detalle dokuteka-generico-fitxa

San Joan gaua

Gau eta egun berezia Europa osoko kulturetan, baita geurean ere.

16. zinta / 02:03:49

Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Inork idatzi izan du, udamuga edo udako solstizioarekin batera, sineskeria, magia zuri eta gizakiari ihes egiten dioten mitoen onarpena azaleratzen direla. Guzti hori, kasu honetan, ura, sua eta naturaren irudi guztietan islatzen da.
Euskal egutegi zaharrean ekaina garagarraren hila da, eta uztaila, berriz, gariaren hila edo garila. Europako nekazariaren bizitzan aspaldidanik bat egin izan dute udak eta uzta oparoak, baina baita lan gogorrak ere, noski.
San Joan Bataiatzailearen jaiegun bezperan, ekainaren 23an, sua piztu eta Euskal Herriko iturri asko garbitu eta txukuntzeko ohitura dago.

 
Onak barrura eta gaitzak kanpora!

Onak barrura eta gaitzak kanpora!

 

Ohiturak dioenez, San Joan suaren gainetik salto egiteak, kea arnasteak eta inguruan dantza egiteak hainbat gaitzengandik babesten omen du, sorginkeriak aldendu eta lapur zein animalia gaiztoak urrundu. Gainera, modu jakin batean salto egin ezkero, aurki ezkontzea ziurtatzen omen da.
Urak ere ukitu berezia du: Arabako Markinez eta Arluzean, eguzkia azaldu aurretik, gazteak garagar-zelaietan korrika abiatzen ziren goizeko ihintza biltzeko. Beste hainbat egiten zuten Aezkoa eta  Zaraitzuko ibarretan, urtebeterako osasuna ziurtatu nahian. Nafar Erriberan “sanjoanarse” deitzen diote jarduera honi. Agurainen, zaharrenak zelaian oinez ibiltzen ziren ihintza bilduz; hala, “San Joana” hartu egiten zuten, urte guztiko pereza eta alferkeria ekidin nahian.
Zenbait iturri jende askok bisitatzen ditu San Joan goizez. Horien artean ditugu Ziordiako “Ur bedeinkatua” izenekoa Nafarroan, Igantziko San Joan Iturri eta baita Beteluko Iturri Santu Dama Iturri.
Beteluko ura, gaur egun, edonon eros daiteke, eta seguruenik sendatzeko ahalmena erabat galduta izango duen arren, iturritik bertatik edateak badu xarma eta magiarik oraindik ere.
Emeterio Sorazu: Hor, eguzkiaren jaiera nagusia ospatzen zen, eta “gurekin geldi zaitez”,” ez dago ilunik”, “zurekin gaitz eta gaizkilea desagertzen dira”, “gaua moztu egiten da, eta motz horretan eguneko eguzkiak gaueko… esan dudan ihintza” eta horrelako ezaugarrien bidez, eguzkiak bedeinkatuta uzten ditu. Hori zen udarako ekialdia. Udarako ekialdi guzti hori, mendetan ospatu izan dena, izen batek hartu du, San Joanek: San Joan Iturriak, San Joan Ermitak… Pentsatu Gipuzkoan bertan San Joan izeneko elizak dauzkagula ehun eta laurogei bat.
A. Agirresorondo: Gazteak eta gainontzeko jendea iturrietara joaten zen, iturrietara joan eta egunsentira arte itxaroten zuen. Orduan, bainatu eta berriro etxera itzultzen ziren. Ohitura hau ia gerra aurrera arte mantendu izan da, baina ez zen noski  Elizaren gustukoa eta galaraztea agindu zuen.
Euskal Herrian zehar ermita asko dago, ondoan San Joan Iturri izeneko iturririk dutenak; bada bat Aranazen, Aian Iturriotzeko San Joan eta abar. Hala, iturri hauek kristautu egin dira, haien ondoan ermitak ipiniz.
Euskal Herrian kristautasuna nagusitu zenean Elizak udamugaren inguruko erritu eta sinesmenak eraldatu egin zituen San Joan Bataiatzailearenganako kultu eta mirespena ezarriz. San Joan izenaz kristautu nahi izan zen, beraz, eguzkiaren omenezko jai hau.
Bizkaiko zenbait herritan, Gorozika eta Zeanurin, adibidez, neskatilak San Joan urarekin garbitzen dira goizez, eta baita orraztu ere. Hala, ile ederra izango omen dute. Larraul eta Baztanen ere ohitura berdina zuten.
Zuhaitzak ere zeresan handia du udamugako ohitura eta errituetan. San Joaneko arbolak naturaren berritzea irudikatzen du. Herri askotan, herriko plazan edota Elizaren aurrean, makal bat ipintzen dute. Uzta babesteko modua omen da. San Joan bezperan hauxe izaten da gizonezkoen lana, arbola egokia dagoen lekuan bota eta ekartzea. Makala jartzen, berriz, herritar  gehienek hartuko dute parte. Makalak luze eta zuzena beharko du izan. Sanjuanetako arbola ohiturazkoa da Igantzin, Beran, Oiartzunen, Ataunen, Zegaman edota Aranako San Bizenten.
Sanjoanetako errituetan sua eta ura oso garrantzitsu dira, baina ez dira gutxiago egun horretan bildutako belar, lore eta landareak ere. San Joan egunez egunsentian horixe izaten da aurreneko zeregina, inguruko basora abiatzea. Ohitura hau oso zabalduta dago Euskal Herri osoan zehar. Egun horretan egindako lore-sortek babesteko ahalmena dutela uste da, batik bat arbola jakin batzuen adarrak San Joan egunez moztu eta etxe- zein soro-burutan ipini ezkero, urte guztirako babesa eskaintzen omen dute eta. Bedeinkatzen diren belar hauek belar onak izaten dira. Euskal Herrian zehar ohitura handia dago atean eguzki-loreak ipintzeko ere. Hala, etxea tximista eta izpiritu gaiztoengandik babestuta geratzen omen da. Beste zenbait lekutan, lizar edo elorriz egindako gurutzeak jartzen dira, eta baita gerezi- eta haritz-adarrak, uzta babestu nahian. Honela lortzen omen zen izurrite, ekaitz eta kazkabarra ekiditea uzten mesederako.

 

detalle2

Docuteca

B2
05-04-2001

x61pRelaContWAR

16340549
00:10:45

x61pViewCountWAR

8893

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR