detalle dokuteka-generico-fitxa

Gorbeiako Gurutzea, euskal mendizaletasunaren ikur kristaua

Euskal Herriko ingururik ikusgarrienetakoa da Gorbeialdea. Araba eta Bizkaia artean dago, eta bertako mendirik altuena Gorbeiagane da (1482 m), Bizkaiko garaiena. Gorbeiako Gurutzeak tente-tente eusten die tontorrean negu gogorrei, Gorbeialdeko altxor ezagunenetarikoa da.

Mende bateko baino gehiagoko historia du Gorbeiako Gurutzeak, zaila da, beraz, gaur egun gure artean, Gurutzea zelan eraiki zuten bertatik bertara ikusi zuen norbait topatzea. Nolanahi ere, hainbat eta hainbat argitalpen daude Gurutzearen historia kontatzen dutenak, eta horietariko asko hasiera-hasierako urteetakoak dira, hau da, XIX eta XX. mende artekoak. Baina zer dela eta eraiki zen Gorbeiaganen halako gurutzetzarra?

Lehenengo Gurutzea

Gorbeiako Gurutzea eraikitzeko lehen lanak XIX. mendean hasi ziren. Mende berria hastera zihoala eta, Leon XIII.a aita santuak kristau-herri guztiari Jesukristo Salbatzaileari gorazarre egiteko deialdia egin zien. Hortaz, herrietan batzordeak sortu ziren eta hainbat ekimen bultzatu zituzten, adibidez, mendi ospetsuenean gailurrean gurutzeak altxatzea, fede ekintza handi bezala. Gurutzeok, gainera, handiak izan behar zuten, Aita Santuak zioenez, inguruetako herri guztietatik ikusteko modukoak, herritarrek gurutzeari eskaintza egin ahal izateko.
Gorbeiako Gurutzearen bultzatzaile nagusienetakoa Juan Bartolome de Alcibar Zeanuriko parrokoa izan zen.

899. urtean batzorde bat eraiki zuen, Jose Maria de Urratxa Zigoitiko artzapeza izendatu zuen presidente eta Gorbeiaren tontorrean gurutze bat eraikitzea erabaki zuten. Casto de Zabala Elorrioko arkitektoaren proiektua hartu zuten Gurutzea eraikitzeko oinarri, eta lanetako gastuak hainbat eta hainbat herritarren diru-laguntzei esker ordaindu ziren. Nolanahi ere, Bizkaiko Foru Aldundia izan zen dirurik gehien eman zuena, 10.000 pezeta, aurrekontuaren bostena, alegia. Zuiako Udalak ere dirutza handia eman zuen, 1.000 pezeta; Urkijo Laudioko markesak beste 1.000 pezeta; Zeanuriko Udalak 500 pezeta; Orozkokoak 250 pezeta eta Areatzakoak 125 pezeta. Bizkaiko Gotzainak 100 pezeta eman zituen eta Uribe Zeanuriko auzoko herritarrek 50,20 pezeta.

Halere, Gorbeiako Gurutzea eraikitzeko lanek espero baino luzeagoak izan ziren, eguraldi txarrak ez baitzuen lagundu Gurutzea aurretik ezarritako epeen barruan bukatzen. Leon XIII.a aita santuak agindutakoari jarraituz, Gorbeiako Gurutzea 1900.ean inauguratu nahi zuten, baina ez zen posible izan 1901eko uztailaren 16ra arte. Egun horretan jarri zen Gurutzeko lehen harria eta handik lau hilera, 1901eko azaroaren 12an, bedeinkatu zuten.

Sekula mendi batean egon den Gurutzerik handiena da

Lehenengo gurutzea Lutxanan, Serapio Goikoetxearen lantegian egin zuten, eta 33 metroko altuera zeukan, hil zenean Jesukristok zeukan adina, eta 13.000 kilo pisatzen zuen. Burdinaz egin zuten, horixe zelako garai hartan herrialdeko aberastasunik handiena. Materialak iparraldeko trenbidetik igorri zituzten lantegitik Izarrara, han amaitzen baitzen burdinbide garraioa. Eraikuntza pisutsuaren atalak, bestalde, Zarate herriko bizilagunek igo zituzten Gorbeiara. Idiekin eta gurdiekin egin zuten Gorbeian gora, eta igo eta jaisteko 15 ordu behar izan zituzten.

