Santu guztiak

Herenegun Santu guztien eguna. Urtemuga jendetsua beraz, milioika eta milioika behar dute izan-eta hildakoak mundua mundu denez geroztik. Festa tristearen aitzakian, heriotzari buruzko hausnarketak plazaratu dira han eta hemen.

Heriotza naturala guztiz naturala izaki, ez omen dugu oraindik hiltzen ikasi. Mendebaldean batik bat. Ez omen dakigu ongi hiltzen, edo behar bezala hiltzen, eta, askotan, osorik hiltzen omen gara, arima eta guzti ahitzen dugularik. Ez dakigu, era berean, heriotzari buruz natural hitz egiten, futbolaz edo burtsaz hitz egiten dugun bezala, eta, gauzak horrela, une ezinbestekoa iristen denean, ez dakigu heriotzari adarretatik eusten.

Beste mundurako bidaia, pentsatzekoa da, ez da beraz behar lukeen bezain gozagarria gertatzen, eta gozamen abailatsua zorabio huts bihurtzen da, eta akaso desintegrazio erabateko ere bai. Heriotza, jaiotza edo gaixotasuna bezain naturala izaki, ezin dugu ameto egin geure buruak ez ditugula geuk guztiz eta nahierara kontrolatzen. Amorrua ematen du hiltzeak, hori da zendu gehienek pentsatzen dutena.

Umeei hitz egin behar zaie heriotzaz, metafora edo ipuinen bitartez, subliminalki eta goxo; jakin egin behar dute ez garela betiko, eta hiltzen garenean orduan bai lortuko dugula hilezkortasuna eta betikotasuna zeruko erreinuan. Eta esan egin behar zaie, era berean, gurasoak ere hil egingo garela, heriotzaren kasuan ez baitago trikimailu posiblerik, baina psikologoek-eta ezarri dituzten dolu, inpaktu, haserre, oinaze eta abarren bitartez arindu ahal izango dutela gure galketak ekarriko dien ondoez txikitzailea.

Eta mekanismo horiek guztiek ezin badute, herentzia ere hor dagoela jakin behar dute, lagungarri pollit gisa.


B2
03-11-2006
16280526
3713