Dokuteka
Lasterka egitea gustuko al duzu?
Kalean dabilen jendeari erreparatzen badiogu, konturatuko gara gero eta jende gehiagok egiten duela lasterka, korrika. Abantaila asko ditu ariketa honek: osasuntsu izateaz aparte, eguneko edozein ordu eta lekutan egin daiteke, bakarrik edo lagunekin. Euskadi Irratiko saio honetan, hiru lasterketarik bere esperientziaren berri emango digute.
Gaiarekin lotutako zenbait hitz eta esaldi:
Hitzak
Korri egin, korrika egin, laster egin, lasterka egin
Korrikalari, lasterkari
Esaldiak
Egunero ateratzen da korri egitera.
Oso erraza egiten zait zapatilak jantzi eta korri egitea.
Urteak daramatzat korri egiten.
Ez dit perezarik ematen korri egitera ateratzeak.
Burua desblokeatzen laguntzen dit.
Nola piztu zitzaizun korri egiteko harra? (korri egiteko gogoa, el gusanillo de correr)
ESATARIA 1. Argi dago kaletik gurutzatzen du jende oroko duela bere istorioa, bere historia propioa, eta batzuena benetan hunkigarria izaten da. Guk gaur Ronnie Goodman sanfrantzikoarraren istorioa kontatuko dizuegu.
Ronnie egunero ateratzen da korri egitera San Frantziskoko kaleetan zehar. Kontatzen du bere eguneroko entrenamendua une espirituala izaten dela berarentzat, libre sentiarazten duen momentua, bizitzako infernua ahazten laguntzen diona. Ronnie Goodman etxegabea baita. Jendeak korrika ikusten duenean korrikalari bat ikusten duela, eta ez etxerik ez duen eskale bat. Dio ez duela asko eskatzen: jaiki eta osasuntsu sentitu, momentuaz disfrutatu. Korrikalari guztiek nahi dute hori.
ESATARIA 2. Hobby gisa, korri egitera ateratzen diren lagun ezagun batzuk gonbidatu ditugu, konta diezaguten nola piztu zitzaien korri egiteko harra, zeintzuk diren korri egitera ateratzeko dituzten arrazoiak.
Aizpea, egun on! Nola hasi zen zu eta korri egitearen arteko harremana?
AIZPEA GOENAGA. Bueno, ba, egia esan, aspaldi. Betidanik egin izan dut kirola, eta, ba, momentu batean, gimnasioak… ibili nintzen gimnasioak edo… Baina lanagatik, egia esan, beti edo biran nengoen edo kanpoan eta bueltaka, eta ,orduan, zaila egiten zitzaidan errutina hori mantentzea. Aldiz, oso erraza egiten zitzaidan zapatilak poltsan sartu eta bidaiatzen nuenean, ba, korri egitea. Eta urteak daramatzat korri egiten, bai, bai.
ESATARIA 2. Errutinatik ateratzeko bidea ematen dizu, lehen aipatu duzun bezalaxe, korri egiteak?
AIZPEA GOENAGA. Errutina edo haizea hartzeko aukera ematen dit. Nik egia esan, gimnasioetan eta pixka bat ito egiten naiz. Dantza egitea eta gustatzen zait, baina gimnasioan, ti-ta… hori ez zait gustatzen. Korri egiteak, aldiz, ematen dizu aukera hitz egiten joateko. Burua desblokeatzen laguntzen dizu, ez, askotan desataskatzen hainbat arazo.
ESATARIA 2. Ez al dizu pereza ematen inoiz korri egitera ateratzeak?
AIZPEA GOENAGA. Ez, ez. Egia esan, karrerak ematen didate pixka bat atzeraka, pixkat. Lasterketak ez zaizkit gustatzen, Lilatoia bai, Lilatoia beti korritzen dut.
ESATARIA 2. Hori esan behar genizuen. Aizpea Goenaga eskerrik asko hau guztia kontatzeagatik.
AIZPEA GOENAGA. Zuei.
ESATARIA 2. Besarkada bat.
AIZPEA GOENAGA. Eta mundu guztia animatzen dut, e, eta batez ere emakumeak haize pixka bat hartu eta bere buruari denbora bat dedikatzeko.
ESATARIA 2. Bueno, eta ondoren datorkigun laguna gauza asko eginez ikusi dugu: bertsoetan, telebistako aurkezle-lanetan, kantuan… Baina jende askok ez dakien arren, korrikalaria ere bada Xabier Eguzkitze. Xabier, egun on.
XABIER EGUZKITZE. Baita zuri ere, Manu.
ESATARIA 2. Zergatik egiten du korrika Xabier Eguzkitzek?
XABIER EGUZKITZE. Ba, gaur egun gustatzen zaidalako, asko gozatzen dudalako… Gaur goizean ere egin dut nik neure saioska… Eta goiza libre izan, eguraldi ederra... Gainera, Zarauztik lasterka egiteko dauzkagun aukera apartak, leku zoragarriak eta… Orduan, gorputzak eskatu egiten dit niri eta oso-oso gustuko ariketa dut. Bizikletan eta ere ibiltzen naiz, baina sentsaziorik onenak lasterka ditut nik.
ESATARIA 2. Korrika. Eta noiz hasi zinen korrika?
XABIER EGUZKITZE. Ba, gero korrika esango dizut nola hasi nintzen. Orain dela urte asko, Sorginen Laratza aurkezten nuen garaian, halako batean eraman genuen gonbidatu gisa Diego Garcia, azkoitiar lasterkaria. Eta hura oso-oso bertsozalea zen, bertsozale porrokatua zen eta kantatzeari ere gustatzen zitzaion goizeko ordu txikietan eta. Nik ezagutu dudan bertsolaririk kaskarren bada, bazen, Diego Garcia, oso-oso txarra zen. Uste dut txarragoa bakarrik ezagutu dudala: Juan Mari Arzak. Ba, orduan, ba jolas bat proposatu genion saioaren aurretik Diegori; bueno, pare bat egun lehenago deitu eta esan genion:, bueno, hi, Diego, gauza bat egingo diagu, hik bertso bat kantatzen baldin baduk gure saioan, nik aurtengo Behobian parte hartuko diat. Eta, “bale, ondo zegok”. Eta, bueno, han ibili zen erdi arrastaka, baina nolabait bukatu zuen, behintzat, bere zortziko txiki hori. Eta orduan, bertsoa bukatu zuenean, zutitu zen eta “Behobia, Euskitzek aurten Behobiiiiaaaaa”. Eta, bueno, jolas bat besterik ez zen izan hura, baina zer gertatu zen? Ba, zorigaitzeko gertakari hura. Behobia… Gure saioa egin eta Behobia iritsi baino lehen, entrenatzen ari zela bihotzekoak eman zion Diegori, hil egin zen, eta orduan jende hasi zitzaidan kalean hura gogorarazten: “hi, badakik zer hitz eman hioan Diegori eta egin beharra daukak Behobia”. Eta orduan pentsatu nuen, “bai, egin beharko diat“. Eta halaxe egin nuen lehendabizikoa.
