Dokuteka
Bakoitiak
Gizartea bikotekidea dutenentzat pentsatua dagoela esan ohi dit lagun batek, eta ez zaio arrazoirik falta: etxebizitza bat erosi ahal izateko ezinbestekoa da bikotekidea izatea, bidaia antolatuak merkeagoak dira bikotekidearekin joanez gero...
Gizartea bikotekidea dutenentzat pentsatua dagoela esan ohi dit lagun batek, eta ez zaio arrazoirik falta: etxebizitza bat erosi ahal izateko ezinbestekoa da bikotekidea izatea, bidaia antolatuak merkeagoak dira bikotekidearekin joanez gero, elikagaiak ez dira norbanakoentzat ontziratzen... Are gehiago, ez dakigu bakarrik bizitzen, eta kosta egiten zaigu tokietara bakarrik joatea: zinera, tabernara...
Dena den, gure gizartean gero eta gehiago dira bakoitiak, alegia beren bizitza bikote baten inguruan eraiki nahi ez dutenak. Bakarrik bizi nahi duen jendea da, baina ez da inondik ere jende bakartia —ez du bakartia izan nahi, behintzat—: beren bizitza sozial, sentimenduzkoa eta lanekoa aseak dituzte. Bakoitia gero eta gehiago zabaltzen ari den kontzeptua da. Horrela, bizitza ulertzeko era tradizionala —bikote tradizionalak— gutxiago dira egunetik egunera. Bikotekiderik ez edukitzea edo bikotekidea ez edukitzea hautatzea ez dago lehen bezala gaizki ikusia. Gauza gero eta arruntagoa da.
Dagoeneko enpresak ohartu dira horretaz; ohartu dira pertsona bakoitiek gainontzekoak baino gehiago kontsumitzen dutela. Norbanakoen erabilerarako produktuak ekoizten hasi dira, eta aisialdirako eskaintza bereziak antolatzen. Funtsean, bakarrik bizi direnentzat, baina bakarrik egon nahi ez dutenentzat formula komertzialen bila ari dira. Bakoitien klubak sortu dira. Alabaina, bakardade hautatua ez da komertziala oraindik.
