detalle dokuteka-generico-fitxa

Gau ikaragarria

Gizon bat zegoen berbetan, eta esan du ezin duela gehiago. Neskato bat agertzen zaiola bazterretan. Neska gazte bat, hamabost urte ingurukoa, zurbila eta kamisoiarekin jantzita.

JULEN GABIRIA /

Bat-batean esnatu egin naiz. Ez dakit norbaitek putz egin didan kokotean ala hotzikara bat igarri dudan bizkarrezurrean behera. Igual kaleko beroa izan da esnatu nauena. Gauez ere bero egiten du, hogei gradutik gora, eta ezin izaten dut lorik egin. Ez ondo, behintzat. Eta esnatu egin naiz, eta izerditan nengoen. Hanka bat mantapetik atera eta ohetik eskegita utzi dut, ia oinarekin lurra ukituz.

Irratia piztu dut gero. Irratiak xuxurlaka egiten dit berba lorik hartu ezin dudanean, eta galdu egiten naiz haren soinupean, eta lokartu. Baina, oraingoan, irratia piztu eta kontu arraroak esan dizkit. Gizon bat zegoen berbetan, eta esan du ezin duela gehiago. Neskato bat agertzen zaiola bazterretan. Neska gazte bat, hamabost urte ingurukoa, zurbila eta kamisoiarekin jantzita. Esate baterako, esan du kotxean doanean agertzen zaiola. Errepide bazterrean ikusten duela neskatoa, begira-begira, edozein ordu dela ere, gauez gehienetan. Edo kotxean sartu eta, erretrobisoretik begiratuta, atzeko aulkian topatzen duela neskatoaren begirada urdina, eta neskak zatoz esaten diola, zatoz, zatoz. Edo eskua jartzen diola sorbaldan, eta gero lausotu egiten dela, eta desagertu, kantutxo bat abestuz. Eta beti bakarrik dagoenean agertzen zaiola, eta zoratzeko puntuan dagoela.

Iruditu zait gaua hoztu egin dela, edo akaso nire odola izango zen, apurka-apurka izoztuz joan dena. Leihoko termometroak hogeitik gora markatzen zuen oraindik. Neska gazteak gaiztoak dira, pentsatu dut. Ezin da mundutik ibili jendea beldurtzen, begi handiekin eta kamisoiarekin gaueko ordu txikietan, zatoz, zatoz esaten. Ezin da. Eta buelta eman dut ohean, kokotean hotza sentitzen hasi naizelako, eta posizio epelagoa topatu nahian.

Neskato bat topatu dut ohearen beste aldean zutik, kamisoiarekin eta ile luzearekin, begiak zabal-zabalik. Isil- isilik, ohera sartu eta eskua jarri dit sorbaldan. Irratia amatatzeko esan dit, eta kasu egin diot. Zatoz, esan dit, eta kasu egin diot. Gau ikaragarria izan da.

detalle2

Docuteca

B2
31-05-2004

x61pRelaContWAR

  • Gabiria , Julen
16339532

x61pViewCountWAR

3880

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR