detalle dokuteka-generico-fitxa

Hezkuntza hobetzeko klabea gizarteak du

Hezkuntzako katedradun ospetsu honek hezkuntza arloan duen iritzia ematen du: seme-alaben heziketa eta gurasoak, ikastetxea, familia, telebista, eskola-porrota, irakasleak, eskola- indarkeria, erlijioa, inmigrazioa...

José Luis Garrido, Hezkuntzako katedraduna

José Luis García Garrido Espainiako Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionaleko katedraduna da eta bertako Hezkuntza Fakultatean, Hezkuntza Konparatu eta Nazioartekoaren alorrean dihardu, irakaskuntzan eta ikerkuntzan.

 


Gure seme-alabak ongi hezita ote ditugu?


Lehenik eta behin ihardespen desdramatizatua eman beharko litzateke. Egun gurasoek seme-alaben hezkuntzari eskaintzen dioten arreta ezin da konparatu orain arteko beste ezeinekin; gurasoek, batez ere, jakin-min bizia agertzen dute orain baina, lehenago, eginkizun hori amaren, gizartearen eta ikastetxeen kontua zen, ez beste inorena. Konpromiso eta eskaintza handiago hori, dena den, beti ez doa bat egintzen gidaritza zuzenarekin. Gurasoen boterearen utzikeria gertatzen ari da.


Izenik hoberena duen erakundea familia da, ordea...


Hezkuntza gaietan, aldiz, familia bakar-bakarrik dago. Egun ingurunea deshezitzailea da, zeharo. Horren ondorioz, familia eta eskola eragile aktibo baziren ere, orain defentsibo huts bilakatu dira. Orduak eta orduak eskaintzen dizkiote jokamoldeak prebenitu, egokitu eta birgidatzeari. Hezkuntzaren hobekuntzaren klabea egun ez datza familian, ezta eskolan ere; klabe hori neska-mutikoa garatzen den ingurunea, gizartea hobetzean datza.


Zein faktorek sortarazten, eragiten dute ingurune hori? Telebistak, adibidez?


Gure gizarteak dituen faktore deshezitzaileetako bat telebista da, dudarik gabe, baina aldi berean ororen errudun omen da. Telebista pertsonek pizten dute eta bertako programazioa pertsonek erabakitzen dute, ezin ezar dezakegu karga oso hori ikus-entzunezkoen bizkarrean, horiek erakunde autonomo balira bezala. Beste alor askotan, arerioa desegitera bultzatzen duen gizarte oldarkorra agertzen dute, nola edo hala dirua erraz eskuratzeko modua eta aisialdia ikur dituen gizartea, hain zuzen.

Hamazortzi urte bete arte gaztetxoak ikusi dituen bortizkerien kopurua ikaragarria da: horrek adierazten digu garaien ezaugarria aldatu eta murgilduak gauzkan krisialditik irten behar dugula, ikaskuntza sustatuko duen eta ahalegina sarituko duen gizartera iristeko.

Gurasoak (eta gurasoekin batera, eskola) bakarrik daudela esan dugu, baina eskolak ezezko mezuak igorri beste irtenbiderik ez du: egin ihes drogei, ez eman egun osoa telebistara begira, kontuz esku telefonoarekiko morrontzarekin... Ezezko horiek gainditu eta baiezko alternatibak eskaini behar zaizkio gazteari.


Eskola porrotaz ari garela, Espainiako estatistikak Europar Batasuneko altuenetakoak dira: derrigorrezko ikasketak ez dituzte amaitzen hamar ikasletik ia hiruk eta, bestetik, Bigarren Mailako Gradua eskuratzen dutenen erdiek ikasgairen bat zintzilik utzi dute.


Eskola porrota kezkagarria ez ezik dramatikoa ere bada. Egun, ikasleak eskolatik at ez du bere burua sozializatzeko aukerarik. Eskolatik kanporatutako pertsona bizitza sozialean sartzeko baliabiderik gabe geratu da; espezializazio maila apala eskatzen duen lanbide batean hasteko ere eskolatik pasatu behar izan du, hara: munduan pobrezia zorroak hezkuntza gabeziarekin hertsiki lotuak daude, ez bakarrik garatu gabeko herrialdeetan. Mendebaldean bertan beste horrenbeste gertatzen da. Ikusitakoa gogoan, eskola zergatik ez zaien erakargarri gertatzen pentsatu eta ikasteko asmoak batuko dituen eskola erakargarria eratu behar dugu lehenbailehen.


Krisi hori irakasleak ere nozitzen du. Zergatik da irakasleena estres eta depresio gehien duen lanbide sektoreetako bat?


Lanbidean ederki aritzeko prestaturik dagoen arren, ikasi nahi ez duten ikasleak ez ezik, irakasleak jokamolde hori baimentzen duen sistema ere aurkituko duenez, hezkuntzan inplikaturik dagoen eta kolaboratzaile den profesionalaren angustia hori gure inguruko herrialde guztietan gertatzen ari da. Horrek irakaslearen motibazioa makaltzea, desagertzea ondorioztatzen du: hasi eta, handik tarte batera, sumindurik dago; ikastaroa igaro ahala, frustratua sentitzetik estresatuta bizitzera pasatu da.


Une hauetan puri-purian dagoen hezkuntza arazoetako bat eskolako biolentzia da. Nolako datuak dituzue?


1998an irakasleen %13k erasoak jasan zituzten. Portzentaje hori etengabe igotzen ari da. Eskolan arma zuriak sartzen ari dira. Erasoak geroz eta ugariago dira. Hitzezko erasoak ez ezik bestelakoak ere egiten zaizkie: automobileko gurpilak zulatu, amenazo fisikoak... Biolentzia horri beste ikasle batzuek nozitzen dutena ere gehitu behar zaio, eta, gainera, irakaslearengan ez dute aurkitzen babesik, hori ere amenazopean delako. Irtenbidea, berriro diot, balio sozialak aldatzean datza.


Erlijioaren irakaskuntza kentzearen aldekoa zara?


Ene ustez, eskolan erlijioa irakastea kultura osatzea da. Kultura guztiek erlijiozko erreferentziak dituztenez, horiek ikastea beharrezkoa da bestelako ezagutzetara iritsi ahal izateko. Ez naiz erlijioaren irakaskuntza katekistikoaren aldeko: elizen eta familien zeregina da hori. Baina erlijioak gizakia transzendentziarekin lotzen du eta, inor hezi edo doktrinatzeko asmorik gabe, haurrari irakatsi behar zaio sinesmen bakoitzak nolako konponbideak eskaintzen dituen.


Geroz eta inmigrazioaren agerpen handiagoa duen gizartearen isla ere bada eskola.


Ezinezkoa da eskola hiritar berriak komunitatean txertatzeko bide bakarra bihur dadin amestea. Baina eskola bakarrik uzten ari dira eginkizun horretan, elkarbizitza praktikatzeko espazio bakarra. Inmigranteari beste alor askotan ere egin behar zaio abegia. Nolanahi ere, kanpotarra txertatzean eskolak ere ahaleginak egin behar ditu, nahitaez, gazte horren eskolaratzea lortu ezean, marjinazioan bizitzera kondenatuko baitugu. Adiera horretan, auzoko herrietan gertaturiko akatsak ez errepikatzeko garaiz dabil Espainia oraino

 

*laburtua

detalle2

Docuteca

B2
26-04-2004

x61pRelaContWAR

  • Garrido , Jose Luis
16339607

x61pViewCountWAR

3503

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR