Dokuteka
Mendekua
Antza denez, Frantzian askok beren bikote ohia biluzik agertzen deneko argazkia interneten zintzilikatzen dute. Baina iruditzen zait inoiz maitatu izan duzun hori publikoki saltzea benetan miserablea dela.
Iragarki bat ikusi nuen behin eta grazia egin zidan. Honela zioen: «Zure neska/mutil-lagun ohia mendekatu nahi al duzu? Sal itzazu bere opariak!». Grazia egin zidan eta mendekua hartzeko modu polita izan daitekeela pentsatu nuen. «Tira, berak demaseko ilusioarekin oparitu eta nik gorroto nuen alkandora salduko dut euro baten truke». Mendeku «arina», maliziarik gabekoa, irribarre txikia marrazten duena ezpainetan. Salerosketa enpresa baten iragarkia zen hura. Eta mendekuak ere marketing-a egiteko balio duela pentsatu nuen. Batez ere maitasunarekin zerikusia duten mendekuak direnean.
Ez da gauza berria amodiotik gorrotora dagoen muga oso txikia dela esatea. Bizitzan zehar behin baino gehiagotan sentitu izan dugu guztiok gorroto antzekoa, minak edo saminak eragindako ziztadatxoa bihotzean. Gustuko dugun horrek kasurik ez digula egiten ikusten dugunean, edo beste batekin maitemindu dela esaten digunean, edo adarrak jartzen dizkigutenean. Horrelakoetan munduan diren gaiztakeria guztiak pasatzen zaizkizu burutik eta horietako bat zuri min egin dizun horren kontra jaurtikiko zenuke gustura. Pentsatu izan ditugun gauzak dira, baina egin, gutxitan egiten direnak.
Horregatik harritu nau Frantzian oso modan jarri den mendeku batek. Antza denez, askok beren bikote ohia biluzik agertzen deneko argazkia interneten zintzilikatzen dute. Gorputz biluzia edonoren eskura eta edozeinen begien aurrean. Eta, benetan, horrek bai ez didala graziarik egin. Eta ez puritanismo kontu bategatik. Baina iruditzen zait inoiz maitatu izan duzun hori publikoki saltzea benetan miserablea dela. Inor ez baita ezeren jabe, ez sentimenduen jabe eta ezta gorputzaren jabe ere. Inor inoren gatibu ez den bezala.
