Dokuteka
Antisorgailuak, sexua eta abortua
Luis Elberdin sexologoak hainbat gai jorratuko ditu emango duen hitzaldian: antisorgailu berriak, biharamuneko pilulak, abortazteko erak, uste okerrak, etab.
Abortua eta antisorgailuak; berrikuntzak izeneko solasaldia egingo dute gaur 15:30ean Pasaiako Udal Euskaltegian. Luis Elberdinek hitz egingo du; Donostiako Askabide Sexu Osasun Klinikako sexologoa da bera. Alde batetik, azken urteetan agertu diren antisorgailu berriei buruz hitz egingo du; baina, bestalde, jendeak galderak egiteko aukera izango du.
"Pildora edo kondoia zer diren eta beraien erabilera azaltzen hasi beharrean, azken urteetako berrikuntzei buruz ariko naiz", esan dio BERRIAri Elberdin sexologoak. Haurdun ez gelditzeko prebentzioari buruz hitz egiten hasiko da. Antisorgailuen kasuan, aurrerapen handienak metodo hormonaletan eman direla dio: "Lau mota ditugu egun: betiko pilula, partxeak, eraztun baginala eta DIU hormonala". Partxeak eta eraztun baginala hilero aldatu behar dira; DIUaren kasuan, berriz, orain mota berriak agertu dira, eraginkorragoak". Antisorgailu bakoitzaren xehetasunak emango ditu sexologoak.
Baina dagoeneko arazoak izan badituzte zer egin daitekeen gomendatuko du. Sexu harremanak izan eta berehala konturatuz gero, biharamuneko pilula hartu behar da. "Biharamuneko pilula asko aldatu. Orain urte batzuk bi orduro hartu behar ziren; gainera, estomagoarentzat oso indartsuak ziren. Egun, bi pilula bakarrik hartzen dira, eraginkorragoak dira eta ez dituzte hainbeste ondorio kaltegarri".
Haurdunaldia baieztatu bada, eta bikoteak ez badu aurrera jarraitu nahi, abortatzeko bi aukera dituzte. Ohikoena haurdunaldia harnasketa bidez etetea da; horretarako ebakuntza kirurgikoa egin behar da. Lehenengo 12 asteetan errazagoa izaten da. Sexologoaren hitzetan, orain dela hiru urtetik badago beste aukera bat ere: "Farmakologia abortua kirofanotik pasatu gabe egiten da. Bi botika mota hartzen dira; lehenengo haurdunaldia eteteko; gero, handik 48 ordura, kanporatzeko". Baina haurdunaldia modu horretara eteteko, azken hilekoa izan zuenetik ezin dira sei aste baino gehiago pasatu.
Sinesmen okerren ondorioak
Gaur egun, sinesmen okerrek eragiten dituztela nahigabeko haurdunaldi gehienak dio Askabide klinikako adituak. "Atzera egitea haurdun ez geratzeko baliagarria dela pentsatzen du jende askok. Hilekoaren zikloaren hainbat egunetan ez dagoela arriskurik uste dute beste batzuek. Baina hori ez da horrela, edozein momentutan gera daiteke haurdun. Haurdunaldiak etetera etortzen direnen artean, %4ri bakarrik huts egin diete antisorgailuek. Gainerakoek ez dute inongo neurririk hartu". Gainera, jende askok zorte txarragatik gelditu direla haurdun uste dute. Horren erakusle Elberdinek eman duen datua: haurdunaldia eteten duten emakumeen %30 berriz abortatzera itzultzen da.