Proiektua itzela zen. Egiturak 14,5 metroko beso luzeak zeuzkan eta horietan lau plaka jarri zituzten. Sekula mendi batean ezarritako gurutzerik handiena zen Gorbeiako lehenengo gurutzea.

Inauguratu eta hilabetera, ostera, Gorbeiako tontorretan ohikoa den haizete handi batek bota egin zuen Gurutzea. 6 metro besterik ez zen zutik geratu, Bizkaia aldeko ezkerreko oinarria, "Aldamineko hanka" deitzen zaiona.

Handik aurrerako lanak ere ez ziren errazak izan. Ekaitzek gogor astintzen dute Gorbeiako tontorra eta, euskal mendizaletasunaren ikur garrantzitsuenetakoa bihurtu den gurutzea, gaur egun, dotore-dotore ageri bada ere, XX. mendean ahalegin handiak izan dira Gurutzeari tinko eusteko.

Gaur egungo Gurutzea

Aurreko porrotak kontuan izanik, hirugarren proiektuan askoz egitura txikiagoa egitea erabaki zuten, eta, hortaz, lehenengo gurutzeak 33 metro eta bigarrenak 23 metro izan bazituzten ere, hirugarrena 17 metro besterik ez zuten altxatu. Zorrotzako lantegi batean egin zuten, Eiffel Dorrearen egiturari jarraituz.

Egun, Gorbeiako Gurutzeak metalezko oinarri karratua dauka, alde banatan 5 metro. Bi oin Bizkaian daude (iparraldekoa eta ekialdekoa) eta beste bi Araban (hegoaldekoa eta mendebaldekoa). Hankok hormigoizko zapatatan daude sartuta, korrosiorik izan ez dezaten. Goialdean, gurutze latindarra dago, eta haren azpian sugarra, oinetarantz begira duela, munduko argiaren ikur balitz bezala. Erdian, Jesukristoren gurutzea dauka Gorbeiaganeko eraikuntzak.

Begoñako Ama Birjiña gurutzearen zaindari

1.962. urte bukaera aldera, Club Deportivo Baskonia Basauriko mendi taldeak, taldearen sorreraren 50. urteurrena ospatu nahian, ekitaldi berezi eta garrantzitsua egin zuen. Hortaz, Larrea eskultoreari Ama Birjinaren irudi bat egitea eskatu zioten; 60 cm-ko altuera zeukan eta 40 kg pisatzen zuen. Lan hori egitea 6.000 pezeta kostatu zen; eta 600 kg harri eta 30 kg metalezko armadura behar izan ziren. 1963ko ekainaren 18an, hainbat boluntariok material guztia Gorbeiaganera igo zuten, Ama Birjina bertan ezartzeko. Ama Birjina bera Juan Astondoa artzainak igo zuen bezperan, lepoan, Egiriñaotik tontorretaraino.

Lehenengo eskultura hura 1966ra arte egon zen zutik, ezezagun batzuek Ama Birjinaren burua apurtu zioten arte. Albiste hori jakin zenean, hainbat jendek dirua eman zuen, Begoñako Andre Mariaren irudia eraikitzeko. Bigarren eskultura hori, 1967ko ekainaren 25ean inauguratu zen, Gorbeiganen aurreko egunean jarri bazen ere. Bi mila lagun inguru batu ziren Gorbeiako Gurutzearen inguruan, Ama Birjinaren irudi berria inauguratzeko.

x61pRelaContWAR

Te interesa



detalle2

Docuteca

B2
10-02-2005

x61pRelaContWAR

16338898

x61pViewCountWAR

4187

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR