Dokuteka
1986tik hona 400.000 pertsonatik gora ibili dira euskaltegietan
Euskal Herrian 154 euskaltegi ditugu, eta bertatik pasatu diren euskaldun berriei esker ez balitz, non legoke euskara?
Tribuaren berbak saioko tarte honetan, euskaldun berriei monumentua eskaini beharko litzaiekeela defendatuko du Kike Amonarrizek.
Kike Amonarriz.- Bi motatako monumentuak daudela esatera ausartuko nintzateke: denok ezagutzen ditugunak, hau da, inolako aurkezpen beharrik ez dutenak eta horren ezagunak ez direnak, nahiz eta ezagunak izateko merituak izan badituzten.
Ezagunak izan edo ez, ia lanbide guztiek dute beren monumentua: arrantzaleek, musikariek, meatzariek, baita garbitzaileek ere.
Bestalde, biribilguneetan ipintzen diren monumentuek kategoria berezia osatzen dute: politak, itsusiak, nork daki? Kuriosoak behintzat bai.
Hau horrela izanik, nola liteke euskaldun berriei eskainitako monumenturik inon aurkitu ez izana?
Ez al dute, ba, merezi? Non legoke euskara jende guzti honek egindako ahalegina gabe? Galdera asko eta erantzun gutxi.
Ba al zenekiten Euskal Herrian 154 euskaltegi ditugula? Eta joan den ikasturtean 38.000 pertsona baino gehiago matrikulatu zirela berauetan?
Bada, entzun ondo hurrengo datuak: 1986tik hona 400.000 pertsona baino gehiago, 400.000 baino gehiago matrikulatu dira euskaltegietan.
Hizkuntza berri bat ikasteko motibazio handia behar da, baina gaurko euskaldun berriak ez dira erronka honi heldu dioten lehenengoak.
Horren adibide dugu Esteve Materre, XVI. mendeko apaiz frantziskotarra.
Euskaldun berria izan arren, euskaraz argitaratutako hirugarren liburua idatzi zuen, Dotrina Christiana.
