu lagunik eta!!!!
KIRMEN: Badauzkat! Eta zureak baino hobeak, gainera!!!
KERMAN: Ba, etxean behintzat, ez dizkiguzu lagunik aurkeztu inoiz!!!!
KIRMEN: Lagunak etxera eraman? Zertarako? Zurekin, amarekin eta izebarekin izutzeko???
KERMAN: Kirmen... Utzi bakean izeba Karmen...
ITSASO: Egun on! Kermanen koadrila?
KERMAN: Kaixo, bai, geu gara... Ni Kerman naiz... Eta bera, nire anaia Kirmen da... Koadrila osoa ginen etortzekoak, baina azkenean ez zaizkigu etorri beste lagunik...
ITSASO: Hobe horrela... Zuek denbora gehiago edukiko duzue arrantzan egiteko...
KIRMEN: Dena den, guk ez ditugu arrainik jaten...
KERMAN: Aizu, ez hitz egin besteen izenean...
AZALPENAK:
«Ez dizkiguzu lagunik aurkeztu», «Guk ez ditugu arrainik jaten» eta «Zuk ez dauzkazu lagunik» esaldiak ez dira zuzenak. Partitiboa erabiltzean aditza singularrean ipiniko dugu. «Ez diguzu lagunik aurkeztu», «Guk ez dugu arrainik jaten» eta «Zuk ez daukazu lagunik» izango dira molde egokiak.
ITSASO: Tira, hartu kanabera bana eta jarraitu niri.
KERMAN: Zer zabiltza, Kirmen? Itsasok esan du kanabera hartu eta berari jarraitu!
KIRMEN: Banoaaaa…
KERMAN: Horrela atera behar al duzu? Amak esan du arropa lodia eta uretako zapatak jantzi!
KIRMEN: Hori esan al du gure amak? Eta zer esan du izeba Kar-me-nek???
KERMAN: Ba... Izeba Karmenek esan du... Kirmeeeeeen!
ITSASO: Patxi arrantzan ari da. Ea zerbait ateratzeko isilik egon behar dugu.
KERMAN: Kirmen!!!! Itsasok esan du isilik egon!!!!! Itzali telefono hori!
KIRMEN: Ez da nire telefonoa!!!
KERMAN: Izango ez da, ba! Zuri ari zaizkizu deika!!!!!!
KIRMEN: Baina, nork deituko dit niri??? Ez daukat lagunik!!!!
KERMAN: Kirmen!!!!!
AZALPENAK:
Bestek agindu digutena kontatzeko, era honetako esaldiak erabiliko ditugu: «Amak esan du uretako oinetakoak janzteko», edota «Itsasok agindu du isilik egoteko».
Okerrak izango dira, horrenbestez, «Amak esan du uretako oinetakoak jantzi» edota «Itsasok agindu du isilik egon».
KERMAN: Ea, Kirmen… Patxik esan du amuari kontuz heltzeko, karnata ondo lotzeko eta kanabera atzerantz astintzeko…
KIRMEN: Entzun diot, bai… Zer karnata erabiliko dut? Zizareak?
KERMAN: Kirmen... Arrainek ez dute zizarerik jaten... Ezta, Itsaso?
ITSASO: Ba, batzuetan bai, Kerman...
KIRMEN: Ikusten????
KERMAN: Itsaso, jende asko etortzen da Leitzarana, arrantza ikastaroetara?
ITSASO: Oraintxe hiru ikastaro daude eta hurrengo hilabeteetakoak ere betetzen ari dira.
KIRMEN: Amua prest!!!! Orain zer?
KERMAN: Patxik esan du kanabera atzerantz astintzeko eta pita uretan sartzeko... Itsaso, ez didazu eman beste ikastaroei buruzko informaziorik...
ITSASO: Ikastaro asko daude, adinaren arabera, ...
KIRMEN: Haria uretan dago... Orain zer?
KERMAN: Kirmen! Amak beti esaten du hizketan ari denari entzuteko...
KIRMEN: Eta zer pentsatzen du horri buruz izeba Karmenek?
KERMAN: Kirmeeeeeen...
AZALPENAK:
«Ez diguzu lagunik aurkeztu» eta «Guk ez dugu arrainik jaten» esango dugu. Partitiboarekin aditza singularrean erabiliko dugu. «Ez dizkiguzu lagunik aurkeztu» eta «Guk ez ditugu arrainik jaten» ez dira zuzenak.
Era berean, beste norbaitek agindu diguna kontatzeko, aditzari –tzeko erantsiko diogu: «Amak esan du uretako oinetakoak janzteko», «Itsasok agindu du isilik egoteko». «Amak esan du uretako oinetakoak jantzi» edota «Itsasok agindu du isilik egon» ez dira zuzenak.
Hori gaur ikusitakoa. Zuek, betikoa: honekin edo harekin, baina egin!
