detalle dokuteka-generico-fitxa

Bermeoko teilaren jaia

Bermeoko Izaro irlaren parean bota dute teila itsasora. Baina, zer ospatzen da zehazki?

Uztailaren 22an itsas-erromeria egin zuten Bermeon, teilaren erromeria. Erromeriaren ibilbidea hauxe: Bermeo-Izaro irla-Elantxobe-Mundaka-Bermeo. Eta zer ospatzen da zehazki?

 

Ibilbide honen bigarren geltokia Izaro uhartea da. Kondairak dio Bermeok estropada bat egin zuela Izaro lortzeko. Estropadan Mundaka zen lehiakidea. Epailea, berriz, Elantxobe. Uztailaren 22ko datan izan zen lehia. Estropada tristea izan zen, Bermeoko arraunlari bat hil zelako, itota. Elantxobek estropada gelditu, eta hildakoaren ordainetan Izaro eman zion Bermeori: betiko. Horraino, kondaira!

 

Historiak zer dio?

 

Ez dago ia ezer frogatuta. 1719ko uztailaren 22an izan ei zen estropada, eta garaile bermeotarrak. Kronikariak ez du hildakorik aipatzen. Mundakarrek bertsio polita dute estropadaz. Oilarraren lehen kukurrukuak eman behar zion hasiera estropadari. Bermeotarrek su handi bat piztu omen zuten oilarrak goizago egiteko kukurruku, eta hala, Bermeok lehenago hasi zuen estropada, eta irabazi. Istorio polita tabernarako, ez Historiarako.

 

Goizeko 11k laurden gutxitan hasi zen festa

 

Festa ordu horretan hasi zen Bermeon 2014ko uztailaren 22an. Alkateak eta zinegotziak, urdinez joan ziren Meza Nagusira. Handik kaira txistulariekin. Eta handik, itsasontzietan tokia topatuz gero, Izarora, suziri eta sirena-hotsez inguraturik. Izaroren atzeko aldean Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, teila bat jaurti zuen uretara, horrela Izaro norena den adieraziz. Eta zinegotziek ikurrina jarri zuten Izaroren tontorrean.  Suelto zebilen txakolina, ardoa, bakailaoa eta hegaluzea itsasontzi eta txalupetan!

 

2014ko teila diseinatu egin dute, ez da teila normal bat. Txuspo Poyok diseinatu du altzairuzko teila eta Bermeoko, Mundakako eta Elantxobeko itsasontzi-zatiekin osatuta dago. 

 

Izarotik bueltan Elantxobera! Bermeori ongi-etorria egin zion Elantxobek: herriko alkateak aginte-makila laga zion Bermeokoari. Aurreskua ere dantzatu zioten. Bazkaldu, eta arratsaldeko seiak aldera berriro itsasorako bidea hartu zuten. Oraingoan Bermeotarrak eta Elantxobekoak elkarrekin. Guztiak Mundakara! Alkate mundakarrak ere aginte-makila laga zion Bermeokoari. Handik gutxira itsasontzi eta txalupetan lekua zutenak berriro ere Bermeora joan ziren: ez da ideia txarra, Madalena jaiak baitira bertan. Kalejiran joan ziren kaitik Goiko Plazaraino. 


Itsasontziak eta txalupak jendez lepo

 

Denek nahi dute festa hau itsasotik gozatu. Eta ezin ba! Baina lehorretik ere goza daiteke. Onena eguerdirako Elantxobera joatea zen, eta arratsaldean autoz Mundakara joan ostean Bermeora hurbiltzea izan ohi da onena. Bada non ederto pasa egun hauetan!  

Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Berriemailea.- Bi kilo pasatxo eta Bermeoko teila baten moldearekin altzairuz egina. Ezaugarri horiexek ditu bihar Bermeoko Izaro irlaren parean itsasora botako duten teilak. Aurtengoa, Txuspo Poyo artistak eginiko obra da.
Teila elementu erreala izateaz gain, elementu sinbolikoa ere badela dio Poyok.
Izan ere, Bermeoko, Elantxobeko eta Mundakako itsasontzien puskekin dago eginda. Horrek badu esanahi bat. Itsasontziek hiru herriekin harreman zuzena dutelako dio.
Izaro izeneko proiektuaren adar bat baino ez da teilarena. Irla ardatz hartuta, lan ugari ari baita egiten. Helburua, bakarra: hiru herrien historia eta memoria argitan jartzea.
Poyoren esanetan, Izaro ez baita irla hutsa.

detalle2

Docuteca

B2
23-07-2014

x61pRelaContWAR

16345097
01:06

x61pViewCountWAR

5719

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR