detalle dokuteka-generico-fitxa

Birziklatzerakoan izaten ditugun zalantzak

Zorionez gero eta gehiago birziklatzen dugu, baina, tarteka, zalantzak izaten ditugu. Esaterako, nora bota behar ditut jogurt-potoak?, eta plastikozko laranja-sareak?, eta aluminiozko paperarekin, zer egin behar da?

Zalantzak horiek argitu nahian, aditu bati egin dizkiote galderak Euskadi Irratiko Mezularia saioan.

Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

SARRERA: Birziklatzea. Ez da kontu berria, baina tarteka buruhauste dezente ematen dizkigu. Etxe askotan zalantza ugari sortzen dira: nora bota behar ditut jogurt-potoak?, eta plastikozko laranja-sareak?, eta aluminiozko paperarekin, adibidez, zer egin?

ESATARIA 1: Has gaitezen. Ea, Haritz, disparatu.

ESATARIA 2: Jogurtaren tapak. Horiek plastikoak dira, edukiontzia dira edo?

INGURUMEN-TEKNIKARIA, Enrike Enparantza: Bai, jogurtaren tapa ontzia da, jogurt-gorputza bezala, eta biak batera botatzen dira horira, bai.

ESATARIA 2: Eta mermelada-potea denean, tapa ere bai?

TEKNIKARIA: Mermelada-potea beirazkoa bada, beira botako dugu berdera, eta tapa metalikoa izaten denez normalean, hori botako dugu horira. Bueno, norbaitek botatzen badu berdera, ez dago problemarik, ze han gero iman bat edukitzen dute eta erraza da kentzea, ez dago arazorik, baina, berez, horira bota beharko litzateke.


ESATARIA 3: Ondo garbituta bota behar dira? Jogurt-potoak eta mermelada-potoak eta...

TEKNIKARIA: Batek esaten zidan ez bagenuen garbitzen ez zela ondo birziklatzen, ez. Bueno, hori ez da horrela, ze ez dago garbitu beharrik, baina etxean denbora batez eduki behar baduzu, ba, gomendatzen da.

ESATARIA 2: Hausten zaigu botila bat. Kristal-hondar horiek nola bota behar ditugu?

ESATARIA 1: Alegia, hautsitako edalontzi bat non arraio bota behar da; ze batzuek esaten dute ezetz, ezetz, hori ez dela berdera bota behar.

TEKNIKARIA: Bai, hori esaten dute, bai. Bueno, kopa bat edo edalontzi bat… Ez da bota behar berdera, hau zaborretara bota behar da.

ESATARIA 1: Beste kontu bat hemen, jende askori entzun diogu galdera: atzean gero norbait dago?

TEKNIKARIA: Bueno, birziklatze-plantetan beti egoten da ez teknikari bat, baina bai egoten dela teknologia, ahal den neurrian gaizki dauden gauzak horiek kentzeko.

ESATARIA 1: Ze, imana aipatu duzu… Horregatik, ba…

TEKNIKARIA: Bai, bai. Adibidez, metalezkoak diren gauzak kentzea oso erraza da; beste batzuk, aldiz, ez.

ESATARIA 3: Eta kristalezko gauzekin segituta, bonbilla bat edo koloniaren potoa?

TEKNIKARIA: Ez. Zuek kontuan eduki kontenedore berdera botatzen dugunarekin botilak egiten direla, eta orduan beira bota behar da. Bonbilla bat ez, ze metala dauka, barruko filamentuak… Ispilu bat, adibidez, ez da bota behar, atzeko aldean daukan beste tratamendu ilun horregatik.

ESATARIA 2: Plastikozko sarea, adibidez, hori askotan izaten dugun zalantza da.

TEKNIKARIA: Bueno, bale. Edukiontzi horira bota daitezke ontziak diren guztiak. Ba, zerbait merkaturatzeko erabili den bilgarri hori edo ontzi hori horra bota daiteke, adibidez, laranja-sarea ere horra bota daiteke.

ESATARIA 3: Espraiak, laka edo aerosolak?

TEKNIKARIA: Bai, horiek ere horira. Horiek ere lata guztiak bezala ontzi arinak dira.

ESATARIA 1: Aizu, eta zer arraio gertatzen da paperezko zerbilletekin?

TEKNIKARIA: Paperezko zerbilletak, bueno. Aber, papera da eta normalena da urdinera botatzea. Orain badago jendea organikora botatzen duena. Adibidez, garbitzen ditugu ezpainak, edo zartagin bateko olioa, eta hori paper zikina da, baina olioa nola naturala den, organikora bota daiteke.

ESATARIA 2: Eta paper hori sikatzeko erabili badugu, eta zertxobait bustita badago?

TEKNIKARIA: Ba, ez dago arazorik, urdinera bota daiteke. Ezin dena bota da paper zikina; adibidez, arrandegiko paper zikina, edo odolarekin baldin badago-edo, hori komeni da ez botatzea, hori errefusera botako genuke. Baina papera, normalean, nahiz eta bustita egon urdinera bota daiteke.

ESATARIA 3: Eta gero badago beste paper bat, erdi plastifikatua izaten dena, harategietan eta ematen dutena, hori nora doa?

TEKNIKARIA: Badago jendea plastiko hori kendu egiten diona; plastikoa kentzen du alde batetik, papera bestetik eta bakoitza bere edukiontzira botatzen du. Dena den, hori eskatzea igual gehiegi da, urdinera botako genuke.

ESATARIA 1: Supermerkatuan. Zerbait erosi dugu, lehendabizi kortxozko bandeja tipo hori, poliespana, hori?

TEKNIKARIA: Ez dago zalantzarik, hori horira bota daiteke, bai.

ESATARIA 1: Hori ere ontzia.

TEKNIKARIA: Hori ere ontzia da. Urdaitegiko gauzak gordetzeko erabili da, eta, bueno, ontzi bat da.

ESATARIA 3: Eta jantziak edo arropak, zaharrak?

TEKNIKARIA: Botatzen dugu arropen edukiontzira, gurean zuria da…

ESATARIA 3: Baina zulatutako galtzerdi batzuk, ja inork erabiliko ez dituenak.

TEKNIKARIA: Aurreratzen dizut horrekin ez dela ezer egingo, hori zabortegira bueltatuko da, baina, bueno, zalantza badaukazu hara bota eta gero beraiek ikusiko dute aprobetxatu daitekeen edo ez.

ESATARIA 1: Kortxoa?

TEKNIKARIA: Kortxoa. Kortxo naturala, bai, hori konpost bihurtzen da. Halere, badaude orain kortxo batzuk…
 
ESATARIA 1: Bai, plastikozkoak…

TEKNIKARIA: Bai, errefusera, bai.

ESATARIA 1: Trapu zaharrak?

TEKNIKARIA: Bai, trapu zaharrak errefusera.

ESATARIA 1: Zapata zaharrak?

TEKNIKARIA: Baita ere.

ESATARIA 1: Arrautzen kartoia?

TEKNIKARIA: Kartoia da, beraz, urdinera.

ESATARIA 1: Ez dago zalantzarik. Konpresak?

TEKNIKARIA: Konpresak errefusera. Eta umeen fardelak eta holakoak ere bai. Eta, bueno, ez dakit…

ESATARIA 1: Preserbatiboak?

TEKNIKARIA: Preserbatiboak ere errefusera.

ESATARIA 3: Zilarrezko papera?

TEKNIKARIA: Zilarrezko papera da asko galdetzen diguten gauza bat. Bueno, bilgarri bezala erabiltzen da, aluminioa da eta hori ontzietara bota daiteke.

ESATARIA 3: Baina zikinduta badago, labean erabili dugulako eta…?

TEKNIKARIA: Bale. Zikina baldin badago, igual errefusera.

ESATARIA 1: Ez dakit, produktuak egiten dituen industriak markaren bat jarri beharko lukete.

TEKNIKARIA: Ba, begira. Katalunian sortu den eztabaida honekin gauza bat ona atera da, eta izan zen zerbait saltzen dutenen etiketan jarri dezala kolore bat, borobiltxo bat, esanez horira, urdinera edo nora bota behar den.

ESATARIA 1: Denontzat askoz lagungarriagoa izango litzateke.

TEKNIKARIA: Bai, bai. Egia esan, ba… Bueno, ez da hain konplikatua % 80-90 jakiten dugu nora bota, baina, bai, beti gelditzen dira holako elementu gutxi batzuk; baina egia da zalantza asko sortzen digutela.

ESATARIA 1: Beti daude zalantzak hemen, Enrike.

TEKNIKARIA: Bueno, gelditu behar dena da horrekin: birziklatzea ez dela konplikatu behar den gauza. Azkenean, gehiena badakigula nora eraman eta gauza txiki horiekin, bueno, zalantza baldin badaukagu, edukiontzira, birziklatzera bota.

detalle2

Docuteca

B2
21-02-2013

x61pRelaContWAR

16287268
00:06:31

x61pViewCountWAR

7890

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR